Bloga

Plater bakarraren eguna

“Plater
bakarraren eguna”, horrela deitu zitzaion 1936ko Urriaren 30ean
Espainian dekretuz hartu zen neurria. Erabakia Gobernadore Zibilek
jakinarazi zieten lurraldeko Udalei eta Azaroaren 15ean jarri zen
martxan. Getarian Azaroaren 14ko udalbatzarrean jakinarazi zen. Baina,
zer zen “Plater bakarraren eguna”?

Gerra
Zibilean altxamendua burutu zuen bandoak ezarri zuen neurria izan zen.
“Plater bakarraren eguna” delakoa hilabeteko lehenengo eta hamabosgarren
egunean ospatzen zen. Egun horietan taberna, jatetxe, ostatu eta
hoteletan plater bakarra jateko eskaintza egiten zen menu oso baten
kostuan. Hau da, bezeroek lehenengo eta bigarren platerra eta postrea
jango balute bezala ordaintzen zuten, baina praktikan plater bakarra
jaten zuten. Eskaintzen zen platera zopa, haragia, arraina edo edozein
eltzekari izan zitekeen. Bezeroak horietariko bat hautatu behar zuen eta
postrearekin laguntzen zen.

Otordu
horietan lortzen zen etekina ongintzara bideratzen zen. Diru-bilketa
hurrengo hilabeteko bigarren egunean egiten zen, legea betetzeko agindua
zuten establezimenduetan eta etxe partikularretan. Ordaindu
beharrekoak, gutxienez, egun horretako irabazien %25a izan behar zuen
eta, gainera, otorduak ematen zituztenek egun bakoitzeko bezeroen
zerrenda osatzeko agindua zuten, inolako iruzurrik egon ez zedin.

Getariako
lehen “Plater bakarraren eguneko” diru-bilketa 180,75 pezetakoa izan
zen. Egun hori ordea, ez zen hilabetero bete. 1937ko urtarrilean
diru-bilketa hori egiteari utzi zitzaion, besteak beste, Udalak
Laredotik ihesean etorritako errefuxiatuak eta, portua itxirik mantendu
zen bitartean, herriko arrantzale pobreak laguntzeko diru-bilketa
berezia egin behar izanagatik. Otsailean eguna berriro martxan jarri eta
350 pezeta bildu zituzten. 1939ko ekainetik abendura bitartean berriro
etenda egon zen. Orduan, diru-bilketa egiteko ardura zuen herriko
Sección Femeninak ez zuelako eginbeharra bete. Udalbatzarrak, egoeraren
jabe, sei hilbeteengatik badaezpadako 460 pezetako ordainketa egitea
erabaki zuen. Izan ere, “Plater bakarraren eguna” ospatzeari muzin
eginez gero “Mugimenduaren” kontrakotzat hartu eta zerrenda beltzetan
sartzeko edo isuna jasotzeko arriskua zegoen.

Oihana Artetxe

*Irudia: “Plater bakarraren egunaren publizitate kartela (Iturria: http://www.elespanol.com)”