Medialabeko artxiboaz eta bildumaz
2016tik Tabakalerako (Medialab) liburutegian lan egiten duen Ereiteneko taldea egiten ditugun zereginen arabera antolatuta dago: batetik, artxiboa eta informazioaren kudeaketa, eta, bestetik, liburutegia, non bilduma mantentzeko behar diren zeregin guztiak egiten ditugun: eskurapenak-erosketak, katalogazioa eta sailkapena, eta dokumentuen prozesu teknikoa.
Artxibo eta dokumentazioaren atalean Tabakalerako memoria kudeatzen dugu Makusi izeneko datu-basean. Bertan 2005etik gaur egun arteraino Tabakaleran gertatu den programazioaren informazio eta dokumentazio guztia jasotzen da; esate baterako, bertan topa ditzakegu Tabakalera eraikinaren zaharberritze prozesua ikus-entzuneko batean edota erakusketen inguruko argazkiak; laborategiko proiektu baten liburuxka edo instalazio baterako sortutako soinu-artxiboa. Horrez gain, bestelako funtsekin ere kolaboratzen dugu, hala nola, DSS2016ko funtsaren katalogazioan.
Medialaben bildumari dagokionez, arte eta pentsamendu garaikidean eta kultura digitalean espezializatutako liburutegia da, eta mota guztietako publikoentzat eskuragarri dago.
Gure bildumaren zati handi bat Artelekuren funtsetatik dator, gehienak arte plastiko garaikideari buruzkoak dira (pintura, eskultura…), baina hasieratik, Tabakalerarena bera gehitu zaio bilduma horri, gai anitzagoekin eta Tabakaleran garatzen diren proiektuekin lotuta: pentsamendu garaikidea, ikus-entzunezko arteak, arte biziak, arte plastikoak, kultura digitala, espazioak eta kultur azpiegiturak.
Gure bilduma elikatzeko modu edo bide ezberdinak ditugu: batetik, nola ez, erosketak daude (hainbat eta hainbat hornitzaile ditugu; 600 baino gehiago!). Bestetik, aipatu berri dugun Artelekuko funtsetatik jaso dugun materiala dago. Trukaketak, dohaintzak eta opariak ahaztu gabe, jakina. Horiei guztiei esker handitzen da bildumaren bolumena, garaikidetik, ez-komertzialetik eta esperimentaletik edaten duena eta, bide batez, bertako artista eta sortzaileen lanak lehen lerrora ekartzeko ahalegina egiten duena.
Aurrez aipatutako bi bilduma horiez gain, beste bi gehitu zaizkio azken urteotan: “Zinemaldia”, Zinemaldiak emandako funtsekin, eta Elias Querejeta Zine Eskola. Eskola ireki zenean hasi ginen bilduma hori osatzen, eta bi erakundeen artean kudeatuta dago; Zine Eskolak ikasturte bakoitzeko bibliografia hautatzen du, eta Medialab arduratzen da eduki horiek katalogatu eta eskola horretako ikasleei eskuragarri egiteaz.
Pandemiak pandemia, pixkanaka mugak ireki eta abiadurak dena hartzen duen honetan…. Medialaben, “ikasi, sortu eta gozatzeko” parada eskaintzen dizuegu.
Eta gogoan izan ikasturtea bukatzearekin batera, Medialabek kalera atera dituela bere ohiko hainbat zerbitzu eta jarduera; “Medialab magnoliatan” Andre Zigarrogileak Plazan aurkituko duzue.
Barru-giroa egin zein eguzkia atera… gurera hurbildu eta gozatzeko gonbidapena luzatzen dizuegu.
Ikusi arte!