Bloga

II. Errepublikaren Aldarria Getarian

1931ko
apirilaren 14ean II. Errepublika aldarrikatu zen Espainian. Apirilaren
12an egindako hauteskundetan eskatutako aldaketa politikoa izan zen
hura; Alfontso XIII. boteretik kendu eta monarkiarik gabeko gobernu
baten hasiera ekarri zuena. Baina nola bizi izan zen aldaketa hau
Getarian? Zer gertatu zen herrian hauteskunde horietan?

Gobernu aldaketa ekarri zuten hauteskundeak apirilaren 12an izan
ziren arren, hilabete horretako 18. egunean aurreko udalbatzak
jarraitzen zuen Getarian. Udal-akta liburutan irakur daitekeenez,
udalbatza berria osatzeko arazoak izan zituzten. Udal gobernu berria
osatu behar zuten zinegotziak hautatzeko garaian, bi hautetsien arteko
boto berdinketa gertatu zen; Isidoro Txueka eta Primitivo Urbietaren
artean hain zuzen ere.

Apirilaren 18an, Gobernadore Zibilaren agindua jaso ondoren, aurreko
udalbatzako kideak eta hauteskundetan hautatutako zinegotzi berriak,
udalbatza berria osatzeko bildu ziren. Lehenengo zeregina, ordea,
Isidoro eta Primitivoren arteko boto berdinketa konpontzea izan zen.
Tartean inolako interes pertsonalik egon ez zedin, zozketa bidez apurtu
zuten berdinketa. Danbor batean 1 eta 2 zenbakia zuten bolatxo bana
sartu zituzten eta beste danbor batean bi hautagaien izena zeramaten
beste bolatxo bana. 1 zenbakia zuen bolatxoarekin batera ateratzen zen
izena behin betiko zinegotzi bilakatuko zen. Egun hartan, 1 zenbakia
Primitivori egokitu zitzaion.

Boto berdinketa atzean utzita, aurreko udalbatza osatzen zuten
zinegotziek aretoa utzi eta zinegotzi berrien kargu-hartzea egin zen.
Alkatea, lehen eta bigarren alkateordeak eta sindikoa hautatzeko
bozketa egin ondoren, horrela geratu zen Getariako udalbatza
errepublikanoa:

  • Alkatea: Antonio Alegria Lasa

  • Lehen alkateordea: Fructuoso Arregi Leizaola

  • Bigarren alkateordea: Cecilio Idiakez Indo

  • Sindikoa: Sebastian Iribar Ulazia

  • 1. Zinegotzia: Genaro Basterretxea Santa Maria

  • 2. Zinegotzia: Jose Isasti Azpeitia

  • 3. Zinegotzia: Julian Ulazia Unanue

  • 4. Zinegotzia: Julian LarraƱaga Aranburu

  • 5. Zinegotzia: Primitivo Urbieta Embil

Errepublikaren aldarriarekin batera, Autonomia Estatutuaren aldeko
mugimenduak hasiak ziren Euskal Herrian. Mugimendu horiekin bat egin
nahian, Getariako alkate berriak, II. Errepublikako behin behineko
gobernuari Euskal Errepublika konfederatua onartzeko eskaera egitea
proposatu zuen. Gainontzeko batzarkideen oniritzia bilatzen zuen
proposamena izan zen, baina Espainiako Errepublika babesteko unea zela
iritzi zuen udalbatza berriaren gehiengoak momentu hartan.

Oihana Artetxe