Bloga

Itsasora begira

Nork
ez ditu orduak eman itsasora begira? Kostaldean bizi direnek sarritan
egiten duten zerbait dela esan daiteke. Ziur behin baino gehiagotan
beren begiak itsasaldera bideratu dituztela konturatu gabe eta zerumuga
denbora batez aztertu eta gero harrapatu dutela beren burua itsasora
begira. Naturaltasun osoz egiten den eta egunerokotasunaren parte den
zerbait bezela.

Kostaldean
zehar itsasoa miresteko toki ugari aurki ditzakegu, baina talaiak
horretarako gune bereziak dira. Euskal kostaldea zipriztintzen duten
talaia eta seinero postuek itsasoan gertatzen zenaren komunikaziorako
azpiegitura paregabea osatzen zuten. Itsasoan, kostaldean, portuetan eta
itsasadarretan gertatzen zen guztiaren informazioa lortzeko kokagune
estrategikoak ziren. Bertako talaiariak igortzen zuen informazioari
esker zen posible portuetako eta itsas bokaletako nabigazioa, baita
eguraldi aldaketen aurreikuspena, itsasoko trafikoaren ezagutza eta
arrain multzoak antzematea ere.

Getaria
ere komunikazio sare horren barruan zegoen, baina ez hori bakarrik,
komunikazio sare horretan kokagune pribilegiatua zuen. Getariako talaia
sistema bi gune desberdinek osatzen zuten: San Anton mendiko eta
Malkorbe badiako talaiek, azken hau Lasuntalaia izenez ezaguna. Bietan
garrantzitsuena San Anton mendiaren muturrean kokatzen den talaia zen.
Bertatik Matxitxako eta Higer lurmuturren arteko portu guztien bokaleak
dira ikusgai. Ikuspen pribilegiatu honi esker getariarrek informazio
baliotsu ugari izan dute beti esku artean; kostaldearen zati horretan
gertatzen zen guztiaren jakitun bihurtzen zituen. Horrek, beste
portuekiko, abantaila handia suposatzen zuen.

Bestalde,
Lasuntalaiak ikuspen txikiagoa eskaintzen zuen. Hori kontutan izanik,
Malkorbe badian burutzen zen arrantzarekin lotura zuzena izan duela
pentsa daiteke. Are eta gehiago, Behe Erdi Aroaz geroztik Getariako
Udalbatzak badian arrantzan egiteko eskubidea enkante publikoan
ateratzen zuela kontutan izanik. Beraz, talaia honek badian sartzen
ziren arrainen berri emateko balioko zuen ziurrenik.

Tradizio
handiko elementuak izaki, XX. mendean ere garrantzia izaten jarraitzen
zutela ikus daiteke artxiboko dokumentuetan. Besteak beste, 1916. urtean
San Anton mendiko talaia berria eraikitzeko egitasmoaren berri ematen
duten agiriak topa daitezke. Baita 1966. urtean Lasuntalaiarako bidea
hobetzeko lanak burutu zirela ere. Dirudienez, urte horretan talaiarako
bidea oso egoera txarrean aurkitzen zen luizien ondorioz.

Getariarrek
hori ikusita, bidea konpontzeko erabakia hartu zuten eta Gipuzkoako
Foru Aldundiko ingeniaria zen Jose Maria Gabarain jauna izendatu zuten
lan horien arduradun. Agirian jartzen duenez gainera, lan hauek
Lasuntalaiarako ibilbide berri bat sortu zuten.

Talaia
hauek ezinbestekoak izan dira Getariaren historian. Nabarmena da, bai
San Antongo talaia, bai Lasuntalaia informazio iturri garrantzitsu izan
direla. Eta, gaur bezala, orduan ere informazioa botere zen. Horretaz
jakitun, talaiak eta horietara iristeko bideak zaintzeko ardura erakutsi
dute beti getariarrek.

Oihana Artetxe