Militarren pilotak
Militarrei pilotak nola ikutu asmatu zuten getariarrek. Hobe esanda, militarrei piloten bidez etxea nola txikitu asmatu zutela esan daiteke, oso era burutsuan gainera. Nola egin zuten azaltzeko pare bat argitzapen beharrezkoak dira, militarrengana pilotak nola iristen ziren ulertze aldera.
Ezer esan aurretik, 1852. urteko abendura egingo dugu salto, Isabel II.aren erregealdira alegia. Udal aktek diotenaren arabera, Getarian militarren kuartela herriko plazaren ondoan kokatzen zen, eta non jolasten zuten getariar pilotari trebeek Euskal Herrian horren maitatu eta jarraitua den kirolera? Herriko plazan, noski. 1852ko abenduaren 19ko udal aktak honela dio: “Los oficios relativos del señor Comandante Militar de esta villa (…) relativos a los daños que experimenta el tejado del cuartel cuando se caen las pelotas (…) desde tiempo inmemorial se juega a la pelota en la plaza, y hace quince años que el cuartel para la tropa se halla situado pegado al muro de la misma plaza”.
Hiru udal aktetan jorratzen da kuartelean pilotek eragiten dituzten kalteen inguruko gaia: 1852ko abenduaren 5ekoan, 1852ko abenduaren 19koan eta 1853ko urtarrilaren 1ekoan. Gertakari hauen inguruan egin daitezkeen irakurketak oso ezberdinak izan daitezkeen arren, badago ulertzen zaila egiten den kontu bat, getariar pilotarien trebeziarena alegia. Zaila egiten da ulertzen nola ia begiak itxita jolastu zezaketen gazteek, nahi gabe, pilotak kuartelera bidaltzen zituzten, eraikuntzan izugarrizko kalteak eraginez.
Azken hilabete hauetan puri-purian dagoen Altsasuko gazteen auziak euskal gazteen eta estatuko indar polizialen arteko tentsio erlazioak jarri ditu berriro ere mahai gainean. Tentsio hauen existentzia ukaezina da, baina noiztik bizi izan diren jakitea ezinezkoa. Hau kontuan izanda, ez litzateke zentzugabekeria izango, agian, pilota hauek kuartelera bideratzea kasualitatea ez izatea. Egoera eta kontestuari erreparatuz gero, pilota jokoa kuartelean kalteak eragiteko asmoak estaltzeko era ezinhobea izan zitekeen.
Lerro hauetan argi utzi nahi da hemen egiten dena gertakarien irakurketa sinple bat besterik ez dela, momentuko errealitateaz informazio gehiagorik ez baitago.
Xabier Etxeberria Lasa
Irudiaren iturria: https://www.getaria.eus/es/content/%C3%A1lbum-de-fotos-de-getaria