Artxiboak

Oria ibaiaren poluzioaren aztarnak Villabonako artxiboan

Poluzioa eta honek klima-aldaketarekin duen lotura gaurkotasun handia duen gaia da: hedabideek aldi oro jakinarazten dizkigute enpresek hartutako neurriak haien jardueraren ondoriozko kutsadura murrizteko. Uraren poluzioa aipatzen denean, ezinezkoa da Oria ibaian ez pentsatzea. Horregatik, gaurkoan Villabonako ondare industrialarekin gatoz berriro.

Herri honen kokapen geografikoa dela eta, Oria ibaiaren ertzean, industriak errotze handia izan zuen XX. mendeko 50 eta 80ko hamarkadetan; batez ere, beren jarduera garatzeko uraren indarra behar zuten paper-fabrikak eta ehun-fabrikak ezarri ziren. Ibaiertzetako industria indartsu honen ondorioz, Oria ibaiak kutsadura handia jasan zuen. Villabonako Artxiboan aurkitzen den argazki honi arretaz erreparatzen badiogu, lantegien isuri horien ondorioz ibaian sortzen zen aparra ikus dezakegu:

Uraren poluzio honen inguruko aztarna gehiago aurkitu ditzakegu Villabonako artxiboan: adibidez, 1962an “Comisaría de Aguas del Norte de España”-k hainbat enpresari jarritako salaketak Oria ibaira ingurumenari kalte egiten zioten isurketak egiteagatik (sig. 0254 – 06). Ibaian denetik isurtzen zen garai hartan.

Urte batzuk beranduago, 1968ko irailak 10eko Udal Batzarrean gai honi buruz eztabaidatu zen (sig. 0014-04 CF, 75r-76r). Akta liburuan ondorengoa aipatzen da: “paper-fabrikek egiten dituzten isurketengatik Oria ibaiaren egoera kontuan hartuta, bere flora eta fauna suntsitzeaz gain, kirats desatsegina sortzen da… eta haize pixka bat dabilenean herrian hegan egiten duen aparrak eragozpenak sortzen ditu”.

Egoera 1990. urtetik aurrera hobetu zen, industriek hondakin-urak zuzenean ibaira ez isurtzeko araztegiak eraiki zituztenean. Denborak aurrera egin ahala, Oria ibaiaren uretara arrainen bizitzaren zati handi bat itzuli da, batez ere amuarrainak ikus daitezke bere uretan.

Miriam Ruiz