Erakusketak

Leizeak. Irudiaren labirintoak

Badira 2 hilabete Koldo Mitxelenako Erakustaretoa irudi kontzeptuaren bueltan dabilela bere Leizeak. Irudiaren labirintoak erakusketan, baina haratago, irudiaren presentziak egungo gizartean duen garrantziaren arrastoa nabarmena da.

Hiri berri batera iritsitakoan, gaur egun, gehienetan, ikusi beharrekoa zer den argi izaten dugu. Badaude aurrekariak, informatu gara, lonely planet hartu dugu liburutegian, harro gaude gure jakintzaz, gure lagunen argazkiak ikusi izanaz… Eta bertaratutakoan badakigu, nolako dorrea, edo gaztelua, edo eliza, edo udaletxea ikusiko dugun kalearen bueltan. Askotan, nahikoa zaigu bi dimentsiotan ezagutzen ditugunak errealitatean ikustea, lasaitasuna ematen digu. Bertan daude, guk ezagututakoak, ez geunden oker, ez dira tokiz mugitu. Hiria ezagutzen dugu. Asetu gara. Hortik aurrerakoak plazerra eragin dezaketen gehigarriak baino ez dira, zera osagarriak.

Oso bizitza ilustratua daramagu, tiramisua edo maionesa edo baratza nola egin ez dakigunean youtube-ko bideoak ikusten ditugu, errezeta edo landare liburuak kontsultatu. Gure jakintza zabalduz doa, modu batean edo bestean, baina agian irudimenari uzten diogun tartea txikiagoa da.

Hirurogeigarren hamarkadatik hona, arteari dagokionez, lan egiteko modua aldatu da, irudi komertzialak irudi artistikoekin nahastu dira, eta bertatik jaiotako hibridoak gaur egun arte lagun izan ditugu. Aipatzekoa Bigas Luna zine zuzendariak koipearen kontrako garbigarri ezagun batentzako egindako iragarki polemikoa, esate baterako. Dohainikako telebistan gaur egun egindako sarraldi ausartenetako bat izan dela esango nuke. Pornoa, erotismoa, telenobela, zinea eta produktua bera uztartu ditu airoski. Azken finean, garbigarri ezagun baten erosle profilari dagozkion nahiak eta gogoa azaleratu ditu, hauek ezkutuan mantentzen baldin badira ere, laburmetrai forman. Ikusleak, hortaz, bete du bere papera, obra iritsi zaio, eta kode ezberdinen bitartez ulertu ahal izan du, ekintza honetaz kontziente izan ez bada ere. Bakoitzaren kriterioaren arabera, egunerokotasunean, pieza-iragarki-laburmetrai hori maitatua, gorrotatua edo axolagabetzat hartua izango da.

Froga