Erakusketak

Naufragioak euskal kostaldean

Marinel askok itsasoari beldurra baino, errespetua diotela esaten dute. Halere, benetako beldurra itsasbasterrean, euren familiekin geratzen dela pentsatzen dut. HItzez esan ez eta euren buruetatik aldentzen saiatu arren, beti dago hor. Oinaze hori ulertu eta justifikatu egiten da Untzi Museoko Naufragioak Euskal Kostaldean erakusketan. Baina urperatzeek ez dute heriotza, galera edota ahanztura bakarrik ekartzen. Aretoaren pareten artean, esperantza, eskuzabaltasuna eta ausardia ere antzematen dira.

Laureano Gordonen akuarelak sentimendu hauetako asko jasotzen ditu. Hasteko paradoxa batekin egiten dugu topo: eszena tragiko baten erretratu koloretsu eta alaia. 1850 urtean Mariana korbeta eta Felisa bergantina Kontxako badian hondoratu eta tripulatzaile asko hil ziren. Donostiar ugari hondartzan bildu zen gertatzen zena ikusteko, baina jakin-minaz haratago, nola ez ziren erakarriak sentituko? Pertsona askok itsasoa ogibide baitzuten. Senitarteko, bizilagun edo eurak berak egunero aurre egin behar izaten zioten erraldoi kontrolaezinari.

Kostako herrietan jendeak itsasoa eta zerua begiratu ohi du. Naturak erakusten digu, erakusketan behin eta berriz ikus dezakegun moduan, honen aurrean zein ahulak garen. XVII. mendeko galeoi handi eta sendoak haize eta olatuen indarrari men egin izan dute, askotan milaka pertsonen bizitza eta beste hainbatetan benetako altxor eta harri bitxiak itsasora eramanaz.

Ahultasun hau handiagoa dirudi, 1912an Bermeon jazotako galernaren moduko hondamendiak gertatzen direnean. Orduan ezintasuna eta atsekabea agertzen dira. Bada argazki bat non Donostiako portuan, San Jose ontziko tripulatzaileak itxaroten dituen jendetza agertzen den. Argazki honek familiek bizi duten agonia helarazten du. Batzutan, etsipen honi poztasun ikarraragarriak emango dio jarraipen. Bestetan, ordea, atsekabe jasanezina itzultzen ez direnengatik. Emakume gazte asko alargundu eta sostengurik gabe geratuko dira eta beste hainbat ume, umezurtz, aurrera aterako dituen baliabiderik gabe. Etsipena Mutrikuko emakume baten aurpegian antzematen da. Bere seme-alabekin ageri da argazkian, bere senarra itsasoan galdu ondoren.

Itsasoa azalezinak diren misterioz beteta dago eta gaur egun ere hunkitzen gaituzte. Zentzu honetan, 1912 urtea klabea izan zen, urte madarikatua. Urte honetan Titanic ontziaren istripua eta Bermeoko galernaz gain, San Ignacio de Loyola petronliontziaren hondoratzea gertatu zen. Pasaiako portutik AEBra abiatu zen, baina Atlantiar ozeanoko tokiren batean 13 tripulatzaileekin desagertu zen. Bisitari askok ontzi honen maketa harrituta begiratzen du, agian itsasoaren handitasunaren aurrean txikiak garela pentsatuz.

Galerna bat bizi duten marinelek paperezko itsasontzitan nabigatzen duten izaki txikiak direla sentitu behar dute. Lasaitasuna eta esperientzia bidelagun onak dira, baina zortea ez da beti aliatu izaten. Itsasoak pertsona asko banatzen ditu, baina beste asko batu. Lurrean, herri osoak batzen dira biktimak agurtzeko, eta Kantauri aldean asko dira pentsatu gabe itsasoratzen direnak beste batzuen biziak salbatzera. Bistakoa dirudi momentu erabakigarri horietan ia inertziaz jokatzen dela, baina kasu askotan erreskatera irteten zirenak ez zekiten igeri ere egiten. Benetako heroiak dira.

Bisita bukatzean, aldarte atsegineko gizon batek ahots leunez erakusketak hunkitu duela aitortzen du. Benetan ezinezkoa hau ez gertatzea, argazki eta irudi bakoitzaren atzean historiaz gain, batez ere, pertsonak baitaude. Askok bizia galdu dute, baina beste batzuk itsasoaren aurkako borrokan biziraun dute eta beste batzuk gehien maite zuten pertsonak galdu izanari aurre egin behar izan diote. Naufragio batek zapore gazi-gozoak ditu. Agian horregatik horrebeste zentzu aurkitzen diot Laureano Gordonek irudikatutako naufragio dramatiko baten eszena koloretsuari.

Belén de la Calle