Katalina de Zabaleta
2020 ilun honetan Ereitenek lanean darrai, aspaldiko lagunei berriak batuz. Azken horietako bat Igantziko Udala dugu. Hango artxiboa antolatzeko helburuari ekin zaio eta beti bezala, lan horrek uzta berezia biltzeko aukera ematen du.
Igantziko Udal Artxiboan topaturiko dokumentu batek piztu du oraingoan gure arreta. Idazkera oso txukuna du eta latinez idatzia dago. 1599. urtekoa da. Alfontso del Mazo, Iruñeko apezpikutzako notario eklesiastikoa da dokumentuaren egilea. Notario eklesiastikoek gotzain-barrutietan gertatutako jarduera zibil, kriminal, ekonomiko edo patrimonial oro eskrituratzen zuten eta dokumentu hauek latinez idatzi ohi zituzten.
Katalina Zabaletakoa da testuaren protagonista, Lesakako dorretxeko oinordekoa. Zabaletatarrak Bortzirietako leinurik boteretsuenetako bat izan ziren Erdi Aroan: Altzatetarrekin batera. XIV eta XV. mendeetan Lesakako erroten gaineko kontrola izan zuten, Etxalarko burdinolaren eta bertako ustiapenen jabe izan ziren eta bailarako larreen gozamena ere kontrolatzen zuten. Bada, 1473az geroztik Igantziko San Migel abadiaren patronatua ere Zabaletatarren esku geratu zen, Igantziko elizaren gaineko kontrol osoa eskuratuz. Hala, orduz geroztik Zabaletatarrek Igantziko auzoek bildutako uztaren hamarrena jaso, eta aldi berean, herriko abadea izendatu ahal izango zuten. Azken hau oso eskumen erakargarria zen Erdi Aroko nobleziarentzat, Elizak jendearen eguneroko bizitzaren gainean ezarritako erabateko kontrola zela eta, oso garrantzitsua baitzen beren gustuko edo beraien kontrolpeko apaizak izendatu ahal izatea.
Erabateko botere hau ez zen, ordea, betierekoa izan. XVI. mendean nobleziaren eskumenak murriztuz joan ziren. Bortzirietako auzoak ere nobleziak ezarritako gehiegizko karga hauen inguruko ezinegona erakusten hasiak ziren ordurako. Eta horren erakusle da Igantziko herriak 1566an Juan Zabaletaren aurka egin izana, San Migel elizaren gaineko patronatua auzitan jarriz.
Testuinguru horretan sorturiko dokumentua da esku artean duguna. Baina kasu honetan ez da auziaren inguruko xehetasun askorik ematen. Zor bat kitatzeari buruzkoa da. Domingo Errekaldek Pedro Ortzaitzekin zuen zorra Katalina Zabaletakoari ordaindu beharko diola esaten da bertan, azken hau Ortzaitzen lagapen-hartzailea zelako. Azken honen eta Domingo Errekalderen inguruan, ordea, ezin izan dugu oraingoz ezer gehiago jakin; baina Igantziko Artxiboan lanean dihardugun bitartean dokumentu honen inguruan sortu zaizkigun galderei erantzuna eman ahal izango zaie agian; bai guk, baita oraingo eta etorkizuneko erabiltzaileek ere.
Olatz Etxeberria, Igantziko artxiboa.