Lugorri

Ingalaterrako bihotza

Coe, Jonathan

Middle England. Viking, 2018

El corazón de Inglaterra. Anagrama, 2019

Le couer de l’Anglaterre. Gallimard, 2019

The Rotters’ Club (2001) eta The Closed Circle (2004) lanetan egin bezala, Coek Ingalaterrako gizartea xehetzen du Middle England-en. Aurreneko liburuetan Ingalaterrako arazoaz ari zen Coe. Sharpek Wilten agertu british umorez; herrikide duen Millsek The Restraint of beastsen azaldu mikaztasunaz; Mortimerrek Paridese postpeneden ireki bidean.

Lan berrian, baina, Ingalaterran jazotzeagatik Mendebaldeko Europaz deitu dugun “horretaz” ari da. Agian konturatu gabe, baina arazoak, oraingo honetan ez daude uharte handiaren zati batean mugatuta. Ingalaterrakoa jada ez da urrun geratzen den afera; dagoeneko hango buruhausteak gurean dira. Coeren kronika ez da hemendik 10 urtera gure kronika izango; gure kronika da jada. British kutsua badu ere, nobela europearra da.

Azken urteotakoa kronika soziopolitikoa egin bitartean, ingelesa izateko moduak aztertzen ditu Coek. Are, nobela kostunbrista idatzi duela ematen du. Izaera hori aztertu eta tokian-toki ondo baino hobeto kokatu arren, Coek agur esaten dio, baita betiko agur esan ere, Maalouf-en Le périple de Baldassaren egin bezala (2000). Orainaldiaren gainean egindako errepasoa, iraganarekin kontuak kitatzeko unea da. Iragana galbaetu eta gure nortasunean zer iltzatuko dugun erabakitzeko unea. Ohiturak, tokiak, bizimodua… etengabe aldatzen ari dira; zer salbatu eta nola onartu; zer baztertu eta ukatu. Hori egiten du Coek. Hautua nola, gizartea hala. Bidean ordea, ezer baztertu ez, dena salbatu beharra, ezer berri onartu ez… jarrera horren ondorioak Coek brexitean laburbiltzen ditu. Eta jarrera pertsonal zitaletan.

Alabaina, hautua pertsonek egiten badute ere, Coek ez ditu ahazten egoera zehatzak probokatu dituztenen izen-abizenak. Ideologia kriptofaxista eta interes ekonomikoak uztarten dituztenen eragina; alegia, neoliberalismoaren liderren eragina.

Coeren gertukoak, bere pertsonaiak, anabasa horretan erori egiten dira. Jeikitzea eta nola jeiki, horretan datza hautua; horretan datza aurrera egitea; horretan datza eraiki behar dugun gizarte berria.

Coeren nobelarik onena den edo ez, hori ez dakigu ta gutxi axola gainera; hori nola ebatsi ere ez dakigu. Dakiguna da, berriz, nobela sabelean itsasia geratzen dela, ezin guztiz pasa, jakin badakigulako irakurri duguna ez dela fikzioa. Gu guztion egoneza biltzen duen narrazio bikaina baizik.