Artxiboak

Iraganeko toponimia edo leku-izenetan sakonduz

Aspaldiko agiriek anitz gauzaz dihardute. Beraien bidez jorra daitezkeen gaiak ia amaiezinak dira. Ez dute Historian murgiltzeko bakarrik balio; hein batean ala bestean, esparru edo diziplina desberdinek haien ezagutzan sakontzeko erabil ditzakete. Horietako bat, zalantzarik gabe, toponimia edo lekuen izenei lotutako arloa da. Itzal handiko esparrua dugu gurean, eta ia herri guztiek, modu batera ala bestera, beraien inguruko leku-izenei buruzko lanak garatu dituzte.

Ikerkuntza horiek burutzeko, adituek bi iturri mota darabilzkite: ahozkoak eta idatziak. Azken hauetan ematen dira mugarik nabarmenenak, izan ere, toponimian adituak direnen gehienek ez dute paleografia trebakuntza handirik. Beraien begiak ez daude aspaldiko hizki moldeetara ohituta eta, ondorioz, behin baino gehiagotan ez dira gai garai jakin batzuetako agiriak ondo irakurtzeko; nolabaiteko “analfabetismo historiko” bat pairatzen dute. Lerrorik nagusienetan, arazo hauek idatzirik aspaldikoenetan gertatzen dira, baina XVII. mendeak ere ataka larriak eragin ditzake.

Eragozpen horiek interpretazio arazoak sor ditzakete. Erabilitako iturrien arabera baina baita iturri horien erabileraren ondorioz ere, leku-izenaren kronologia, toponimo bakoitzak aurkezten dituen aldaerak edo hauen kopurua arras alda daiteke. Honela, ordura arte bildutako toponimia osa dezakegu, baina baita, eta ziurrenik ekarpen adierazgarriena izan daitekeena, toponimia berria topatu ere.

1.- Oiartzungo udal-aktak, iturri garrantzitsu

Oiartzun, orain aipatu ditugun zenbait prozesuren erakusle da; batetik, toponimia lanak argitaratuak dituen herria delako; bestetik, plazaratu diren emaitzetan errealitate paleografikoaren ondorioak nabarmenak direlako. Horiez gain, bestelako berezitasunik badago. Burututako proiektuei dagokienez, adibidez, udalak plazaratutako Toponimia liburua behin-betiko txostena amaitu baino lehen argitara eman zen (1). Horrek egoera bitxia sorrarazi zuen, izenen behin-betiko bildumak jaso zituen hamaika datu ez baitziren aurretik egindako liburuan azaldu.

Bietan ala bietan udal-aktak apenas erabilitako iturriak dira. Behin-betiko txostenaren oharrei so egiten badiegu, bi besterik ez dira jorratu 1898-1901 epea betetzen dutenak. Eta hain zuzen ere, oraingo lerroek Bailarako udal-artxiboak gordetzen dituen udal-akta horiek toponimiarako duten mamia azpimarratu nahiko lukete.

Behin baino gehiagotan, liburu horiek dakarten berezitasunaz jardun gara, batez ere serie horrek ez duelako ohikoena edo arruntena izan daitekeen egiturarik. Egoera hau bereziki azpimarragarria da edukiari dagokionean, sorta horiek ez baitaude udalbatzaren batzarrez bakarrik osatuak; aitzitik, bilera horien erregistroak bolumenaren portzentaia oso txikia osatzen dute, bai, behintzat, XVII eta XVIII. gizaldietan. Hori dela eta, akta-liburu bezala har daitezkeen sorta horietan bestelako idatzi ugari txertatzen dira; udalbatzaren erabakiak islatzen dituztenak baina, izatez, akta moduan hartu behar ez direnak.

Eduki berezi horrek aberastasun gehiagarria ematen die aktei, baita toponimia biltzeko garaian ere. Liburu horietan josita dauden dokumentuen artean leku-izenak aipatzen dituzten anitz agiri daude, hala nola, bailarako auzoek udalbatzari zuzendutako eskaera desberdinak. Beraien bidez, eskatzaileek zuhaitzetako egurra eta zura mozteko asmoa agertzen diote udalbatzari, edota teilerietarako erregai gisa zerabilten otea hartzeko eskakizuna luzatzen dute. Hori guztia pagotxa da toponimiarako, hornigai horiek nondik atera nahi dituzten adierazi ez ezik, zertarako izango diren edo non erabiliko dituzten adierazten baitute. Batzuetan, eskaera oso xumeak dira eta ez digute informazio handirik ematen: 1711ko otsailean, adibidez, Sebastian Intxaurrandietak pago bat mozteko eskaera luzatzen zuen, bestelako daturik eman gabe (A-1-15-2, 61 au.-at.). Hogei urte lehenago, aldiz, Pedro Aranbururen erreguek informazio gehiago azaleratzen zuten. Agidanez, bere Lerinenea etxeko dolareek zura behar zuten eta horretarako, Eldoz etxe ondoko Martiniratzebaki edo “Martieiratzuebaki” barrutian zeuden hiru zuhaitz lepatu, zaharrak eta erreusak zirenak, erabili nahi zituen (A-1-7-1, 24 au.-at.); antzeko adibidea ematen digute San Juan Etxebestek 1721ean aurkeztutako asmoek (I Irudia). Ondorioz, leku-izen ugari ager ditzaketen agirien aurrean aurkitzen gara.

Gorrinzuloaga eta Galtziborda etxeen artetik egurra hartzeko baimen-eskaera,  Zuloaga oinetxeko lurrak ongarritze aldera (1721)

San Juan de Echeueste, arrendatario de la casa solar de Zuloaga (…) que intenta hazer vna calera (…) no tiene cantidad vastante de leña (…) y ay en el terminado de entre las cassas de Gorrinzuloaga y Garciaborda…” (A-1-20-2, 200 au.)

Aberastasun honek balio gehigarria du, hainbat eta hainbat izen ez baitra Oiartzunek dituen toponimia-tresnetan ageri eta, hori dela eta, udal-aktek duten balioa azpimarratu nahiko genuke.

            Lehenago, ordea, ohar pare bat egin behar ditugu. Lehenengo eta behin, datozen lerroak udal-akten hustuketa-lanean oinarritzen dira soilik. Horrek, pentsa daitekeenez, muga nabarmenak dakartza. Begirada iturri horretan bakarrik jartzean, artxiboko beste sail batzuetan edo udal-artxibotik kanpoko dokumentuak baztertu dira, horien bidez azaleratu daitezkeen berriak alde batera utziz. Halaber, lerro hauetan aipamen hutsak egingo ditugu, izen bakoitzaren testuingurua eta datuak baztertuz, hala nola, kokapen zehatza, ondasun mota edo jabea. Hori egiteak luze joko luke, baina funtsezko tresna dugu leku-izena ondo aztertzeko.

Bigarrenik, erabiliko dugun iturria partziala da, akten hustuketak kontuen mamia bakarrik biltzen baitu, zeharkako informazioaren gehien-gehiena alboratuz. Modu honetan, zeharkako datuetan lor daitezkeen aipuak, batzuetan aipamen zuzenak bainoa zaharragoak izan daitezkeenak, baztertuko ditugu. Halaber, orain bilduko diren datuak hustuketa prozesuaren baitan aurkitutakoak dira, hau da, lan horrek orain arte jorratu duen kronologian oinarritzen dira; kasu honetan, 1658-1732 epean. Ez dira erabil daitezkeen iturri bakarra edo aspaldikoena, jakina (horren lekuko bikaina dugu 1499ko ondasunen erroldan), baina hala izanik ere, bildutako uzta nahiko adierazgarria delakoan gaude, udal-akta liburuek toponimiaren azterketarako duten balioa agerian utziz.

2.- Kronologia berriak: toponimo ezagunen bizitza aurreratuz

            Orain arteko lanei udal-akten informazioa gehituz eratzen den lehenengo multzo nagusia, dagoeneko bilduta dauden leku-izenek osatzen dute. Hala, iturri horreta beraiei buruzkoa datu gehiago topa daitezke. Berririk nabarmenenak kronologiari dagozkio, erran nahi baita, orain artean jasotako aipuak baino zaharragoak aurkitzea.

            Udal-akten hustuketari lotutako lehenengo emaitzak nahiko adierazgarriak dira: 164 toponimo ezagunen kronologia aurreratzea ahalbidetu dute. Behin-behineko zenbakiak dira, zenbait leku-izenetan zalantzak baititugu. Hori dela eta, zerrenda egiterakoan horietako hainbat baztertzea erabaki da: Militxorekin zerikusia izan dezakeen Miliko (?) (1715); Zubizabalen tankera duen Txibitxabal (1717); akaso Portuberrirekin lotuta dagoen Portuetxeberri (1710); Bidabietaren itxura duten Beobita edo Beobieta (1682); edo Uztalekura garamatzan eta 1708an ikusten dugun Uztarleku. Harreman horiek zuzenak balira, toponimo horien guztien bizitza uste baino lehenago hasiko litzateke. Nabarmenena Uztaleku genuke, bere lehenengo aipuak 232 urte aurreratuz. Zoritxarrez, ez gaude bat ere ziur eta hobe deritzogu horiek albo batera uztea.

Zerrendari dagokionez, hasieran, kronologia aldeak oso nabarmenak ez direla pentsa daiteke. Hala, berrogeita hamar urteko epeak hartzen baditugu, talderik handiena 51-100 urte bitartea duena da, ia %43rekin, eta horri 50 edo gutxiagoko kronologia aurrerapena ekarri dutenen multzoa batuz gero, portzentaia guztiaren %66,46 osatzen dute (I Taula).

I Taula

Toponimo ezagunen kronologia berriak

Epe aurrerapena (urteak)Toponimo kopurua%
50>3923,78
51-1007042,68
101-1503823,17
151-20074,27
>201106,1
GUZTIRA164100

Baina leku-izenen kronologia mende bete baino gehiago aurreratzen duen taldea portzentaia txikiagoa osatzen duen arren, ez da eskasa (%43,54) eta, horrez gain, baditu adibide esanguratsuak. Galbario edo Kalbario, horietako bat suerta daiteke. Bai aldaera hori zein Kalbariogurutzerena XVII. mende amaieratik dokumentatuak ditugu udal-aktetan: Kalbario hitza bera bakarrik dugu 1682, 1707 eta 1731ean eta Kalbariogurutze, berriz, 1683 eta 1690ean. Toponimia Txostenean, berriz, erro hori duten lau leku-izen daude, bat bera ere ez “Galbario” soilik: Galbarioaristi (1821), Galbariogurutze (datarik gabe), Galbariomendi (1989) edo Galbarione etxea (1857).

Dena den, aldaketarik nabarmenenak, zalantzarik gabe, datazioa bi mende baino lehenago aurreratzen duten leku-izenetan ditugu. Kuantitatiboki talde xumea da, 10 adibiderekin, baina dakartzen berrikuntza kronologikoak benetan adierazgarriak dira, kasu batzuetan ia hirurehun urteetara ailegatzen baita, edo hori gainditzen dute. Hor ditugu, besteak beste, Mandabidegia (321 urte), Kabiolaerreka (296 urte) eta Iraurgigoikoa (295 urte) (II Taula).

II Taula

Datazioa mende eta erdi baino gehiago aurreratzen duten toponimoak

IzenaHustuketaTxostenaUrte tartea
Mandabidegia16681989321
Kabiolaerreka16931989296
Iraurgigoikoa16991895295
Karobierreka17071989282
Ganboerreka17201989279
Larraska17171989272
Etxeberritxokoa16921842250
Etxeberria Eguzkitza17301976246
Epertegieta16991940241
Arizbakarra1721c. 1951230
Ameztoieta16721857185
Araingaña17301911181
Otsandolatxiki17251901176
Errekaundi17101885175
Emetako Zelaiondoa17151881166
Martiñene17171883166
Armoratxiki17181883165

Dena den, hainbat adibidek hausnarketa handiagoak dakartzate, bereziki terminoak izen propio bat islatu baino, egoera geofisiko arrunt bati aipamena egin diezaiokenean eta orain arte jasotako aipamenen eta udal-aktetan topatzen denaren artean jauzi kronologiko nabarmena ikusten badugu. Arizbakarra, adibidez, mendeen poderioz leku desberdinei erreferentzia egin diezaieke; haritz bakarti bat hainbat ingurutan egon baitzitekeen. Aktetan 1721ean ageri den bitartean, Toponimia txostenak Luis Mari Mujikak bildutako aipua jasotzen du bakarrik, 1938-1951 arteko “amillaramendu liburuetan” topatutakoa.

Mandabidegi (1668)

“…propuso así bien que en el término que llaman Mandabidegui ay vn monte a propósito de poder dexar por monte brabo y porque al presente se alla muy espesso…” (A-1-3, 50 au.)

Ez da kasu bakarra. Eguzkitzaberri, adibidez, txostenean 1976tik aurrera dokumentatzen da, baina aktetan, 1730ean dugu, Etxeberria Eguzkitza aldaerarekin (A-1-29-1, 46 au. folioa). Mandabidegi, berriz, ez dago 1989 arte jasoa, baina XVII. mende erdialderan, dagoeneko, eremu jakin bati erreferentzia egiteko erabiltzen zen (II irudia). Zaila zaigu kontsultatutako agirietan horren aipamen eskasak topatu izana baina, bereziki, horien artean dagoen tarte kronologiko zabala.

3. Udal-akten erabilera, udal-iturri moduan

            Bigarren ondorioetako batek, udal-aktek Oiartzungo artxiboak gordetzen duen agirien artean duten indarra agerian uzten du. Horretarako, ezagunak diren leku-izenak zein iturritatik atera diren ikusi besterik ez dugu. Hala, gerta daiteke orain arte toponimoa dokumentatua bazegoen ere, berari lotutako erreferentzia guztiak udal artxibotik kanpo atera izana, edo udal artxiboko udal-aktak ez ziren beste sail batzuetako datuetan oinarritzea. Kasu hauetan, udal-akten bidez toponimoaren itzala handiagoa dela ikusi ahal izan da, bai kronologia aurreratzeko garaian edo, besterik gabek, leku-izenaren bide historikoa osatzeko. Lehen aipatu dugun moduan, orain arte bi akta-liburu besterik ez dira erabili, eta kronologia oso berantiarrekoak. Normala da, beraz, kasu batzuetan datazio aldaketak handiak izatea (III Taula).

III Taula

Toponimo ezagunak: Txostenean udal-artxiboko erreferentziarik ez dutenak, baina udal-aktetan agertzen direnen datazioak

IzenaTxostenaAktak
Abaniko18001694
Altamiragoikoa18021725
Arizbakarrac. 19511721
Arizluzeta17571718
Epertieta19401699
Estebantxipirena18081730
Etxeberria Eguzkitza19761730
Etxeberritxokoa18421692
Indartenea18021714
Iroizin18021730
Karobi)erreka19891707
Lartaunmendi18201730
Mariandresene18021688
Putzuaundieta17131669
Sasiko18181702
Telleribekoa17421697
Tolaretxea18001693

Hala, Mariandreseneri buruzko lehenengo aipua 1802koa da txostenean, eta ez da udal-artxiboko erreferentziarik jasotzen; akta-liburuek, berriz, 1688tik dokumentatzen dute (A-1-6-1, 65 au.). Kasu berean dugu Telleribekoa. Txostenean bildutako lehenengo aipu dokumentala 1742koa da eta aktek, berriz, aitzindariak 45 urte atzera azaltzen dizkigute, 1697an, Paskoal Joanikotena “Tejería  de Iusso” delakoaren jabe moduan aipatzen denean  (A-1-9-2, 158 au.-at.); ez, hori bakarrik. Hurrengo hamarkadetan finkatzen da, 1713-1732 urte bitartean hemeretzi agertzen baita.

Deigarriagoa gerta daiteke Emetako Zelaiondoa leku-izena. Egiari zor, ez dirudi idatzietan anitz aldiz ageri denik. Txostenak aipu bakarra jasotzen du eta gure uzta ere, fruitu bakarrera mugatzen da. Edonola ere, kronologia aldetik ezin adierazgarriagoa da: Txostenak, udal-artxiboko iturriak erabiliz, 1881 urteko aipua biltzen zuen; udal-aktek, berriz, mende t’erdi luze lehenago agertzen digute, 1715eko azaroan, hain zuzen ere (A-1-17-1, 219 au.-224 au.).

Bestetik, txostenak jasotzen dituen lehenengo bi aipamenen artean jauzi handia dagoenean, udal-aktetan tarteko aipuak topatu ahal izan dira. Larrabururi dagozkion lehenengo bi aipuak 1499 eta 1706koak dira, baina aktetan 1682an topa daiteke (A1-4-2, 99 au.-at.). Txopokone, berriz, 1591tik dokumentatua dago, baina Txostenak ez du 1638 eta 1799 artean inolako aipurik eta aktetan, berriz, 1688an ageri zaigu (A-1-6-1, 59 at.). Zapatarieneri buruz bildutako datuak 1675an hasten dira txostenean. Horren arabera, udal artxiboari lotutako zaharrenak 1906koak dira, baina aktetan 1688tik ageri zaigu (A-1-6-1, 162 au.); hau da, udal-iturrietan beraietan uste zena baino 200 urte lehenagoko datuak gordetzen dira.

Aragintxone baserria beste kasu bat da. Toponimia ikerketak aipu bakarra dakar, 1693koa, Loiolako Santutetiko Artxibotik ateratakoa (egiaz “Araquinchoene” litzateke, “q”-rekin agertzen baita agrian). Guk erabili ditugun aktetan, aldiz, zortzi aldiz topatu dugu “Arakintxonea” aldaeraren bitartez: behin 1715ean, hirutan 1716 urtean eta aipu bakarrarekin 1722, 1728, 1729 eta 1730 urteetan (2).

            Halaber, badira Txostenean garai jakin batetik aurrera desagertu egiten diren toponimoak baina udal-aktek jarraipen handiagoa ematen dietenak. Hori da Agirrebekoa etxea: txostenak 1499-1578 epean bakarrik datatzen du, gehienak udal-artxibotik kanpoko erreferentzietan. Aktetan, berriz, 1728ko aipu bat dago (A-1-29-1, 391 au.).

4.- Adibiderik adierazgarriena: toponimo berriak

            Ezbairik gabe, agiriek eman dezaketen fruiturik adierazgarriena orain arte bildu gabeko izenak topatzea da. Toponimo berriei dagokienez, 100 inguru dokumenta ditzakegu orain arte burututako lanean. Dena den, izen ezagunekin gertatu bezala, behin baino gehiagotan zalantzak agerikoak dira, bilduta daudenekin antz handia dutelako: 1693an ageri den Lanbarren Alta eta Lanbarrengarate; 1664ko Laparregi izena eta 1883tik aurrera dokumentatutako Lapurdegi; Erbideko ataka eta Aierbide; Txokelu eta Zokolo, honakoak ahaztu gabe: Makaguene (1715) eta Makatzaga (1802); Marturanegi (1721) eta Martuzenegi (1804); Olataburu (1708) eta Olaburu (1818); Otetxo (1719) eta Oteitza (1692); Unzuzabaleta (1708) eta Urtxabaleta (1753); Urdandazabal (1718) eta Urdantxabaleta (1753); Urrimendi (1709)  eta Arroimendi (1614); Aldamarro (1702) eta Aldaerarri (1620).

            Zalantza horiek alde batera utzita, aurkitutako izen ezezagunen artean batzuk guztiz berriak dira, aldez aurretik bildutakoekin lotutarik ez dutenak: Auntzelai (1676), Altxarriko zudia [sic, zubia?] (1707), Altzosi (1730), Altzuandi (1691), Amabiaritzeta (1697), Arizmakurreta, Azkonartxulo (1731), Gainametzaga (1705 eta 1727), Kaparribia (1716), Lumeraiturri (1731), Mendoza edo Mendoitza (1682, 1699), Mikelazulo (1702), Mitxeltxara (1732), Mugartza (1705), Olabasoa (1674), Txasito (1672), Zeabuta (1686) eta Zubitegi (1688).

Toponimo berri bat: Lumeraiturri (1731)

conceda su castaño que a derrivado el viento en el parage conzegil nombrado Lumera Yturri” (A-1-30-1, 82 au.-at.)

            Toponimo berri hauek izan dezaketen arazoetako bat, eta ez txikiena, beraien kokapena jakiteko garaian izan dezakegu, agiriak ematen digun informazioaren arabera zehatzagoa edo lausoagoa delako. Ez dira gutxi inolako mugarik gabe aipatzen direnak, Lumeraiturrirekin ikus daitekeen moduan (III Irudia). Gauzak askoz gehiago errazten dira mugakide dituzten elementuak aipatzen direnan. Hala, Anabuno (Arañaburu?), Zaldirin ondoan dagoela dakigu, 1688an egiten den aipamenari esker: “plantar (…) robles junto al puesto llamado Anabuno, junto a Zaldiri…” (A-1-6-1, 48 au.). Igeltsozuloeta, berriz, Beloaga gazteluaren parean dugu, 1682an aipatzen den moduan: “…partido de Ielsso Çuloeta, junto al castillo de Beloaga…” (A-1-4-2, 120 at.). Hamarkada pare bat beranduago, 1704an aipatzen den Iru-udareeta, berriz, Arizabalo etxearen barruti ondoan zegoen (A-1-12-1, 79 au.).

Halaber, batzuetan eremu, barruti, leku edo izaera geofisiko orokorra duten izenen aurrean gaude, baina batzuetan, beraien ezaugarri fisikoak agerikoak dira. Hor dugu Mendoitza, Apatxeri lotutako etxalde edo basetxea, 1682an: “…en el partido que se empieza desde los mojones de la casseria de Bordassar, y de la casseria de Apache, llamada Mendoyza, asta Urcabegañeta…” (A-1-4-2, 66 au.); Mikelegi, berriz, 1699an auzune moduan aipatzen da: “los vezinos y jente del barrio de Miquelegui” (A-1-10-1, 277 au.; 1699). Halaber, Oiartzungo meatzaritza jarduerara bideratutako toponimo berriak agertu dira, Matxinmeatze edo Matximeatzeta bezala, 1693an (A-.1-8-1, 25 au. eta 34 at.).

            Dena den, kokapenaren inguruko kontuetan toponimoak berak lagun gaitzake, bereziki izen berriaren erroa ezaguna zaigunean. Izan ere, terminoak ez dira zeharo arrotzak; badira orain arte bildutakoekin harreman zuzena edo oso estua dutenak.  Horren lekuko dira ondorengoak: Aldabeburu (1664), Añarreazpi (1716), Antsillets Goikoa (“Antsillas de Susos”; 1722), Arandaranzapi (1720), Arbelaizburu (1726), Bidamakuetazpikoa (1719), Bunoanditxokoeta (1676), Eguzkitzaiturri (1710), Ganboxerreka (1720), Igeltsozuloeta (1682), Ibarreazpi (1730), Iratzetxabaleta (1726), Insusaingo mauka (1705), Irudareeta (1704; Udarieta), Kausueberri (1718), Lezantzintxipi (1711), Magdalena zelai (1664), Magdalena erreka (1716); Mastebordaberri (1701) eta Sistiagagibel (1708).

Nahiz eta erro horiekin aldaera ugari jasota egon, udal-akten hustuketak beste forma berriak aditzera ematen ditu, orain arte topatu gabekoak. Gogorregi toponimoak adibide adierazgarrri bat osatzen du. Behin-betiko toponimia-txostenan sei kontzeptu eratorri daude: Gogorregi beraz gain, Gogorregiberri, Gogorregiko erreka, Gogorregiko kaskoa, Gogorregilepo eta Gogorregizoki. Bada udal-akten hustuketak beste bat gehitzeko aukera ematen du, 1720an agertzen den Gogorregiko Aldapa, hain zuzen ere (A-1-20-1, 225 au.-226 au.). Egoera bertsuan dago Juansendoko burkaitza leku-izena, 1723an dokumentatua (A-1-23-1, 171 au.-171 at.) eta XVI. mende amaieratik ageri diren Juansendo, Juansendoberri, Juansendoerrota eta Juansendomaldaren senidea; edota dago Suantzarekin lotuta dagoen Suantzako burua (1723).

Adibide deigarriagoa osatzen du “Iraurgiazpikoa” edo, hobe esanda, “Iraurgui de Yuso”  delakoak, 1728an datatua (A-1-27-1, 391 au.). Orain arte, izenaren familiak hainbat kide zituen: Iraurgiaundi, Irauriguandiko erreka, Iraurgigoikoa, Iraurgitxiki eta Iraurgizubi bezalakoak genituen. “Iraurgi” berri hori euskaraz Iraurgiazpikoa edo Iraurgibekoa moduan itzul dezakegu, aldez aurretik dokumentatua dagoen Iraurgigoikoarekin parez-pare jarriz. Alabaina, 1728 aipuak bestelako berri adierazgarria ematen digu, “Iraurgui de Yuso” horrek bestelako izen bat baitzuen, dagoeneko ezaguna zen Iraurgitxiki, hain zuzen ere (IV Irudia). Modu honetan, aldaera berri bat eta bere baliokidea zein den jakiteaz gain, bildutakoaren inguruan datu berria dugu, bere datazioa ia ehun urtean atzeratzeko modua ematen digularik; izan ere, orain arte Iraurgitxikiri lotutako lehenengo aipamena 1818ko zen.

IV Irudia: “Iraurgui de Yuso” edo Iraurgitxiki (1728)

“…concederle permiso para que los pueda cortar en el parexe nombrado Yraurguichiqui o Yraurgui de Yuso” (A-1-27-1, 391 au.).

Beste kasuetan, udal-akten bidez izen eratorriak erroa bera baino lehenago dokumentatzeko aukera izan dugu. Hala, Ordoko toponimioren hasierako aipuak orain arte 1752koak baziren, non eta udal-artxiboko dokumentazioan baina aktetatik kanpoko agirietan,udalbatzaren erabakien erregistroetan Ordokagaraikoa 1707 eta 1711an azaltzen zaigu (A-1-13-2, 180 au.-at.; A-1-15-2, 230 au.-at.). Ondorioz, pentsatzekoa da Ordoko toponimoaren bizitza, gutxienez, 1707ra atzeratu behar dela, momentuz urte hartako edo zaharragoa den aipamenik lortu ez badugu ere.

Ildo horretatik, aurkitutako aldaera berriak ez dira beti jatorrizkoaren eratorriak; aitzitik, erroa bera dira aktetan dakusaguna. Hala, Txostenean Txarrantxabekoa eta Txarrantxagoikoa (biak 1802 urtean), eta Txarrantxaberri, 1883an ikusten ditugun bitartean, 1688ko udal-aktetan Altzibarko plazan dagoen Txarrantxa basetxearen berri dugu. Pentsatzekoa da, ziurra ez bada ere, azken ondasun higiezin horretatik beste hiruak garatu izana. Beste horrenbeste gertatzen da Killiriku aldaerarekin. 1681ean bertako teilatua konpontzeko asmoa azaltzen den bitartean (“adrezo del tejado de Quilliniqu, propio de este Valle”; A-1-10, 114 au.), toponimia txostenean berari lotuta aldaera bakarra biltzen da, eta horren eratorria da: Killirikupe, hain zuzen ere; hori bai, Killiniku baino hainbat urte lehenago, 1664an.

            Ikuspegi interesgarri bat toponimo baliokideen ingurukoa da. Topatutako hainbat toponimo berri, ezagunak ziren beste batzuk izendatzeko erabiltzen zirenez, bataren zein bestearen historian sakontzeko aukera dugu (V-VI Irudiak). Ez dira oso ugariak, baina banaka batzuk ikusteko aukera dago. Lehen Iraurgi de Yuso eta Iraurgitxikiren artekoa aipatu dugun bezala, Mikelazulo leku-izena Galardibibeli dagokio, 1702ko agiri batean azaltzen den moduan: “yntentamos celebrar por la tarde la fiesta en el paraje llamado Miquelazulo o Galardiguibel”. Gainera, aipamen horrek Galardigibelen dokumentatze-lanari eragiten dio, azken hau 1826tik aurrera baitago dokumentatua. Ostobiarain izena, berriz, 1704rako San Esteban Arizti moduan ezagunagoa bihurtzen ari zen (“en el terminado de Ostouiarain, que oy llaman San Esteuan Aristi”) (3).

Toponimo berrien baliokideak: Mikelazulo-Galardigibel (1702) eta Ostobiarain-San Esteban Arizti (1704)

“…yntentamos celebrar por la tarde la fiesta en el paraje llamado Miquelazulo o Galardiguibel, por el buen zuzeso que tenga en todas las  guerras de toda la monarquía nuestro rey, Felipe Quinto” (A-1-11-2, 131 au.)Mikelazulo-Galardigibel
“…para serrar [sic, cerrar] sierto puesto de la casería de Beringarate y le ay en el terminado de Ostouiarain, que oy llaman San Esteuan Aristi, que linda con la juridisción de dicha casería…” (A-1-12-1, 331 au.-at.)Otsoviaran

5.- Hainbat datu argituz

Azkenik, ez genuke atal hau amaitu nahi, hainbat leku-izen ezberdinen arteko harremanari so egin gabe, toponimo desberdinak baino, termino beraren garapen historikoaren isla direlako. Lehenengo eta behin, Antonsaroe eta Antonsoro ditugu. Txostenean, lehenengoaren bizitza, gutxienez XVII. mendearen azken laurdenean hasten dena, 1810 amaitzen da; bigarrenaren estreineko agerpena, aldiz, 1821 urtekoa dugu. Ezaguna da sarobeen desagerpen prozesuak kontzeptuaren galera edo, hobe esanda, eraldaketa dakarrela. Askotan “saro(b)e/saroi” hitza duten leku ugari “soro” bihurtu dira, garai horretan sarobea galduta zegoelako eta jendeari arrotza zitzaion kontua zenez, “soro” ipiniko zen. Eta bi leku-izen horien kasuan beste horrenbeste gertatu zela ematen du. Momentuz, udal-aktetan Antonsaroeri buruz 15 aipamen 1693-1725 artean topatzea, hori pentsatzera garamatza.

            Bigarren adibidea Felluar aldaera dugu, aktetan 1711ko maiatzean aipatzen dena (A-1-15-2, 133 au.-at.). Txostenak ere aldaera hori biltzen du, lehenengo aipua 1670 urteraino atzeratuz. Bertan ageri denez, kontzeptua Feloagazarrari lotzen zaio. Gure ustetan, baina, “Felluar” aldaera horren atzetik Fellibar legoke. Lehen aldaera Idisorekin batera ageri da, eremu batean zein bestean ezarritako mintegiei lotuta; eta ildo honetatik, Fellibar eta Idiso ere elkarrekin azaltzen dira, 1700, 1702 eta 1709 urteetan, kasu. Baina ez hori bakarrik, “Felluar” aldaera horrekin zerikusia duten beste batzuk aurkitu dira, eta era berean, horiek ere Fellibar-era garamatzate. Batetik, 1723ko ekainaren 19ko udalbatzarrean (A-1-23-1, 173 au.-at.), Txaradi, Saroe eta Fellubar barrutietan izandako suteen berri ematen da. Bestetik, eta sute horien ildo beretik, Pellubar forma dugu 1723ko apirilaren 1ean (A-1-23-1, 95 u.-at.).

Batzuetan, aipu zaharrago edo ugariagoak topatzeak, lekuen interpretazioaren gaineko zalantzak argitu ditzake. “Epertieta”-ren kasua izan daiteke hori. Toponimia Liburuan (127 orr.) aldaera hori zalantzazkotzat hartua da, “oso gutxi dokumentatua” dagoela adieraziz; Txostenean bilaketa egiten badugu, lehenengo aipua 1940koa dela ikusiko dugu. Egoera honen aurrean, izenaren balizko aldaera normalizatu bezala “Epertegieta” proposatu da. Udal-aktetan topatutako datuekin, hipotesi hori berresteko modua dagoela uste dugu, izan ere, Epertegieta aldaera hiru aldiz dokumentatua dugu 1699 eta.1708 urteetan, bertako hainbat haritz atera eta zenbait gaztain-landare sartzeko eskaerei esker (A-1-10-1, 299 folioa eta A-1-14-1, 35 eta 297 folioak).

Iago Irixoa Cortes

***

OHARRAK

(1) GOIKOETXEA LÓPEZ, I.; eta LEKUONA ANTZIZAR, I.: Oiartzungo toponimia. Oiartzun: Oiartzungo Udala, 2007; eta IKERMAP: Oiartzungo toponimiaren ikerketa orokorra. Behin-betiko txostena, 2007 (argitaragabea). Eskerrak eman nahi dizkiegu Koro Pascual artxibo-teknikariari eta Aitziber Arnaiz euskara-teknikariari, bigarren txosten horren kopia helarazteagatik.

(2) Gainera, bere inguruan beste datu interesgarri bat aipa dezakegu. Txostenak Aragintxone etxe hori Juanaberria izenekoarekin lotzen duen heinean, 1716ko apirilaren 29an ematen zaion beste izena Juanagartziene da; txostenean dokumentatzen ez den aldaera. Ikus A-1-17-2, 120 au.-at. eta 121 au. folioak).

(3) Ordezkapen prozesu hau, ordea, ez omen zen horren berria, 20 urte luze lehenago, 1681ean, San Esteban Arizti bi aldiz agertzen zaigulako (A-1-10, 34 au. eta 83 at.)