Bloga

Musika notak airean

Edozein
herriko jaietan bada ezinbesteko suertatzen den elementu bat. Bera
gabe festa ulertezina izango litzateke gehienentzat. Izaera oso
desberdineko ekintzetan ere protagonista nabaria dela esan daiteke.
Festak girotu, ospakizunak benetan ospakizun bihurtu, ekitaldiak
handitasunez jantzi… hori da herriko musika banda baten eginkizuna.

Getariako
Udal Musika Banda osatzeko lehen urratsa 1911ean eman zen, Salbatore
jaiak ospatu eta gutxira. Ordura arte, herriko jaiak ziren bakoitzean,
ospakizun desberdinetan, harrera ofizial bat aurreikusten zenean edo
antzerako ekintzak girotzeko, Getariako Udalak kanpora jo behar izaten
zuen musika banda baten bila. Zenbaitetan Galiziako musika banda
ibiltari bat kontratatzen zuen herriko jaiak doinuz janzteko, beste
batzuetan inguruko herrietako musika banda arduratzen zen horretaz.

Aipaturiko
urtean ordea, herria hazten ari zela ikusirik, musika banda osatzeko
momentu aproposa izan zitekeela pentsatu zuten. Getariarren ustetan
gainera, baziren elementu honen beharra aguerian uzten zuten bi
ospakizun nagusi. Bata, herrian urtero ospatzen zen
gurutzaldi-estropada; Erregea etortzen zen eta zegokion harrera egiteko
musika banda baten beharra suertatzen zen. Bigarrena, abuztuan
ospatzen diren Salbatore jaiak. Horrela, Udal Musika Banda sortzearen
egokitasuna jarri zen udaletxeko mahai gainean eta, 1911ko abuztuaren
13an eginiko bileran, musika banda sortzeko beharrezko pausoak emateko
erabakia hartu zen.

Getariako
artxiboko dokumentuetan irakurri daiteke, nola hilabete bat nahikoa
izan zen musika banda sortzeko beharrezkoak ziren gazteak biltzeko.
Hauek, ordea, jendaurrean piezak jotzen hasi baino lehen, formakuntza
baten beharrean aurkitzen ziren. Hau ikusirik, udalak Ignacio Echesortu
izendatu zuen taldearen irakasle eta etorkizuneko herriko musika
bandaren zuzendari. Udal Musika Banda osatzeko ezinbestekoak ziren
instrumentuak erosteko dirua ere udaletxeak jarri zuen eta Donostiako
Casa-Erviti izeneko denda ezagunean erosi ziren.

Urte
amaierarako, gazteen eguneroko musika eskolek bere fruituak eman
zituela dirudi, baina, antza denez, ez musika bandako zuzendariari
soldata bat ordaintzeko hainakoak. Udalak herriko musika bandaren egoera
egokia zela iritzi izan zion arte, hau da, 1912ko otsaila arte,
Ignacio Echesortuk ez zuen musika bandako zuzendari gisa soldata bat
izendatzerik lortu. Bera izan zen Getariako Musika Bandako lehen
zuzendaria eta bere karguari eutsi zion 1920ko maiatzan udaletxeko
idazkari izendatu zuten arte.

Oihana Artetxe