Erakusketak

Kaosari eta zoriari forma

Alonso Pimentelek Amable Arias liburuan gorde zuenez, Amablek berak dio txikitatik izan zuela pintatzeko beharra, eta honela, erabaki zuen inoiz ez zizkiotela gehien maite zituen bi gauzak kenduko, haiengatik borrokatuko zela: idazteagatik eta pintatzeagatik.

Eta horretan eman zuen bere bizitza osoa Amable Ariasek, sortzeari utzi gabe, hitzaren zentzurik zabalenean baitzen sortzaile. Inguruko guztiaz elikatzen zen, inkontzientearen galbahetik pasa eta munduari bueltatzen zion, gizaki guztiona den mundu honi, bere ikuspegi berezia gehitzen ziolarik.

Artelan hauekin, Amablek, bere barne mundura daramaten ateak irekitzen dizkigu, izaki goxo eta bitxiez josita dagoen kaosean sakontzera gonbidatzen gaitu. Bere izaeraren adierazgarri, satirismoz betetako esperientzia lazgarriak erakusten dizkigu. Bere burua hustutzen du, gu errealitatez betetzeko.

Erakusketa hau zeharkatzea artista-egunkari bat ikustea bezala izango da. Bertan, Ariasen bizitzako gertakari pisutsuenak asmatu daitezke, teknika ezberdinen bitartez; collage-a, urreak, paper txinatarrak, tintak, tinta erdoilduak, pastelak, akuarelak eta marrazkiak. Azken hauetan, tupamaroak nabarmenduko ditugu. Ezohiko euskarrietan garatutako lanak dira hauek, 400 liburu baina gehiagoren marjinak izaki txikiz hornituta ageri zaizkigu.

Amable Ariasen lanaren alderik ezezagunena ere ikusgai dugu erakusketa honetan, bere poemak; bortizkeriaz eta indarrez beteriko lanak dira hauek, orokorrean gauez idatzitakoak, paregabeak.

Kaseteetan grabatutako bi lan daude entzungai; Espacios sonoros eta Poemas fonéticos; hauen bitartez, Amable Arias eta Maru Rizo bere bikotearen joko poetikoen mundu onirikoa arakatu ahal izango dugu.

Laura Míguez eta Arrate Rodríguez