Artxiboak

Industriaren aztarnak jarraituz

Villabonako herritik paseatzen dugunean eta inguruan arreta jartzen dugunean, segituan datorkigu burura bertan industriak eduki duen garrantzia, izan ere, herri honen ondare industriala handia da.

Honaino industria nola iritsi zen jakiteko, urte batzuk atzera egin behar dugu, XVIII. mendera arte. Garai horretan eman zen Industria Iraultza Europan, Ingalaterran hasi zelarik eta aldaketa sakonak eragin zituelarik gizartearen eta biztanleen bizitzako arlo guztietan. Irletatik, industriak kontinentera salto egin eta Frantziatik pasa ostean Espainiara iritsi zen, Madrilera, Kataluniara, Asturiasera eta Euskal Herrira. Hemen, Bizkaia eta Gipuzkoa izan ziren prozesu honetan murgildu ziren lehenengoak.

Enpresa industrialak agertu aurretik, nekazaritza zen Villabonako ekonomiaren oinarri eta horren adierazle diren dokumentuak badauzkagu artxiboan, gai honen inguruko datu oso zehatzez bete beharreko galdeketak gordetzen baitira bertan, XIX. mende hasierakoak gehienak. Baina geografikoki, leku estrategikoan dago kokatuta Villabona, Oria ibaiaren ertzean, eta horrek erakargarri bihurtu zuen industriarako. Horrela, Euskal Herriko beste zonalde batzuetan metalurgia garatu zen bitartean, Villabonan eta Oria ibaiaren ertzetan kokatuta dauden beste herri batzuetan, paper fabrikak eta ehungintza fabrikak agertu ziren, hau da, ibaietako ura behar zutenak indar eragile. Gauzak horrela, XIX. mendearen bigarren erdialdean eraikita zeuden herriko lantegi garrantzitsuenetako bi: La Salvadora papertegia eta Subijana enpresa, Silva anaien estanpatuen lantegi bezala sortu zena. Hauekin batera ordea, beste industria txikiago batzuk ere bazeuden, arropa zuria egiten zuen Achaga tailerra adibide.

Aipatu bezala, industria hauen zabaltzeak eragin handia eduki zuen gizartean eta Europako eta Espainiako beste toki batzuetan gertatu zen bezala, hemen ere gizarte gatazkak agertu ziren lantegietako langileen eta nagusien arten. Horien inguruko informazioa Artxiboko dokumentu desberdinetatik jaso dezakegu. Esanguratsuenetako bat La Salvadoran gertaturikoa izango da XX. mende hasieran. 1904 urteko martxoan asteko derrigorrezko atsedenaldia igandetan ezartzen zuen Errege Agindua argitaratu zen. Agindu horrek langile guztiek (bai lantegietan lan egiten zutenek eta baita norberaren kontura lan egiten zutenek) igandetan jai egin behar zutela zioen, baino salbuespen batzuekin. Hauen artean, ur-indarrez mugitutako makinak erabiltzen zituzten lantegiak zeuden, hau da, La Salvadora. Bertako langileak salbuespen horren aurka jarri eta mugitzen hasi ziren, 1913 urtean nagusiekin hitzarmen bat sinatzea lortu zuten arte (sig. 68-11). Hitzarmen horren arabera, igandetan lan egitearen trukean, asteko beste egun bat jai hartuko zutela adostu zuten. Gatazka honi buruz sakonago hitz egin genuen orain dela urte batzuk argitaratu genuen beste berri honetan.

1900 urtea baino lehen ez zegoen langile eta nagusien arten harreman asko, horregatik, Estatuak eskua sartzeko erabakia hartu zuen langileen lan baldintzak erregulatzeko asmoz. Hori dela eta, Errege Agindu ugari agertu ziren garai honetan, lan munduaren inguruko gai desberdinak arautuz: goran aipatutako asteko derrigorrezko atsedenaldia, emakume eta umeen lan baldintzak, lan istripuak, e.a. izango zirelarik horietako batzuk. Testuinguru honetan Gizarte Erreformen Tokiko Batzordeak sortu ziren, lantegietako langileen ordezkariak, nagusien ordezkariak (bi talde hauek ordezkari kopuru berdina edukiko zuten), herriko alkatea batzorde-buru bezala, parrokoak eta medikuak osatuko zituzten batzorde hauek. Villabonakoa 1900-06-05ean eratu zen (sig. 43-01) eta idazkari Carlos Darras langilea izendatu zuten. Ordezkari hauek 4 urtera aldatzen ziren hauteskundeen bidez eta artxiboan dauzkagu hautaketa horien emaitzen dokumentuak (sig. 43-03 eta 43-08). Batzordeetan beraz, lan munduko gai desberdinak jorratzen ziren, Estatuak emandako agindu eta legeen azterketa helburu nagusienetakoa zelarik. Eztabaida guzti hauek, artxiboan gordetzen ditugun akta batzuetan jasota gelditzen ziren (sig. 43-06).

Jakina da garai honetan, lantegietako langileria profil demografiko desberdinek osatzen zutela, beste era batera esanda, gizonekin batera emakumezkoek eta umeek (neska eta mutilak) ere lan egiten zutela. Zaila izaten da ordea, langile horiei buruzko informazioa lortzea. Gai honi buruzko ikerketa lan bat jorratzerakoan, kontutan eduki behar da garai hartan gai hauek ez zutela gaur duten garrantzia eta datuak ez zirela sistemikoki jasotzen. Edonola ere, badaude hainbat testu eta taula informazio hau jasotzen dutenak, esate baterako, 1908 urtean Gobernazio Zibileko ikuskaritzatik egindako taula bat dugu (sig. 68-10). Informazio mamitsua eskaintzen digu gainera. Bertan aipatzen da herriko 4 lantegi garrantzitsuenetan, hau da, Subijanan, La Salvadora papertegian, Achagaren bordatzeko makinen lantegian eta igeltso edo harlauza harrobian lan egiten duten gizon eta emakume heldu, 14 eta 16 urteen bitarteko mutil, 14 eta 23 urte bitarteko neska eta 14 urte arteko neska-mutil kopurua. Gainera, talde bakoitzak lantegi bakoitzean kobratzen duen soldata eta egiten duen lan-ordu kopurua ere adierazten da.

Villabonako industrializazio horren aztarna batzuk gaur egun ikus daitezke oraindik, Sacem lantegia eta Zizurkilgo Oria papertegia adibide nabarmenenak izanik. Subijanaren ordez gaur Mintzola aurkitzen dugu “Subijana etxean” eta La Salvadoraren ordez, Pilotaria kalea, urbanistikoki “La Salvadora gunea” bezala ezagutzen dena. Aztarnarik egon ez arren, Villabonako biztanleen oroimenean egoten jarraituko du iragan horrek eta baita gure artxiboan ere, bertan aurkituko baititugu garai hori ezagutzeko lehen eskuko informazio iturriak.

Amaia Mendizabal