Artxiboak

Oreretako harresiak 1613an: Gruyere gazta bat?

1.- Harresiak, babesa ematetik haratagoko elementua

Jakina
da hiribildu titulu eta maila juridikoa eskuratu zuten populazio
guneek, inguruarekiko ezberdin edo aipagarri egiten zituzten elementuen
artean harresiak zituztela. Askotan, eta Gipuzkoako kasua horren lekuko
da, harresi hauek ez ziren Artaxoa, Avila edo Lugon ikus daitezkeenak
bezalakoak, askoz elementu soil eta xumeagoak baizik. Hori dela eta,
gure lurraldeko hiribilduetan izan zezaketen funtzionaltasuna behin
baino gehiagotan ezbaian jarri da, bereziki Erdi Aroan zehar bizi zen
barne-giro ezegonkorra baretu zenetik. Horren lekuko dugu hirigintza
kontuetan emandako prozesuak eta hauen baitan harresi horiek izan
zituzten erabilerak. Hamaika lekutan babeserako ziren azpiegitura horiek
eraikuntza elementu soil izaten amaitu zuten. Ondoan zituzten etxeak
handitu eta zabaltzeko asmoz, euskarri gisa erabilitako ormatzar bihurtu
ziren.

Hasiera
batean, harresiaren eta parean zuten etxeen artean tarte bat zegoen,
erronda egiteko erabiltzen zena, besteak beste. Denborak aurrera egin
ahala, bereziki XV. mende hasieratik aurrera, espazio hura okupatzen
joan zen, normalean modu alegal edo ilegal batean. Udalbatzek nahi eta
ezinezko politika bat eramaten saitu ziren, baina azkenean amore eman
beharrean izan ziren, joera nagusiari ezin eutsiz (1).

2.- Errenteriako harresiaren aprobetxamendua

Orereta,
Oiartzungo Huriberri edo Errenteria hiribildua aipatzen dugun prozesu
horren lekuko izan da. Bere harresiek gainera, nolabaiteko
erakargarritasuna izan dute eta hainbat lanek beraien inguruan jardun
dute (2). Zoritxarrez, plazaratu diren emaitzak halamoduzkoak izan dira,
bereziki garaian zegoen hutsune dokumentalagatik. Zorionez, aurreko
mendeetako idatzietan barneratzeak oraindik uzta oparoa eman dezake.
Datozen lerroak horren lekuko dira, harresiaren inguruan oso datu
interesgarriak ematen dituen dokumentu bitxi baten inguruan jardungo
baikara.

Udal
aktetara joaz, harresiaren defentsa-erabilera zalantzan jartzeko lehen
susmoak topa daitezke. Dokumentazio horretatik eskuratutako datuen
artean, harresietan zuloak egiteko udalbatzak emandako baimenak ditugu,
bereziki 1606 eta 1704 urte bitartean. Horrek, hirigintza-elementu
esanguratsu hark izan zezakeen babes-funtzioa nahiko mugatua zela
islatzen du, baita 1638ko erasoa jazo baino lehen ere. Jakina, halako
baieztapenak tentuz, behin-behinean hartu behar ditugu, eta oinarri
sendoagoa izate aldera, baimen horiek harresiaren zein tokitan eta
zertarako ematen ziren ikertzea funtsezkoa litzateke. Izan ere, badirudi
hainbat kasutan babes kontuak oso aintzat hartu zirela eta horren
arabera zulaketak egiteko baimenak eman zirela; beste modu batera
esateko, lizentzia lortzeko baldintzen artean, arriskuen aurrean zuloa
berriz ixtea zegoen; hori izan zen, adibidez, Urdangarin etxearen kasua:
harresiaren zatian egin zuen atea ixteko agindua eman zitzaion 1637an,
frantsesen etorreraren zurrumurruen aurrean.

Hala
ere, Errenterian, hainbat kasutan harresi eta etxeen arteko tarteak
mantendu zirela ematen du, gutxienez XVIII. mendera arte. Dena den,
horrek ez du esan nahi harresiak hirigintza aldetik erabili ez zirenik;
aitzitik, tarte hori errespetatuz beste konponbide bat topatu zen: tarte
horretan korridore edo pasilloak eraikitzearena, hain zuzen ere. Hor
daude, besteak beste, aktetan dokumentatu daitezkeen Frantziska del
Bruel (1585), Blas Jerezkoa (1609), Lubeltza etxea (1612koa) Migel Felix
Etxezarretakoa (1684) edo Juan Galardikoaren (1700) kasuak.

3.- 1613ko ikuskatzea: lau “espaloi”, hainbat etxe

Harresia
zulatzeko lizentzia horietako batek auzia sortu zuen baimendutakoaren
eta udalbatzaren artean. Afera epaitzeko ardura korrejidoreak hartu zuen
eta honi esker, auzia Tolosan dagoen Gipuzkoako Artxibo Orokorraren
funtsen artean gordeta dugu, zehazki AGG-GAO CO LCI 417 espedientean.

Baimenaren
inguruko eztabaidetatik haratago, prozesuak bere baitan altxor
preziatua gordeta du: 1613ko harresien ikuskatzea, hain zuzen ere.
Azterketa hau benetako pagotsa da gune horrek frantsesek eragindako
sutearen aurretik zuen egoera jakiteko, baina ez hori bakarrik.
Harresiaren azterketak berak toponimia lanetan egin diren ekarpenak
osatzeko balio du, hainbat etxeren kokapen zehatza jakingo genukeelakoan
baikaude. Era berean, eta datuak uztartuz, 1638. urtearen ondoren eman
zen berreraikuntza prozesua aztertu daiteke eta halaber, kronologikoki
atzeranzko bidea eginez, ikuskatzea 1512-1613 urteen arteko garapena
zein izan zen jakiteko funtsezko euskarri dugu. Hau guztia, jakina, beti
ere dokumentazio eskasiak edo testuek gaiari buruz eman ditzaketen
informazioek hamaika muga jarri ditzakeela aintzat hartuz.

Auzia
Juan Amasakoari emandako baimenaren inguruan diharduenez, 1613ko
azaroaren 11ko ikuskatzea bere etxeetatik abiatu zen, ondoren
hiribilduari itzulia emanez. Higiezin horiek errebaleko atearen ondoan
zeuden eta datu ezberdinak lotuz, badirudi XV. mende amaieratik
gutxienez, etxe horien jabetza abizen beraren baitan egon zela. Izan
ere, Errege Katolikoek lonja ezartzeko baimena eman zutenean, 1497an,
hori eraiki artean errebalaren ondoan zeuden Pero Amasakoaren etxeetan
egongo zela agintzen zuten: “que está junto con la puerta que salen de
la dicha villa para la villa de San Sabastián, a man ezquierda” (3).

Ikuskatzeak
Amasaren etxetik beheranzko bidea hartu zuen: Errebaleko edo Donostiako
atea, Zubieta lizentziatuaren etxeak (orduan lonja moduan erabiliak),
Lubeltza “etxe zaharrak” eta beste hainbat aipatuz. Horiek guztiek
lehenengo zati, eremu edo, dokumentuan aipatzen den bezala, “espaloia”
osatzen zuten. Ikuskatzea halako lautan banatu zen eta azterketa guztian
ate bakarra aipatzen bazen ere, gaur egungo alde zaharraren forma
aintzat hartuz, lehenengo begiratuan zati horiek primeran identifikatu
daitezke.

Hiribilduari
bira emanez, ikuskatzeak 53 etxe aipatzen ditu: lehenengo espaloian,
hogei; bigarrenean, hemeretzi; hirugarrenak sei lituzke, tartean “dorre
zaharrak”: “las torres biejas de los herederos de Marina de Ysasti, que
las posee Juan de Aruelaiz, edificados sobre las dichas murrallas”.
Hemen zailtasun bat dugu, “La Torre” izeneko etxeak eta “dorre zaharrak”
aipatzen baitira, hurrenkera horretan eta azkena espaloiaren amaiera
delarik; horregatik, azken horiek eta ez “La Torre”, Torrekuari
dagozkiola uste dugu.

Laugarren
espaloia, “Morrontxo”-rekin hasiko litzatekeena, ez du inolako dorrerik
aipatzen, Frantzisko Arramendikoaren etxeak baizik. Ziurrenik
Arramendiren atzean Arranomendi irakurri beharko genuke eta modu
honetan, Frantzisko hori 1496 inguruan hil zen Morrontxeren semea
genuke.

Azken
espaloi honek hau zati nagusitan bereizten da, baina ez dagozkie beste
horrenbeste etxeri. Arramendiren higiezinaren ondoren bi etxe multzo
aipatzen dira: “beste lau etxe” (“otras quatro casas seguientes”) eta
hauen ondoren “beste bi etxe” (“yten, dos casas seguientes en la propia
açera”); espaloiaren amaieran Tomas Zelaiakoa eta andre Milia Zubietakoa
senar-emazteen etxeak leudeke. Funtsean, beraz, harresiaren zati honek 8
etxe bilduko lituzke. Hemendik eta Amasaren etxera higiezinik gabeko
tarte bat legoke, ondoan harresia eta eliza ludekeelarik, gaur egun argi
eta garbi ikus daitekeen moduan.

4.- Etxeei buruzko datu batzuk

Orokorrean,
ikuskatzeak agerian uzten du harresian hamaika zulo egin zirela, leiho
eta ateetarako. Azken elementu hauek erabilera ezberdinak zituzten;
orokorrean sotoetara joateko sarrerak dira, bertatik merkatalgaiak eta
bestelako gauzen sartu-irtena bideratzeko. Batzuetan, ordea, ate hauek
etxearen eta harresiaren arteko gune irekietarako sarbidea ziren,
baratzak edo lorategiak zituzten tarteetarako, hain zuzen ere. Migel
Alduntzingoa lizentziatuaren etxeak, adibidez, harresiaren zatian lau
leiho, atea eta “harrizko lorategia” zuen: “Yten, las casas prinçipales
del dicho liçençiado Miguel de Aldunçin, que están fabricadas por la
parte de atrás sobre la dicha murralla. Tienen en ellas quatro ventanas y
una puerta baxa y jardín de piedra”. Handik gertu zegoen Grazia
Galartzakoaren jaraunsleen etxeak ere halako lorategia zuen, baita
Domingo Zubietakoaren oinordekoena ere. Baratzeei dagokienez, Esteban
Alduntzinen kasuan aipatzen dira.

Itxura
aldetik dorretxeak dira eraikinik azpimarragarrienak, baina ez
bakarrak. Juan Ortiz Agirrekoaren jaraunsleen etxeak, gorago aipatu
dugun beste egitura berezi bat du: harresi gainean etxea eraikita
izateaz gain, sotorako ateaz aparte, egurrezko korridorea duela aipatzen
baita.

Datu
bitxiagorik topa daiteke. Errebaleko atetik beheranzko bidea eginez,
Jakue Beraungoaren etxea dugu, harresian bertan armarria duena. Bere
kasua hagitz interesgarria da. Batetik, harresiaren funtzioen galera
adierazten du, euskarri soil moduan zuen erabilerari lehentasuna ematen
zitzaiolarik; hau da, harresia bera eta etxeen paretak ezberdintzeko
zailtasunak zeuden, osotasun bat osatzen zutelaren seinale. Izan ere;
azterketa egin zenean, Beraunek berak zioenez, armarria eta leihoa ez
zeuden harresiaren paretetan: “dixo que son distintas la pared de la
dicha muralla y la parte donde están las dichas armas y bentana”. Baina
hori ez da adibide horrek ahalbidetzen duen hausnarketa bakarra.
Beraunen etxea non dagoen ikusita eta armarriaren aipamena aintzat
hartuta, duela aste gutxi hiribilduko ondareak izan duen eraso eta
galera baten inguruan aipamena egitera garamaratza. Datu gehiago bildu
behar direla ohartu beharrean gaude, baina kokapena eta elementuaren
aipuak aintzat hartuta, ez litzateke harritzekoa izango 1613ko armarria
eta berriki inguru horretan suntsitu dena, gauza bera izatea (4); are
gehigo armarriaren elementuek, XVII. mendekoak ziruditenean.

Espazioaren
aldetik, interesgarria litzateke gaur egungo etxeek eta 1613koek
zabaleran orube bera betetzen zuten ala ez jakitea. Honela, etxe-jabe
batzuek ondoko sailak eskuratu zituzten ala ez eta hori noiz egin zuten
jakiteko oinarri batzuk jarriko genituzke. Ildo honetatik, urte hartan
egindako azterketan, harresi ondoko guneek okupazio nabarmena zuten.
Hala ere, bazeuden eraitsita edo orubea erdi hutsik zituzten zatiak.
Lehenengo espaloian aipatzen den Labaienen etxeek horren adibidea ematen
digute. Eraikina ordurako eraitsita zegoen, baina ez hori bakarrik,
alde horretan harresia ere hautsita zegoela ematen du: “Yten, los suelos
de las casas que fueron de Labayen y están desechas y tiene rota la
murralla [sic] sin puerta para seruiçio”.

Iago Irixoa

(*)
1857ko Morrontxo eta Torrekua arteko atearen argazkiarako, ikus RUIZ DE
AZÚA, J.: “Las primeras fotografías”. In: Oarso, 2014, 13-23 orr.,
bereziki 21. Udal Artxiboan ere, horiek kopiak gordetzen dira. Eskerrak
eman nahi dizkiogu Luis Elberdini datua helarazteagatik.

(1)
Honen inguruan, ARÍZABA BOLUMBURU, B.: Urbanística medieval
(Guipúzcoa). Donostia: Kriseilu, 1991, bereziki 123 orr. eta hh.
Donostiako kasurako, ikus baita AGUINAGALDE OLAIZOLA, F. B. de: “La
reconstrucción de un espacio urbano. Vicisitudes de las torres del
Preboste, en la calle de las Carnicerías (Embeltrán). Siglo XV-1813”.
In: BEHSS, 23 (1989), 79-131 orr.

(2)
LECUONA, M. de: “Rentería, villa amurallada”. In: Oarso, 4 (1961), 5-7
orr.; OBESO, X.: “Las murallas del este de la villa de Rentería”. In:
Oiarso (1989), 117-118 orr.; SARASOLA, N.: “La muralla de la Villa de
Errenteria: Intervención arqueológica en el solar Kapitanenea 16”. In:
Oarso (2006), pp. 44-47. Ald. IBÁÑEZ ETXEBERRIA, A.; AGUIRRE-MAULEÓN,
J.: “Consideraciones arqueológicas en torno al urbanismo en Rentería en
el siglo XVI”. In: Bilduma, 10 (1996), 29-43 orr.

(3)
CRESPO RICO, M. A.; CRUZ MUNDET, J. R.; eta GÓMEZ LAGO, J. M.:
Colección documental del Archivo Municipal de Rentería. Tomo II
(1470-1500). Donostia: Eusko Ikaskuntza, 95. dok.

(4) http://herribizia.errenteria.eus/2017/10/27/errenteriako-udalak-herritar-guztiak-deitu-ditu-historia-ondarea-babestera/; http://oarsoaldea.hitza.eus/2017/10/27/ondare-historikoa-babestera-deitu-du-udalak/; http://oarsobidasoa.hitza.eus/2017/11/06/lotsaren-murrua/).