Bloga

Oiartzun jai giroan

Uda jai garaia dugu, zalantzarik gabe. Festak hamaika lekutan ospatzen dira, izan hiri, herri edo auzuneak. Sanjoanetatik hasi eta aste luzeetan zehar, ondo pasatzeko giroa nagusi da. Denbora asko ez dela, herrietan ematen ziren ospakizun, festa eta jai gehienak egutegi kristau-katolikoak finkatuak ziren. Errealitate hau askoz adierazgarriagoa izan zen Antzin Erregimenean, Elizaren presentzia gizartearen hamaika esparrutara hedaturik baitzegoen. Edolona ere, hainbat antolakuntzan gizarte zibilaren partaidetza agerikoa zen, leku ezberdinetako auzo eta gobernuek beraien zeregina bete zutelarik. Hori dela eta, udal aktetan maiz agertzen dira mundu horrekin zerikusia duten kontuak.

1. Egutegi finko bat eta ez-ohiko hainbat gertakari

Elizari lotutako ekitaldiez gain (sermoiak, mezak, prozesioak…), Bailaran bestelako jarduerak ospatzen ziren garaiak bost ziren: Pazko garaia, Corpus eguna, uda hasierako San Joan, San Pedro eta San Martzial egunak eta, jakina, Done Eztebe, Oiartzungo zaindaria. Azkeneko biak izan ezik, beste data seinalatuak herriz herri ospatzen ziren; hau da, Mendebaldeko zibilizazioan, eta zehazki herrialde katolikoetan.

Baziren, hala ere, beste egun berezi batzuk, hala nola erregeei lotutako gertakari gogoangarriak: jaiotzak, heriotzak, koroatzeak edo igarotzeak. Orokorrean halakoak alardeekin ospatzen ziren: hor ditugu 1665ean Carlos. II.aren koroatzea zelebratzeko egindakoa edota Felipe V.a bailaratik 1701 eta 1706 urteetan pasatzean burututakoak.

Batzuetan ekitaldiak alor militarretik haratago zihoazen, 1707ko iraila aldera infantearen jaiotza ospatzeko adostutakoak, kasu. Ondorengotza Gerraren ondorioz egoera ekonomikoak okerrerantz egin bazuen ere, Probintziaren idatziak aintzat hartuz, hainbat ekitaldi burutzea pentsatu zen: gozematea, dozena erdi antzarren lasterketa, zezenketak, idi-suzkoa (“que se haga una manta cargada de cuetes para un buey que corra el primer día de los toros”) eta musiganga bat; hau da, mozorro xelebre edo bitxiekin antolatutako herri-festa, bereziki deabru edo animaliak irudikatzen zituztenak.

1702an erregearen guda-garaipena ospatzeko hartu zirenak, berriz, bitxiagoak dira, hainbat auzok aurkeztutako ekimen baten aurrean gaudela ematen baitu eta ez, ordea, udalbatzaren erabaki baten ildotik antolatutakoa. Hasiera batean hainbat gizonezkoek udalbatzari Mikelazulo edo Galardigibel inguruan jaia egiteko asmoa agertu zioten, baina gobernuak Elizaldeko plazan egitea adostu zuen, leku hura zikina egoteaz gain, eremua (“despoblado”) zelako. Horren ordez, Elizaldeko plazan egitea erabaki zen, berri ona ospatzeko asmoa zuten Bailarako beste baserri, basetxe eta auzoekin batera. Ez zen gutxiagorako, izan ere, antzar harrapaketa, txupiñ eta itxaferuez gain, emakumeekin dantzaldia (“baile con nuestras mujeres”) ospatzekoa asmoa agertu zuten; eta badakigu elizak halakoei zer beldur zien.

Erregeari lotutako ospakizunez gain, erlijioarekin zerikusia zuten ez-ohiko festak ere izan ziren. Batetik 1662an Sortzez Garbiaren eguna ospatzeko antolatutako sermoia, suak eta bolbora pizteak. Bestetik, eta Bailaran berebiziko garrantzia izan zuena, Done Eztebe martiriaren erlikiak Errenteriatik Oiartzunerako lekualdatzea ospatzeko 1692ko irailaren 12an antolatu zirenak (1). Adostutakoaren arabera, gorpuzkinei ongi etorria emateko egun horretako goizeko 8’00tan bailarako auzo eta biztanle guztiei Arragoako larrera joatea agindu zitzaien, Errenteria eta Oiartzunen arteko mugara hain zuzen ere, beharrezko zituzten arma, bolbora, soka eta bestelakoekin batera; eliz-kabildokideak berriz, beraien arroparik onenak jantziko zituzten. Horrez gain, predikatzaile bat, zezenak, txupiñak eta itxaferuak, 8 antzarren lasterketa, alardea ospatzeko bi danborjole eta, azkenik, Donostiatik propio ekarritako organojolea eta berarekin batera jarduten zen kornetajolea ekartzea erabaki zen.

Erlikiaren etorrera ospatzeko ekitaldiak islatzen dituen udalbatzarra

2. Jaiak ospatzeko ekitaldiak

Aurreko adibideak ez-ohiko jaiak baziren ere, garaiko ospakizunetan antolatzen ziren ekitaldien nondik-norako nagusien berri ematen digute. Batzuetan Bailararen egoera ekonomikoak gauzak aldatu bazituen ere, ekitaldirik nagusienak txistulariak, dantzak eta zezenketak zirela esan daiteke. Herri-musikariak Bailarakoak zein inguruko herrietakoak izan zitezkeen: Donostia, Irun edo Iparraldekoak, 1679ko San Joan, San Pedro eta San Martzial jaietan aritu ziren Juan Zumakoitz danborjolea eta Martin Etxeberria txistularia kasu. Zernolako musika edo dantzak ziren ez da jakiten erraza. Ezpata-dantza oso ohikoa zen, baina ez bakarra: 1702an emakumeekin batera egiten zirenen adibideaz gain, 1704 urtean Donostiatik etorritako musikariek ezpata-dantza “eta beste dantza berezi batzuk” (“otras danzas particulares”) jo omen zituzten.

1704ko Done Eztebe jaietan parte hartu zuten musikariei buruzko oharrak

Zezenketei dagokienez, antolakuntza nabarmena zuten: hesiak jarri eta kendu, itzainak kontratatu, zezenak bilatu eta bertaratu, hagak lortu… Horrez gain, oholtza bat antolatzen zen Bailarako agintariak esertzeko. Halakoei gozemate edo gozemaitza izeneko askari gozo bat ematen zitzaien. 1704ko Done Eztebe egunekoan, adibidez, bizkotxo-lehorrez egindako gozokiak, azukrea, limoi edo zitroinak, Donostiatik ekarritako elurra, fruta eta ardoz osatutako askaria antolatu zen.

Elizaldek hainbat kontutan ospakizunen zentraltasuna bazuen ere, gehienak, Pazko, San Joan eta San Pedro egunetako ospakizunak besteak beste, Oiartzungo hiru plazetan egiten ziren, Altzibar, Iturriotz eta Elizalden. Dena den, udalbatzak hainbat kasuetarako esparru bereziak antolatzeko asmoa azaldu zuen, 1705eko otsailean Jose Arizabalo eta Antonio Aurelari Madalensoron lizarrak landatzeko emandako mandatuan ageri denez. Bertan, udalbatzak lursail horiek helburu jakin batzuetarako eskuratu zituela adierazten zen: zuhaitzak ipini eta erregeak edo bestelako printzipeen igarotzea ospatzeko burutzen ziren alardeak egiteko, baina baita auzoen aisialdirako: “para vestir de árboles y poner recreo para sus vezinos y usar d’él poniendo su jente en esquadrón en los tiempos de passar por este Valle los señores reyes y otros principes” (2).

Mozorroak, inhauterietatik haratagoko ohitura

Edonola ere, hiru auzune horiek berezko izaera zuten, oso bizia, eta hau Oiartzungo jaien inguruko beste ohitura adierazgarri batean ikus dezakegu: San Juan, San Pedro eta San Martzial egunez antolatzen ziren mozorroen usadioan, hain zuzen ere. Are gehiago, gaur egunean jaien inguruan segurtasun kontuak eta kezkak dauden bezala, orduan ere halakoak agerikoak ziren: mozorrotzearen anonimotasuna aprobetxatuz iskanbilak eta liskarrak sortzen zirelako, bereziki auzune edo plaza ezberdinetako bizilagunen artean.

Egoera hau hainbatetan agertzen zaigu udal-aktetan. Hasieran mugak esparru jakin batzuetan aplikatu ziren: 1668an bi egunen arteko denboran Bailaran zegoen inor, ez bertakorik ez kanpotarrik, armak eta mozorrorik soinean eramateko debekua plazaratu zen (3); 1679an, berriz, bezperak eta arrats-otoitz edo konpletak esan baino lehen eta jendea elizatik atera aurretik, mozorroak ezingo ziren Elizaldeko plazan eta kaleetan zehar aritu; are gehiago, mandatu nagusia Elizalde aldeetarako bazen ere, agindua Altzibar eta Iturriozko plaza eta inguruetara hedatu zen (4).

1682 urtea mugarri izan zen mozorro kontuetan, harik eta guztiz debekatu arte:

“de aquí adelante, para siempre jamás, no se hagan ni salgan ningunas personas de qualquiera calidad, sexo y condición que sea, echo mozorro y disfrazado en los días del señor San Juan y San Pedro ni San Marçial ni en otras fiesta(s) y día alguna, por las plazas y calles d’este dicho valle, de día y de noche, por los yncombenientes que se an experimentado…” (5).

Zer dela eta debeku zorrotz hori? Esan bezala, mozorroen anonimotasunak mendeku, ezinikusi eta bestelako tentsioei bidea egiten zien, batez ere auzune batekoak bestekoen aurka zihoazelako. Urte hartan, ordea, egoerak okerrerantz egin zuen nabarmen, harik eta heriotza ekarri arte; Jose Olaziregirena, hain zuzen ere: “a subcedido este presente año la muerte de Joseph de Olaçiregui, dueño, en el ruido pendencia y alboroto que se hiciera en la plaça de Elizalde (…) entre los dichos vecinos y naturales d’él y mozorros que salieron mascarados…” (6)

Jose Olaziregiren heriotza aipatzen den zatia

Debekuak hurrengo urteetan berritu ziren. Gertakaria jazo eta 4 urtera, 1686an, gainera, mozorrotzeari heriotzarekin eta ondasunen bahiturarekin zigortu zen; dantza eta txistularien jardun-ordutegia arautu zen eta jaialdi horietan plaza bateko auzoei besteetara joatea debekatu zitzaien. Izan ere, liskarren zein Olaziregiren heriotzaren atzetik plaza ezberdinetako auzo eta biztanleen arteko ezinikusiak omen zeuden. Heriotza horren ildotik hartutako debeku-erabakiak gauez eta hiru plazen artean zebiltzan dantza eta mozorroek sortutako liskarren ondorioa ziren; hala adierazten zen 1697 urtean: “para que por este medio se euiten enemistades, odios, recelos, heridas y muertes que an suzedido entre los dichos vecinos y yncomuenientes que pueden resultar encontrándose los de la parzialidad de un barrio con otro” (7). Azken urte horretan, udalbatzaren aginduak aintzat hartu gabe, San Juan eta San Pedro arteko gau batez Altzibarko gazteek dantza bat antolatu eta bertatik atera ziren. Elizaldetik igarotzean zalapartak sortu omen ziren, protagonistetako hainbat atxilotuz.

Modu honetan 1697 horretako uztailaren 13an xedapen zorrotzak eman ziren, beste behin ere. Done Joane egunetik San Martzial ospatzen zenera arteko 8 egunetan, Altzibar, Elizalde eta Iturriotzek, bakoitzak bere aldetik, ospakizunak antolatzeko baimena zuten, baina hainbat mugarekin: txistulari eta dantzariek ez zuten danborjoeen laguntzarik izango; ekitaldi guztiak kera-dei edo etxeratzeko aginduaren ondoren amaituko ziren (gaueko 21’00etan); eta 1679an bezala, bezperen aurretik ospatzen ziren eguneko kalejirak debekatu egin ziren. Hau guztia betetzen ez zuenari Bailaratik deserriratzeko zigorra ezarriko zitzaion.

Egiari zor, mozorroen aurkako zorroztasunak bere eragina izan zuela ematen du, 1697ko gertakaria salbu, 1683tik aurrera gaia ez baita aktetan jorratzen. Debeku hauek guztiak, ordea, ez ziren doakoak. Askotan, horien atzetik zegoen erakundea Eliza zen. Ortodoxia katolikoa, Trentoko Kontzilioaren eta Kontraerreformaren inguruko xedapenek ezarritako moraltasuna bultzatu nahian, aurreko garaietako hainbat ohitura eta usadio debekatu edo moldatzeko asmoz hamaika ekimen abian jarri ziren. Oiartzungo mozorroen kasuan halakorik egon zela pentsa dezakegu: debeku gehienak udalbatzaren aldetik etorri baziren ere, ezin dugu ahaztu 1682ko akordioek Bailaran misiolari moduan zeuden bi Jesuiten parte-hartze zuzena izan zutela.

Iago Irixoa

(1) A-1-7-2, 163 au.-164 au. folioak.

(2) A-1-12-2, 53 au.-at. folioak

(3) A-1-1-3, 43 au.-45 au. folioak.

(4) A-1-3-3, 97 au.-98 au. folioak.

(5) A-1-4-2, 174 at. folioa.

(6) A-1-4-2, 175 au. folioa.

(7) (A-1-9-2, 216 au.)