Artxiboak

Oiartzungo populazio eta biztanleriara hurbilketa

Antzin Erregimeneko demografiara hurbilketa bat egitea ez da lan samurra, garai hartan ez baitziren biztanleriaren inguruko azterketak egiten, ez gaur egungo moduan behintzat. Euskal populazioaren inguruko lehenengo ikerketa demografikoa aurkitzeko 1805 urtera joan behar gara, eta itsas armadako kapitain eta Historiaren Errege Akademiaren zuzendari izandako Jose Vargas Ponceren (1770-1821) eskutik datorkigu; bigarrena Paskual Madoz (1806-1870) politikari nafarrak egin zuen, 1843.urtean. Hala eta guztiz ere, 1856 arte egindako erroldek helburu fiskal bati erantzuten diote, ez demografiko bati (1).

Zorionez, ez dira gutxi gaur arte biziraun duten eta helburu demografikoarekin erabili daitezkeen iturri idatziak, hala nola, mota desberdinetako erroldak edota liburu sakramentalak. Bigarrenak elizari lotutako funtsetan gordetzen diren heinean, lehenengoak udal-dokumentazioaren artean topa daitezke, eta Oiartzungo XVII eta XVIII. mendeetako udal aktei erreparatuz gero, halakorik badagoela ikusiko dugu. Garaiko biztanleriara gerturatzeko tresna interesgarriak eskaintzen dituzte, beti ere zer helburu bilatzen zuten aintzat hartuz gero; izan ere, helburu horien arabera, biztanleriaren ezagutzan sakontzeko informazioa osatuagoa edo eskasagoa izango da, aberatsagoa edo urriagoa. Edonola ere, gabeziak gabezia, guztiek euskarri interesgarriak osatzen dituzte. Errolda horietako asko esparru militarrari lotuak agertzen zaizkigu; gurean horren oihartzun handia duten alardeetara, hain zuzen ere.

1.- Alardeak

Alardeak oso ohikoak izan ziren Aro Modernoan zehar. Gipuzkoaren kasuan, udal-erakunde pribilegiatu bakoitzak, hau da, Probintziaren batzarretan zuzeneko ordezkaritza zuenetako bakoitzak, eskumenak zituen esparru horretan errekrutatze edo izen-ematea egiteko garaian, behar zen moduko ekitaldiak antolatzeko garaian edota tropen buru izango ziren karguak izendatzerakoan. Jarduera militar honen helburua herritarrei, bai eskubide guztiak zituzten auzoei zein bestelako biztanleei, armadaren funtzionamendua erakustea eta arma guztiak egoera onean zeudela ikuskatzea zen. Orohar Pazko egunez, edota garaipen militarrak ospatzeko egiten ziren (2).

Udal akten arabera, Oiartzunen dugun lehenengo alardeen erregistroak 1658ko ekainekoa (A-1-1-1, 37 at.) eta 1662ko maiatzekoa dira (A-1-1-2, 41 at.). Ekitaldiari buruzko ohar soil batzuk dira; ez dago partehartzaileen inguruko informaziorik eta ospakizunari ere, lerro soil batzuk eskaintzen zaizkio: “se guntó la gente en la plaça de Yturrioz con su armas para hacer y celebrer la reseña en que está de costunbre el dicho valle en cada año y aviéndose puesto en horden con su hilera se dio principio a la dicha reseña y desde ella, después de auer recorrido los puestos de donde suelen andar y formado escoadrón, pasaron a la plaça de Alçiuar y en ella así bien andubieron por los puestos acostunbrados…”.

Alta, 1664 urtera salto eginez, auzoz auzo alardean atera ziren gizonen zerrenda motz bat aurkitu ahal izateko (A-1-1-2, 31 au.-31 at. (5. foliazioa). Urte horretatik aurrera, geroz eta ohikoagoak izango dira gizonezkoen errolda luze eta zehatzak. Orohar, 18tik 60 urte bitartean dituzten gizonezkoen zerrendak dira. Kasu batzuetan kargu militarren izendapenak ageri dira, baina partehartzaileen izenik gabe; beste batzuetan soldaduen, beraien etxeen eta soinean daramaten armen eta munizioaren berri ematen digute. Azken hauek dira interesgarrienak, ditugun zerrendarik luze eta osoenak diren heinean.       

Ikuspuntu demografiko batetik benetan deigarria den lehenengo zerrenda 1673koa da, Frantziarren inbasioa zela eta Elizalden alarde bat ospatu zenekoa (A-1-2-2, 1 au.-7 at.). Dokumentua era bikainean dago antolatua: lehenengo, kargu militarrak banatzen dira eta ondoren bakoitzak eramango dituen eskuadrak zehazten dira, partaide guztien izenekin. Guztira 448 gizonez osatutako lista dugu. Zenbaitetan, izenaren ondoan ohar batzuk ageri dira, pertsona horrek armak dituen ala ez, egoera fisiko txarrean dagoen eta kanpoan bizi edo une horretan kanpoan dagoen aipatuz: “fuera, ausente” (Joanes Olaziregi Olaso), “es biejo” (Esteban Zubiaurre Garagartza), “ynpedido” (Legarra Eguzkitza), “no tiene armas” (Juan Iriarte Antsilats).

1706ko maiatzera jotzen badugu, Elizalde auzoan egindako errolda bat aurki dezakegu (A-1-13-1, 131 au.-149 au.), alardean ateratzeko egoeran zeuden gizonen inguruko informazioa biltzeko xedearekin egindakoa. Orriaren ezkerraldean etxeen izenak ageri dira; erdian, aldiz, bertan bizi zen pertsonaren izena dugu eta eskubian, bere menpe zeuden armen kopurua. Dokumentu honek, gainera, bereizgarri bat eskaintzen du, izan ere badirudi Elizalde auzoko etxe guztien errolda dela, ez alardean parte hartuko zuten gizonena bakarrik. Agindua, 131 au. folioan azaltzen den bezala, argia zen: “etxe guztietara iritsi (…) eta bakoitzean etxearen izena, bertan bizi diren gizonezkoena jarri, abizenak, izan ditzaketen armak eta beharrezko lituzketen munizioak jarriz” (“llegar a todas las casas (…) y en cada vna d’ellas ha de poner el nombre de las casas y de los hombres que biuen en ellas con sus apellidos y con las armas que tubieren y municiones necesarias”). Hori dela eta, hainbatetan, etxearen izenaren ondoan, emakumeak, elizgizonak edo egoera fisiko txarrean daudenak besterik ez zirela bizi adierazten da, baita gai zirenak baina, arrazoiak arrazoi, Bailaratik kanpo zeudenak ere: “Choquelu: Pphelipe de Arozemena, ausente en Navarra; Martinandiene: una muger; Espalda, una muger; Don Diegoene: Vive clérigo”. Hauek guztiak alardean ateratzetik salbuetsita zeuden, eta ondorioz ez dituzte beraien izenak aipatzen, gorago esan bezala, helburu nagusia militarra baitzen.

Zergadun diren gizonezko laikoen haragoko irudia: emakumeen eta elizgizonen isla (A-1-13-1, 131 at.)

Zehaztasun guzti hauen esker Elizalde auzoko biztanleriaren eta bertako etxeen inguruko irudi bat lortu dezakegu, zeharkako informazio mordoa ere ematen baitu, partziala izan arren. 

2.- Errege-armada

Gipuzkoak Errege Ogasunean laguntzeko betebeharra zuen, bereziki lurraldearen defentsarekin zerikusia zuten gastuen inguruan. Gastu hauek giza-baliabideetan, Gipuzkoako edo erreinuko mugak defendatzeko bidaltzen ziren soldadutan edota dirutan izan zitezkeen, armagizonei mantenimendua ordaintzeko sosak emanez (3).

Oiartzunen kasuan, 18-60 urte bitarteko gizonek Hondarribiko gotorlekura bidaltzeko betebeharra zuten, 6 hilabetez. Orokorrean 8tik 16rako soldadu kopurua bidaltzen zen, garai lasaietan, behintzat. Gizon horien inguruko hainbat errolda aurki daitezke udal aktetan, baina ez dira luzeak eta ez dute informazio sakona ematen. Zorionez, gai honi lotuta badaude beste dokumentu oso interesgarri batzuk. Soldadu hauek Hondarribian egitera behartuta zeuden egonaldiko gastuak, gainerako herritarrek ordaindu behar zituzten. Horri esker, dirua zor zuten pertsonen zerrendak aurki ditzakegu, beti ere 18tik 60 urte bitarteko gizonen betebeharra zela kontuan hartuz.

Noiz edo noiz benetan luzeak diren erroldak aurki ditzakegu, 1709ko abendukoa (A-1-14-2, 323 au.-328 at.), esaterako. Bertan, auzne bakoitzeko biztanleei, eta kasu batzuetan morroiei –beraien izenik eman gabe- ordaintzeko egokitu zitzaiena adierazten da. Hala, Elizaldeko 172 gizon, Altzibarko 63, Ergoiengo 131 izen, egungo Karrika den Bidasorogarrika auzuneko 87 gizon eta Iturriotz auzoko 153  pertsona azaltzen zaizkigu (II Irudia). Erroldaren bukaeran bi zerrenda txiki ageri dira, adin tarteen inguruko informazioa ematen dutenak: lehenengoan, hasierako zerrendan zeuden baina 60 urtetik gora zituzten pertsonen izenak daude; bigarrenean, berriz, 18 urtetik behera zituztenak. Izan ere, bi adin-talde hauetako gizonak ordaintzetik salbuetsita zeuden.

1709ko alardeari lotutako pertsonen erroldaren zati bat (A-1-14-2, 324 at.-325 au.)

Aurrekoaren antzera, 1734. urtean (A-1-34-1), diru-ekarpena egin behar zuten gizonezkoen errolda bat dago, baina kasu honetan 5 kategoria edo multzotan banatzen dira: ezkondutako auzoak, ezkongabeko auzoak, ezkondutako biztanleak, ezkongabeko biztanleak eta, azkenik, adinekoak.

1734an Bailaran bizi ziren gizonezkoen zergadun-multzoak (A-1-34-1, 394 au.)

Bi dokumentu hauei esker, auzoz-auzo eta etxez-etxe bizi ziren gizon kopuruaren eta emakume ezkonduen inguruko irudi bat izan dezakegu (zenbat auzo, zenbat biztanle, adin jakin batetik gorakoak). Beraien erabilera, aurretik aipatutako mugak kontuan hartuz egin beharra dago, baina galbahea ongi astinduz gero, baliagarriak diren datuak lor daitezke, beste iturri batzuek ematen dizkiguten datuekin uztartuz. Izan ere, helburu miltarrarekin burututako zerrendak ez dira udal aktetan ikus daitezkeen bakarrak.

3.- Beste dokumentu batzuk

Orain arte aipatutakoez gain, horien antza duten idatziak behin baino gehiagotan agertzen dira. Horietako zenbait ia urtez urte errepikatzen dira; beste batzuk, berriz, noizean behin agertzen diren errolda edo biztanle zerrendak ditugu.

Horien artean, sagardo-saltzaileekin zerikusia duten hainbat idatzi topa ditzakegu. Hauetan, auzune ezberdinetan saltzeko sagardo garbiz edota “bataiatuz” (urarekin nahastutako edaria, alegia) betetako upelak zituztenen zerrendak ageri dira. Aurretiaz aipatutako dokumentuekin alderatzen baditugu, zenbait desberdintasun ikusteko parada izango da: batetik, auzo edo biztanleen araberako erroldak dira, nahiz eta sagardo jabe bakoitzak upak zer etxetan dituen adierazi; bestetik, aipamen gutxi diren arren, zerrenda guztietan emakumeen izen-abizenak ageri dira, sagardo ekoizpen, salmenta eta tabernen munduan garrantzi handikoak baitziren Aro Berriko gizartean, baita Oiartzunen ere. Hor daude, besteak beste, 1720ko erregistroan agertzen diren Maria Josefa Bengoetxeakoa, 10 upamehetako upa bat sagardo garbi bere etxean duena, edo Bernarda Seingoa, Masterrena etxean upa bat sagardo garbi daukana.

523 mm x 370 mm

Sagardo garbia eta urarekin nahastua Bailaran saltzeko prest duten pertsonen zerrenda (1720) (A-1-20-1, 16 au.-18 at.)

Noizean behin aurki daitezkeen dokumentuen artean biztanleek elizari emandako limosnak ageri dira. Esate baterako, 1661an eta 1677an Done Eztebe elizako sakristia konpontzeko eta elizaren gangak eraikitzeko dirua eman zuten pertsonen zerrenda luzeak aurkitu daitezke  (A-1-3-1, 127 at.-139 at.). Batzuetan gizonen edo emakumeen izenak ageri dira -emakumeenak era askoz urriagoan-; beste batzuetan “el dueño de la casa…” edo “la dueña de la casa…” besterik ez da azaltzen. Fagoaga etxeari dagokionez, berriz, errotaria, etxeko maizterra eta etxeko andrea aipatzen dira, baina modu orokorrean, izen-abizenei aipurik egin gabe.

Oiartzungo elizako sakristia eta gangen laneterako Fagoaga etxeak egindako diru-ekarpenak: errotaria, maizterra eta etxeko andrea (1661) (A-1-3-1-1, 127 au.)

Iturri hauek biztanleen maila ekonomikoaren berri ematen digute, nahikoa diru zuten pertsonek bakarrik egin zezaketelako horrelako esfortzu ekonomikoa; gainera, bakoitzak emandako diru kopurua ere zehazten du dokumentuak. Beraz, Oiartzungo mailakatze sozialaren berri ematen digu.

Ikusi dugunez, Oiartzungo udal aktak benetan dokumentu interesgarriak dira, kasu honetan garaiko biztanleriaren mapa bat eraikitzeko. Mugak agerikoak dira, adin, genero edota maila ekonomiko kontuetan. Dena den, auzo, etxe eta bertan bizi ziren pertsonen inguruko datu asko lor ditzakegu, eta zeharkako era batean informazio hutsuneak pixkanaka bete daitezke.

***

Oin-oharrak

(1) URRUTIKOETXEA LIZARRAGA, J.: “Demografía histórica vasca”. In: Vasconia: Cuadernos de historia-geografía, 5(1985), 310-315 orr. (308-330).

(2) RILOVA JERICÓ, C.: La pólvora de San Juan. Alardes y milicia en Tolosa (1456-1876). S. l., s. e., 2009, 10 orr. (https://udala.tolosa.eus/sites/default/files/La%20polvora%20de%20San%20Juan.pdf). Ikus, baita ere, TRUCHUELO GARCÍA, S.: Gipuzkoa y el poder real en la Alta Edad Moderna. Donostia: GFA, 2004, 57 orr. eta hh.

(3) TRUCHUELO GARCIA, S., aip. lan., 215-217 orr.

Aixa Barbarin