Bloga

Plater konbinatuaren aurrekaria

Gaur egun normaltzat hartzen dugu taberna batera joan eta bertan plater konbinatuaren eskaintza topatzea. Behin baino gehiagotan menu oso bat jateko gogo edo beharrik ez eta plater konbinatua hautatzen dugu. Otordu oparo eta ogitartekoaren arteko aukera orekatuena izaten da. Aukera hau, ordea, nahiko berria da gure artean eta, ziurrenik, bat baino gehiago harrituta geratuko da eskaintza honen sorrera ezagutzean.

1936ko urriaren 30ean “Plater bakarraren eguna” izeneko neurria ezarri zen Espainian dekretuz. Erabakia Gobernadore Zibilek jakinarazi zieten lurraldeko Udalei eta azaroaren 15ean jarri zen martxan. Zumaian azaroaren 7ko udalbatzarrean jakinarazi eta onartu zen, maitasunez beteko zuten neurria zela adieraziz. Izan ere, egun hau ospatzeari muzin eginez gero Mugimenduaren kontrakotzat hartu eta zerrenda beltzetan sartzeko edo isuna jasotzeko arriskua zegoen. Baina, zer zen “Plater bakarraren eguna”?

Gerra Zibilean altxamendua burutu zuen bandoak ezarri zuen neurria izan zen. “Plater bakarraren eguna” delakoa hilabeteko lehenengo eta hamabosgarren egunean ospatzen zen. Egun horietan taberna, jatetxe, ostatu eta hoteletan plater bakarra jateko eskaintza egiten zen menu oso baten kostuan. Hau da, bezeroek lehenengo eta bigarren platera eta postrea jango balute bezala ordaintzen zuten, baina praktikan plater bakarra jaten zuten. Eskaintzen zen platera zopa, haragia, arraina edo edozein eltzekari izan zitekeen eta postrearekin laguntzen zen. Apurka, plater bakar hori egungo plater konbinatuaren antzerako zerbait bihurtzen joan zen. Menu baten lehen eta bigarren platera izan zitezkeen jakiak plater bakar batean eskaintzen hasi ziren.

Zumaiako lehen “Plater bakarraren eguneko” diru-bilketa 1936ko azaroaren 16ean egin zen eta 547,85 pezetakoa izan zen. Zerrendan ikusten denez, diru-bilketa kalez kale antolatzen zen. Kale bakoitzeko taberna, jatetxe, ostatu, hotel eta bizilagunek emandako dirua agertzen da bertan zehaztuta.

Denborarekin, “Plater bakarraren eguna” delakoari “Postrerik gabeko eguna” gehitu zitzaion. 1937ko uztailaren 30eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean jakinarazten denez, bi egun horiek astero bete behar ziren. Hortik aurrera, lehena ostiraletan ospatuko zen eta bigarrena astelehenetan. Egun horiei zegokien diru bilketa, berriz, berdin egiten jarraitu zuten, hilabete bakoitzeko 2. eta 16. egunean. Dirua Espainiako Bankuan sartu behar izaten zen hilabete bakoitzeko 25. egunean. Gainera, otorduak ematen zituztenek, egun bakoitzeko bezeroen zerrenda osatzeko agindua zuten, inolako iruzurrik egon ez zedin.

Hasiera batean, diru-bilketa egiteko ardura herriko Sección Femenina delakoak zuen. Horren adibide dugu artxiboan topatutako 1939ko urtarrilaren 16ko agiri bat. Bertan, bi egun hauetako diru-bilketa egiteaz arduratzen ziren andereñoen izenak agertzen dira, zerbitzu horregatik domina eman zitzaiela zehaztuz. Egun horietan lortzen zen etekina ongintzara bideratzen zen. Herri bakoitzean “Plater bakarreko egunarekin” bildutakoaren erdia Fondo de Protección Benéfico Social delakora joaten zen eta beste erdia, “Postrerik gabeko eguneko” bilketarekin batera, Subsidio pro-combatientes delakoaren alde.

1940an “Plater bakarraren egunaren” zerbitzua jatetxe eta hoteletara mugatu zen. 1941eko otsailetik aurrera berriz, diru-bilketaren kontabilitatea kontu-liburu zehatz batean eramateko agindua eman zen. Zumaian, kontu-liburu horren ardura bertako sorospen batzordeko lehendakariak izan zuen. Zumaiako artxiboan 1936-1941 urte bitarteko “Plater bakarraren eguneko” eta “Postre gabeko eguneko” zerrenda guztiak daude gordeta.

Oihana Artetxe

Irudia: “Plater bakarraren eguneko” ordainagiri bat da.