Kanpandorreko erlojua eta Yereguitarrak
Urtea
bukatzen ari da… 2015a agurtu eta 2016ari ongietorria emateko
momentua hurbiltzen doa… Getariarrek Salbatore Deuna elizako erlojuari
so egongo dira hilabeteko azken eguneko gaueko hamabiak noiz iritsiko
zain, urteko azken hamabi kanpai-hotsak aditzeko irrikitan.
Erlojuak
denbora neurtzeko tramankuluak dira. Historian zehar gizakia elementu
desberdinez baliatu izan da denbora neurtzeko edota momentuko ordua
jakiteko. Lehen denbora neurgailuak egipziarrek sortu zituztela esaten
da. Beraiek asmatu zituzten erabilera luzea izango zuen eguzki erlojua
eta urarekin funtzionatzen “clepsidra” izeneko denbora neurgailua.
Eguzki erlojua egunez eta ur erlojua gauez erabiltzen omen zituzten.
Erdi Aroan berriz, printzipio mekanikoekin sortutako erlojuak agertu
ziren eta honekin batera kanpandorretako lehen erlojuak.
Herriko
erlojua elizako dorrean kokatzea zen ohikoena, gehien bat kanpaiak
bertan zeudelako. Kontuan izan behar da, hasierako erlojuek ez zutela
ordua adierazteko esferarik, kanpaihotsek ematen zuten horren berri.
Luzaroan, kanpandorreko erlojua izan zen herriko erloju bakarra.
Bizilagunentzat baliagarria zen elementua izaki, Udalarena izan zen
erlojua egiteko erabakia; Udalak erosi zuen erlojua eta bere gain hartu
egoki mantentzearen ardura.
Getariako
artxiboko dokumentazioa kontsultatu ondoren, ezezaguna zaigu Salbatore
Deuna elizako kanpandorreko erloju aitzindaria noizkoa den jakitea.
Ezezaguna zaigu, baita ere, erloju horren egilea. Herriko erlojuari
buruzko aipamen zaharrena 1844ko udal-akta batean jasotzen da. Erloju
publikoa matxuratuta dagoela eta konpontzeko eskaera Arrasateko Sugasti
erlojugileari luzatzea adosten da bertan. Erlojua berriro matxuratu zen
1903an eta oraingoan Agiñako (Usurbil) erlojugile zen Benito Yereguiri
eskatu zitzaion erlojuaren baloraketa eta konponketa. Honek, erlojua
konpontzeaz gain, momentuan erlojugintzan ematen ari ziren hobekuntzak
kontuan hartuta, kanpandorrean esfera berriak jarri eta erlojua hauei
egokitzeko moldatze-lanak egin zituen. 1907an erlojuaren makina babesten
zuen kaxa jarri eta zenbait konponketa egin zitzaizkion berriz, baina
oraingo honetan Benitoren semeak izan zuen lan honen ardura 240,50
pezeten truke. 1916an ere Yereguitarrak izan ziren matxuratutako erlojua
konpontzeaz arduratu zirenak Yeregui y Compañía izenpean. Baina nor
ziren Yereguitarrak?
Yereguitarrak
Betelutik (Nafarroa) etorritako erlojugile familia garrantzitsua izan
ziren. Jose Francisco Yeregui Zabaleta (1760-1834) izan zen
erlojugintzan hasi zena eta erlojugintzari lotutako ondorengo
belaunaldien aitzindaria. Nafarroan zenbait dorreko erloju egin zituzten
eta ondoren familiako adar bat Agiñara (Usurbil) etorri zen bizitzera:
Getariako erlojua konpondu zuten Benito Yereguik (1843-1912) eta bere
anaia Serapiok. Erlojugile emankorra izan zen Benito. Gutxienez 80
erloju egin zituela esan digu bere birbiloba eta Yeregui Elkarteko kide
den Xabier Alvarezek. Hau horrela, Gipuzkoako eliza ugarik dute beren
kanpandorrean Yereguitarrek egindako erlojuren bat. XX. mendearen
hasieran Benito Zumaiara lekualdatu zen bere familiarekin batera eta
Benito Yeregui e hijos izenpean erlojugintzan jarraitu zuen. Ondoren,
Calixtok (Benitoren seme zaharrenak) eta honen koinatu Angel Galardik
Getariako erlojua konpondu zuten 1916an, eta Espainian motorgintzan
aitzindari izan zen Yeregui y Compañía sortu zuten.
Oihana Artetxe