Bloga

San Telmo Baseliza

Itzurun
hondartzaren gainean, amildegia oinetan duela itsasora begiratzen duen
eraikin txiki hau oso maitatua da Zumaiarren artean. Paraje berezian
kokatua, txoko berezia du, baita ere, herritarren bihotzetan. Azken
hilabete hauetan, ordea, San Telmo baselizaren izenak udalerriaren mugak
gainditu ditu eta ospetxu egin da. “Ocho Apellidos Vascos” izeneko
pelikularen sekuentzia bat bertan grabatu zenetik, Espainiako txoko
guztietatik etorri dira bere bila galdezka. Denek atera nahi dute
argazki bat eraikin xume honen aurrean. Baina noiztik du San Telmok gaur
egun aurkezten duen itxura?

Erantzuna
udal artxiboko dokumentuen artean topatu dugu. Zumaiako
marinel-kofradiak eraikitako eta itsas izenpeko santua duen baseliza
honen lehen aipena XVI. mendekoa da. Eraikinak sarritan behar izan du
teilatua eta paretak konpontzeko beharra, agian kokatuta dagoen tokiak
eskaintzen dion babes faltaren eraginez. 1945. urtean, ordea, benetako
berritze proiektu bat aurkeztu zen. Dirudienez, baselizak berriro
teilak aldatu eta paretak txukuntzeko beharra agertzen zuen eta, hau
ikusita, Falangeko emakume sailak barrukaldea eraldatzeko proposamena
bultzatu zuen. Azaroko idatzi batean, emakume sail honen kanpamentua
baselizatik gertu kokatzen zela diote eta beraien zeregin
erlijiosoetarako erabiltzen zutela San Pedro parrokiaren
urruntasunarengatik. Baseliza udal eta San Telmo marinel-kofradiaren
ardura izan arren eta hauen medioen falta ikusita, emakume sail hau
altzari eta apainketarako diru-ekarpen bat egiteko prest agertzen da.

Berritze
lana Ramón de Martiarenak zuzendu zuen, gerra ondorengo arkitekto
nagusienetako batek. Bere egitasmoa artxiboan gordea dago, plano eta
guzti. Bertan baseliza txiki honek jasan zituen aldaketak ikus daitezke;
San Telmo baselizan egindako berritze lan garrantzitsuenak izan ziren
hauek.

Planoetan
ikus daiteke nola teilatua eta paretak, kanpotik eta barrutik,
konpontzeaz eta egurrezko egitura berritzeaz gain, barrukaldean zenbait
elementu berritu eta gehitu zirela. Alde batetik, egurrezko koro berri
bat eraiki zen aurreko koruaren egitura berrerabiliz; bestetik
presbiterioa, hau da aldarearen ingurua, berritu zen. Gainera,
fidelentzako eserleku gehiago eta aitorleku bat ere eraiki ziren.
Azkenik, pulpitua atondu eta barnekaldea apaintzeko marinel lanarekin
lotura duten zenbait elementu erabili ziren; sare, arraun eta
flotagailuak kasu.

Oihana Artetxe

Irudia: Indalecio Ojanguren. San Telmo Baseliza zaharberritu aurretik