Artxiboak

Perspektiba kontua da

Zalantzarik gabe, perspektiba kontua da. Artxibo mota desberdinak daude, asko, ia artxiboak beste: modernoak, ruinosoak, erosoak, berriak, handiak, hotzak,… Haietara goaz lanera, egunero jantziko dugun arropa haiei egokituaz. Lanera goaz bakarrik, binaka, onenetan hiru lankide. Batzuk musika eramaten dugu, besteek nahiago Irratiko hizlarien konpainia, besteok nahikoa dugu gure pentsamenduak entzutearekin. Prest daramagu bakoitzerako aproposena. Dagoeneko, gure “kamaleoitasuna” ikaragarri garatua dugu. Nik uste gure DNAren estrukturan ere erantsia dugula.

Atzo, 3 solairuko artxiboan egon nintzen. Guztiz berritua, mahai eta aulki erosoak, tenperatura kontrolatua, apalak elektronikoak! Ez zen batere zaila izan baldintza horietarako arropa egokia prestatu eta mentalizazio lanak egitea.

Hiruak, baina, ez dira artxiboa. Beheko solairua “Elikagai Bankua” da. Gehienek dugu honen aurreiritzi bat, noski. Saiatuko naiz nerea ez ematen: herriko jende batek (normalean erretiroa hartua daudenak) herriko beste jende bati (normalean etorkin familiak) elikagaiak (bizirik jarraitzeko behar adina janari) banatzeko dagoen sistema da (Ups!).

Atzo zen janaria banatzeko eguna. Han zeuden hiru lagun (bi erretiratu eta gazteago bat) dena prestatzen ateak ireki aurretik. Kutxatan loteak biltzen banatzen hastean jendea gehiegi zain ez izateko, ilara ez luzatzeko kalean: esnea falta da hemen, arrautzak sartu hor, oilaskoa oraindik izoztua dago…

Eta ireki zituzten ateak. Hasi ziren banaka sartzen: helduak, gazteak, etorkinak, euskaldun petoak, banaka eta familiaka… Denei “Egun on, zure izena?” goxo emakume batek. Gero oharra lankideei “honek batentzako lotea! “, “honek 4 laguneko lotea!”… Sari banaketa baten antzera entzuten nituen goitik hotsak. “Sarituek”, kutxa hartu, eskerrak eta agur.

Ama baten txanda, seme txikiarekin. “Egun on, izena?” goxo andreak amari. “Lotea 5 seniderentzako!” lagunei. Mutikoari: “zabaldu eskuak horrela, gaur produktu berezi bat bidali digute” eta txokolate tableta bat jarri zion. “Haaaaalaaaa!” mutikoak, “oh, graaaacias! le alegraste el día” amak.

Beheko solairuko hotsen doinuek zioten egunik politena zela atzokoa. Eta goian, artxibo modernoan: kamaleoi honek ez du arroparik horrelakoak jasateko!

Amagoia Piá