Korsikera baino ez zekiten horiek ‘morts pour la patrie’
Heroia izatetik psikopata izatera; gizakia eta animalia; sentimenduak kupidarik gabeko egoeran.
Giro gordin eta bortitzean murgildutako pertsonak ditugu protagonista: jende xumea gerrara eramana (edo joana). Bizitza normala duten pertsonak, heroi ala borrero bihurtuta. Hil ala bizi da aukera. Askotan aukeratzen ez dena.
Kontakizuna eta marrazkiak biak doaz batera. Holgadoren marrazkiek oso ondo narratzen dute istorioa. Atzean, Markoren mise en scène bikaina dutelarik.
Komikia ez ezik, Fanok, Basalok eta Holgadok Komikigunean egindako aurkezpenarekin gozatzeko aukera izan dugu ere. Dozena bat lagun bildu ginen. Basalok Aiò Zitelliren jatorria kontatu zuen: Korsikan sortzen den proiektua da, soldadu korsikarren bizi-penak oinarri hartuta. Hauen korrespondentzia da gidoiaren sorburua. Basalok oso ondo azaldu zuen ere zer nolako lana da komiki bat argitaratzea. Ziztu bizian aritu izanak baldintzatu du edizioa, baina, adibidez, aukeratu duten tamainari oso aproposa deritzogu.
Holgadok, bestalde, marrazteko prozesua azaldu zuen, batez ere lana taldekoa denean. Bitxia bada ere, Holgadok nahiago izan du garaia jorratzen duten beste lanak ez irakurtzea (Tardiren ‘Puta guerra‘ edo ‘Guerra de trincheras‘ adibidez), estiloa propioari eusteko. Edo sortzeko, bere marrazkera bikaina moldatu duelakoan gaude eta.
Abesti hau ezagutzen duzuenok berehala izango duzue buruan El último de la fila. Edo Kirk Douglasen ‘Paths of Glory’.
Akaso baten batek ere Svejk soldaduaren abenturak edo malurak.
Niri, baina, Sturmtruppen animazioa ere badagoela jakiten lagundu dit.
Azkenik, zer pentsatu ematen du Basalo, Holgado eta Marko Korsikari buruz frantsesez eta gazteleraz aritzeak, gure morts pour la patrie komikiaren bidez ezagutzeko paradarik gabe segitzen dugun bitartean. (Markoren ‘Les godillots‘-en aipuak kenduta).
Komikian ez, baina beste bide batzuk baditugu: aitatxi edo Eneko Bidegainen Le Pays Basque et la grande guerre esaterako.
David Zapirain