Bloga

Karta-jokoan liskarrak

Udal
artxiboetan auziak iturri ikaragarri onak eta baliotsuak dira. Garai
bateko kultura, ohitura, jakinduriak, pentsamenduak, eguneroko
eginkizunak, liskarrak, jokoak, lanak,… inon baino hobeto irudikatzen
dira auzi hauetan.

Partikularren
artean, edo partikular eta erakunde publikoen artean sortzen ziren
gatazka edo tirabiren inguruan erabakitzeko auzietara jotzen zen.
Honengatik, auzien gaiak oso anitzak dira. Edozein momentutan sortu
zitezkeen liskarrak. Baina ez zuten zertan erasoak edo borrokak izan
behar. Izan zitezkeen, lursail baten jabetzaren ingurukoa, azienda
lapurretak, ezkon-hitzarmen bat bete-arazteko, hilburukoaren
aurkakoa,…

Ziur
behin baino gehiagotan aterako dugula Baztango Udal Artxiboko auziren
bat gure artikuluetan. Gaurkoan lehenengo aldia izango da eta liskar
bati buruz arituko gara. Liskarra ohikoa den arren baditu auzi honek
hainbat datu eta ezaugarri bitxi bihurtzen dutena. Ikusi ditzagun.

Elizondoko
Juan Bautista Iriartek Elbeteko Juan Bautista Zelaietaren aurka
salaketa bat jartzen du. Borroka baten ondorioz laban batekin eragindako
zauriengatik. Borroka 1827 urteko urtarrilaren 8an gertatu da.
Elizondoko Ostatu Zaharrean karta jokoan aritu ondoren. “Truque y flor”
jokoan aritu ziren arratsalde osoz. Joko hau karta joko arrunta zen
orduan, 1443 urtean lehenengoz aipatua, gaur egun ere oraindik jolasten
den jokoa da. 22 karta eta 4 lagun behar dira. Binakako taldeak egin
behar dira. Guk aztertzen dugun kasuan Iriarte Jose Matias Etxandirekin
aritu zen, eta Zelaieta Francisco Dendarietarekin. Jokoa
dibertigarriagoa egiteko edo beraiek zioten bezala “…interesando en la
diversión botellas de vino…” apostu txikiak egiten ziren.

Iriartek
eta Etxandik partida guztiak galduta (eta ondorioz 6 pinta ardo
ordainduta) gabeko bederatziak aldera jokoa amaiutzat eman zuten.
Zelaietak Argiñenea etxerako bidea hartu zuen. Bi aurkariek susmo txarra
hartu zioten eta zelatan jarri ziren. Etxeko atarian gelditu arazi eta
boltsikoak miatu zizkioten. “…registradole el bolsillo le hallaron una
carta, que es el as de oros…”. Ostatuan zegoen testigu batek dio bi
karta gorde zituela “…que las dos cartas que le faltaban del naipe
eran el as de oros que se incluye en este auto y siete de espadas, que
con todo disimulo había metido en el bolsillo…”. Bai, karta hori,
argazkian ikusten duguna. Fiskalak gordetzea erabaki zuen froga modura.

Zelaietak
orduan, gezurretan ari zirela, berak tranparik ez zuela egin eta
mehatsuka hasi zen. Karta jokoan aurkari izandakoak bizitzan ere aurkari
bihurtuta. “…falsos, perros y matahombres…” iraintzen zituen.
Labana eskuan hartu eta Iriarte sabelean larri zauritu zuen.

Zirujauak
bere gastuen aitorpenean zehazten duenez, 2 hilabetetan 120 bisita egin
zizkion Iriarteri zauria egoki sendatzeko. Bi odol-ateratze (garai
batean hain erabiliak ziren “sangria” izeneko odol-ateratzeak) ere egin
zizkion. Azkenean, sendatu zen. Zelaietak berriz 200 librako isuna eta
“… y en la pena de medio homicidio aplicadas en la forma ordinaria…”
kartzela zigorra jasan zuen.

Auzi
guzti horren jarraipena gure artxiboan dugu eta bertan ikusi daiteke,
hari zuriz josita, “Cataluña año de 1824” idatzia duen urreko bata.

Amagoia Piá