Artxiboak

Ijitoen dantza

Ez da txikikeria ondorengo lerroetan komentatuko dugun testua 1611ko Errenteriako akta batean topatzea, Madalena jai egunaren ospakizunen ildotik. Orduan bi dantza egitea adosten da, horien artean ijitoena bat delarik. Herriko ohitura zen gazteak dantzan jartzea Madalenari ohore eginez, 1599, 1603 edota 1611 urteetan topatutako aipamenek ondo jasotzen duten bezala.

Ikus dezagun, hitzez hitz, topatu dugun testuak zer dioen:

“…y para que la dicha deboçión baya en aumento, acordaron que su día, dende la víspera, se hagan dos danças: la una de libreas, conforme con sus mudanças e ystrumentos y dichos en alabança de la Santa, y la otra el propio día de gitanos”.

Idazkera nahiko zalantzagarria da; izan ere, ez da oso argi geratzen “ijitoena” zer den, dantza bat ala egun bat. Horregatik, eta modu okerrean interpreta daitekeelako, eskribauaren ohar korapilatsua bere benetako esanahia emanez berridatzi dugu, dagokion lekuan komak gehituz:

“… y la otra, el propio día, de gitanos”.

“Ijitoen dantza” hau gazteek irudikatuko zuten maskarada baten bidez, Ziburuko Kaskarotsen antzera, edo agian XV. mendean penintsulara heldu ziren ijitoak izan zitezken herriko jaietan dantzatzen zutenak. Hala ikus daiteke Bizkaiko hainbat herritako kontu liburuetan, 1559, 1566 eta 1570 urteetan zehar. Bertan, ijitoei egindako ordainketak aipatzen dira. Arrazoia: gitanos que delante del Santísimo hicieron ciertas danzas e vueltas e regocijos.

Edonola ere, beti pozgarria da Ijito Herriaren historia ikertzen dugunontzat, izaera legegile edota prozesala duten testuez gain, Aro Berrikoak diren eta beste natura edo ezaugarriak dituzten aipamenak topatzea.

Hala ere, herriko jai nagusietan ijitoei dantza egiten uzten bazitzaien, XVI. mendean Batzar Nagusiek Gipuzkoan sarrera debekatzen zieten bitartean, ondorengo abesti honen letra beteko litzateke:

“Cuando llegan los días señalaitos,
hay muchos gachositos que son gitanos,
visten gitanos, cantan casi gitano,
y juran que su abuelo fue gitano.

Cuando pasan los días señalaítos,
Los mismos gachositos cazan gitano, muerden gitano…”.

David Martín Sánchez