Bloga

Jose Maria Zubia “AITA MARI”, itsas salbamenduaren ikur

Hilabete
honen 9. egunean ospatu zen Jose Maria Zubia “Aita Mari” zumaiarraren
heriotzaren 150. urteurrena. Arazoetan aurkitzen ziren itsasontzi eta
arrantzaleak salbatzeko egindako saiakerengatik egin zen Zumaian
jaiotako arratzale eta patroia ezagun. Ez dago bere bizitzaren inguruko
datu askorik eta dauden gutxietarikoak gizona heroi bihurtzen duten
garaiko kronika ederrak dira.

Jaiotzetik
itsasoari estuki loturiko bizia izan zuen. Itsasoari begira bizi zen
herri batean etorri zen mundura eta itsasoa hautatu zuen bizimodu;
Zumaian arrantzale bezala lehenik, Ameriketan marinel gisa ondoren eta
azkenik arrantza-ontzi baten jabe eta patroi Donostian. Bizitokiek eta
ogibideek ederki erakutsia zioten itsasoaren zakartasuna noraino iritsi
zitekeen. Kuraia handiko gizona zela esaten dute kronikek, baita bihotz
eta eskuzabaltasun handikoak ere. Horrela behar zuen izan, besteak
salbatzearren bere bizia arriskuan jartzeko prest agertu baitzen behin
eta berriz eskura zituen medio xumeekin.

1861eko
uztailaren 13ko galernan San Juan txalupako arrantzaleetatik hiru
uretatik bizirik atera izanagatik egin zen ospetsu Jose Maria Zubia.
Itsas sorospenengatik ezaguna zen gizon hau, itsas sorospenaren ikur
bihurtu zen 1866ko urtarrilaren 9ko salbamendu saiakeraren ondoren. Egun
hartan ekaitz bortitz batek jo zuen Gipuzkoako kostaldea eta Donostiako
badian sartu nahian zebilen Getariako itsasontzi baten tripulazioa
salbatzeko lanetan heriotza topatu zuen.

Itsas
sorospenen ikur nagusia izan arren, esan beharra dago, Jose Maria Zubia
ez zela izan horrelako balentriak egin zituen bakarra. Euskal
kostaldean zehar makina bat gizon eta emakumek arriskatu dute beren
bizia itsasoan besteena salbatzeagatik. Horren adibide xumea izan
daiteke orain 50 urte, Zumaian Aita Mariren heriotzaren 100. urtemuga
ospatzeko programaturiko ekitaldien baitan, “urrikalduak salbatzearren
beren buruak arriskoan jarri dituzten zenbaiti oroigarriak” eskaini
izana. Aita Mariren omenaldi hura jasotzen duen espedienteak, oroigarri
horiek nori eman jakiteko, itsas salbamenduak buruturiko Bizkaiko eta
Gipuzkoako zenbait gizon eta emakumeren ziurtagiriak jasotzen ditu.

Kostaldeko
herrietan itsasoaren besoetan bizia galdu dutenen zerrendek agerian
uzten dute gure itsasoak izan duen eta duen arriskua. Kantauri itsasoak
badaki bere haserrea erakusten; batzuetan bat-bateko galerna eta ekaitz
moduan, ezusteko olatu eta korronte moduan bestetan. Lehenak izaten dira
bortitzenak eta beraz hilkorrenak; aldi bakarrean heriotz gehien
sortzen dituztenak. Egia gordina, ordea, eguneroko jarduera hauetan
gertatzen ziren hondamendi “txikiak” ugariak zirela eta horrelakoetan
bizia galdu duten arratzale eta marinel kopuruak kostaldeko herrietako
demografian eragin handia zuela. Hala ere, oroimen kolektiboan gorderik
mantendu direnak ezusteko galernek sortutako ezbeharrak izan dira. Ezin
bestela izan, hauek baitziren arrantzale komunitate txikiak bortizki
astintzen zituztenak.

Nahikoa
da garaiko arrantzaleek erabiltzen zituzten itsasontziak haize eta
beso-indarrez zebiltzan tresnak zirela kontuan izatea, itsasoan lan
egiten zutenen egoeraren arriskuaz ohartzeko. Horretaz gain, beren lana
ezegonkortasun handiko ingurune batean burutzen zutela ere haintzat
hartu behar da. Egunsentian itsasoratu eta arratsean lehorrera itzuliko
ziren jakin ezinik burutzen zuten jarduna. Gaur egun, itsas sorospen
zerbitzua dago horrelako ezbeharren aurrean jarduteko baina, Euskal
Herriak itsasoarekin duen lotura historiko luzea kontutan hartzen
badugu, agerian geratzen da oso zerbitzu gaztea dela. Aita Mariren
garaian itsas sorospenari loturiko zerbitzuak Gipuzkoan jaio berriak
zirela esan daiteke. Honek bertako portuetan horrelako zerbitzurik ez
egotea edota medioak oso urriak izatea suposatzen zuen.

Itsas
sorospena kontu nahikoa berria izan arren, beren ogibideak zituen
arriskuez jakitun, kofradietan antolatutako arrantza-komunitateek
zenbait segurtasun neurri hartu izan dituzte historian zehar. Neurri
hauek ez ziren itsas sorospenerako neurriak, itsas ezbeharrak ekiditeko
baizik. Gaur egungo ikuspuntutik ia baliogabeko arauak diruditen arren,
garaian berebiziko garrantzia izan zuten. Asko orokortuz eta
laburbilduz, Euskal kostaldeko kofradien neurriak ondorengoak izan
zirela esan daiteke:

• Itsasontziak modu egokian mantentzea


Ontzi bakoitzak eraman ahal zituen gizon kopurua eta eraman beharreko
tresnak finkatzea, arrantza eta itsasontzi motaren arabera

• Kostaldeko puntu garrantzitsu eta arriskutsuetan argiak piztea

• Itsasoratu eta lehorreratzeko erabakiak kudeatzeko moduak ezartzea

• Itsasontzien porturako sarrera arautzea

Aurreko
zerrendako azken puntuarekin zerikusia duen neurria jasotzen da
Zumaiako San Telmo kofradiaren 1787ko akordio liburuan. Herriak zuen
arazo larrienetariko bat bere barrak suposatzen zuen arriskua zen.
Horretaz jakitun, txalupa batek Zumaiara sartu nahian zebilen
itsasontzia gutxienez “peña de Arbustain” zeritzon parajeraino atoan
eraman behar zuela erabaki zuen kofradiak. Barraren arriskua ekiditen
lagundu nahi zuen neurria zen.

Kofradia
desberdinek ezarritako arauek segurtasuna apur bat bermatu arren, ez
zituzten ezbeharrak ekiditen. Besteak beste, Aita Mariren ekintzek argi
erakusten dute itsas sorospenera zuzenduriko neurrien gabezia eta,
jadanik XIX. mendearen erdialdean, gaia landu eta neurri zehatzak
ezartzeko behar gordina.

Oihana Artetxe

Irudia: Zumaiako Fototeka