Artxiboak

Suteak, gaurkotasunez betetako gaia

Aurreko batean meatzeen inguruan jardun gara, Oiartzun inguruetako
ezaugarririk nabarmenetako bat, baina aldi berean dokumentazio
historikoaren aldetik ezezagunenetako bat, jorratuz. Ez dira, ordea,
Bailarak aurreko garaietan zituen gauza azpimarragarri bakarrak; oihanak
ere, hor zeuden.

Basoa aspalditik izan da aberastasun iturri:
jatekoa lortzeko, behar ezberdinetarako materialak eskuratzeko, lanbide
ezberdinen jardunleku… Lurralde zabal nahiz txikiko herrietan, ohiko
baliabide-meatze bihurtu zen. Toki guztietan, baina, ez zuen garrantzia
bera izan. Lekuan lekuko eta unean uneko gizartearen behar eta
garapenaren arabera, oihanaren erabilerak eta ustiaketak maila
ezberdinak ezagutu zituen. Oiartzun bezalako tokietan, burdinola kopuru
handi batekin, basoak eskaintzen zituen produktuekiko eskaera agerikoa
zen, bereziki ikatza egiteko edo arragoetarako egurra lortze aldera.
Baziren, halaber, oihanean beraien premiei erantzuteko gaiak topatu
zituzten beste jarduera batzuk; ontzigintza, eraikuntza eta
abeltzaintzak ere basoa oinarrizko helduleku izan zuten. Modu honetan,
eta baliabide-iturri preziatu bihurtuta, aurreko hamarkada eta
mendeetako gizartea, inguru horretara estuki lotuta ageri zaigu.

Anitz
jende eta ogibideren lan-esparru zen heinean, halako eremu batek presio
nabarmena jasan zuen, arautua zein arautu gabekoa. Esku hartze horiek
hamaika ekintzatan gorpuztu ziren, legez kanpoko zuhaitz mozketak edota
gehiegizko lepatzeak, besteak beste. Egoera hau dela eta, ez zen bat ere
ezohikoa suteak sortzea, naturalak zein gizakiak sortutakoak, nahigabe
edo propio eragindakoak. Horregatik, eta bereziki azken asteotan Galizan
zein Portugalen jazotako egoera lazkarrien ondotik eskuratu duen
gaurkotasunaren ildotik, aurreko mendeetan gaiaren inguruan iritsi
zaigun informazioari buruz galdetu diogu geure buruari.

1.- Etengabeko ardura

Gizakiari
dagokionez, suteak suaren beraren erabilera hasi zenetik sortutako
gertakariak dira. Modu honetan, aktetan topatzen ditugun lehen datuak ez
ditugu beraien hastapen moduan hartu behar. Are gehiago, beste leku
batzuetako dokumentazioak ere Oiartzunen edo oiartzuarren eta suteen
arteko loturak islatzen ditu. Errenteriako udal aktek, adibidez, bere
mendietan Bailarako hainbat auzok sortutako erreketen berri ematen
digute, hala nola 1611n Migel Bidarte ikazkinak sortutakoa, Frantzisko
Arpidek 1647an burututakoa edo beranduago, 1691 eta 1705ean,
eragindakoak.

Oiartzungo udalbatzaren erregistroei dagokienez,
erreketen berriak ugariak dira. Alde batetik etxeek, elizak edo
bestelako eraikinek pairatutakoak ditugu: Añarbe etxea 1658an, Igartza,
Azkue eta Maritxonea etxeak 1697an edo elizako koruan 1707an
gertatutakoak kasu (A-1-1-1, 47 au.-48 au.; A-1-13-2, 188 au.-192 au.).

Ondorengo
lerroetan begirada mendietan jarriko dugu, baina sute-arriskuaren
egunerokotasuna ikusteko, hiri-munduko adibide bat eman nahi genuke,
1707ko abenduan udalbatzak emandako mandatu bat, hain zuzen ere. Orduz
geroztik udaletxeko geletan lasto, ale, gari, egur eta bestelako
trasteak sartzea debekatzeaz gain, une hartan zeudenak kentzeko agindua
eman zen (A-1-13-2, 194 au.-194at.). Honek, etxeetan suak hartzeko
arriskua zuten hamaika gauza pilatzen zirela adierazten du. Ez da
harritzekoa, beraz, udal-agintarien ardurak etengabeak izatea eta
halakoak gertatzen zirenean hainbat pauso finkatuta egotea; izan ere,
edozein unetan garrek beraienak eta bi egin zitzaketen.

Beste hainbat
gertakarirekin lez, ezkilak edo kanpaiak ziren suaren berri emateko
tresnak, 1678, 1683 eta 1691n dakusagun moduan (A-1-3-2, 56 au-at.;
A-1-5-1, 62 au.; A-1-7-1, 38 au.-39 at.). Horiek aditu orduko jendea
elkartzen zen, sutea zegoen lekura joanez. Komunitateko partaideek
betebehar hori barneratuta zuten eta era berean, udalbatzak, ardura
horretan zebiltzanei askaria eta freskagarria emateko obligazioa zuen.

Suteen
kontua aintzat hartzeko gaia zen heinean, hamaika lekutako
udal-ordenantzek haien aurka egiteko neurriak bildu zituzten; hedatuena,
ezbairik gabe, garrak amatatzeko gai moduan sagardoa eta ardoa
erabiltzean zetzan, gure begietara harridura sortu badezake ere. Horrez
gain, Oiartzungo kasuan Elizaldeko iturria funtzio horretara bideratu
zen; are gehiago, 1695an beste inolako erabilerarik ez izatea adostu zen
(A-1-8-3, 101 au.-at.). Dena den, bere erabilera erabilera auzunean
gertatutako suteen aurka bideratuta egongo zen, hau da, gertu ematen
ziren horietara.

Aktek mendietan jazotako suteei buruz dakarten
lehenengo datua 1665ekoa da. Orduko apirileko idatzi batek
Borrokazelaieta edo Borroagazelaieta eremuan izandakoaren berri ematen
digu, bertako herri-larreetan jazotakoa. Agidanez sutea ezin izan zen
segituan itzali; aitzitik, azkar asko hedatu zen. Eremu zabal bati kalte
egin zion, eta besteak beste, ametz ugari erre zituen (A-1-1-2, 21
au.-22 at., 6. foliazioa).

“con gran trabajo se apagó (…) se a quemado partida de amezes”

1686an
Iturrola eta Zumalikarreta artean eta Fagolako sarobean gertatu ziren
bi suteek informazio zehatzagoa dakarte. Lehenengoan hirurogeita hamar
zuhaitz-lepatu eta hamasei ipinabartu erre ziren; bigarrenean, berriz,
hamazazpi lepatu (A-1-5-2, 41 au.-at.). Urte batzuk berandugo Beotegin
gertatutako sutean, aldiz, lepatu eta enborrei dagokienez, hogei ez
beste guztiak kiskalita gelditu ziren, kalteak 180 errealetan baloratuz.
Erretako lursailak aldiz, bi golde edo uztaldiko tamaina zuen, 0’62 bat
hektaera gutxi gorabehera (A-1-9-2, 213 au.-at.) (1).

2.- Errudunak eta zigorrak

Suteen
aurrean, eta kalteak balioztatu eta erantzuleak topatzeko asmoz,
udal-gobernuek beraien taktikak abian jarri zituzten. Horretarako,
justiziak frogaketak egin eta lekukotzak hartzeko ardura zuen. Aipatu
dugun 1686ko bi suteei buruzko informazioa hartzeko, inguruetako auzoak
atxilotzea adostu zen (“se haga cautura de todos los circunbecinos de
los parajes arriua dichos”); 1693an, berriz, susmagarri zirenak deitu
eta atxilotzea erabaki zen (“llamar y prender a los indiçiados”).

Ikazkinak
ziren horrelako jazoerak sortzen zituztenetako batzuk: txondorra egin
eta hau zaintzen zuten bitartean, txinparta batek inguruan jo zezakeen,
suari bidea irekiz. Baina beraiek ez ziren erantzule bakarrak;
abeltzainen jardunak ere ondorio horiek ekarri zituen. Horren lekuko
dugu Hamabiaritzetan eta Beobieta artean Sebastian Oiartzabal eta Martin
Bengoetxeari 1697 urte erdialdean gertatu zitzaiena. Agidanez, biek,
beraien 12-13 urteko morroi Joanes Bengoetxea lagun zutela, otadi zati
txiki bati su eman zioten, azienda xehearentzako bazka sortzeko asmoz:
“con prestesto de que huuiese un poco de pasto para el ganado menudo (…)
dieron fuego a un poco de argomal”. Egindakoak, ordea, esku artetik
ihes egin zien, suak ustekabean indar gehiago hartu eta beheranzko bidea
hartu baitzuen. Itzaltzeko saiakerak antzuak suertatu zirenez, hainbat
kalte eragin zituzten (A-1-9-2, 187 au.-at.).

Beharginek izan
zezaketen arduraz gain, suteen kontua gaur egun hainbat eta hainbatetan
susmoa hartzen diegun kontzientzia txarreko jendearen ekimenak
ziruditen, giroa lagun zutela sortutakoak gainera. Arbide eta Oiartzabal
inguruetan nahita piztutako suteak hori islatzen du, hegoaizea zebilela
piztu baitzen: “alguna persona de mala conciencia auía dado fuego y
yncendió a la juridizión d’este valle junto Arbide y Oyarzabal, que con
la violençia y rigor de los vientos solanos peligrauan los montes y
casas…”.

1705eko otsailean egin zen galdeketan berriz, egilearen
nondik-norakoak ez daude oso argi, baina Pedro Altamira 29 urteko
ikazkin oiartzuarraren esanek nahita eragindako gertakari baten aurrean
gaudela aditzera ematen dute. Hark zioenez, lanean zebilen lekutik
“hiruzpalau moskete tirora”, kapusaia soinean zeraman gizon ezezagun bat
inguruari su ematen ikusi zuen. Altamiraren erreakzioa tipo horri
garrasi egitea izan zen, kargu hartuz eta haren aurkako biraoak botaz:
“vio a vn onbre con ropa de capussay y que estaua encendiendo fuego y le
gritó al tal ombre maldiciéndole, pero no conoció al sugeto” (A-1-12-2,
44 au.-46 at.).

Sutea sortzeko zergatiak zergati eta interesak
interes, erantzulea topatzea ez zen beti samurra izaten; hainbat adibide
dira horren lekuko. 1691ko otsailean Arbide eta Oiartzabal arteko
sutean edo 1693 uztailean Barkardaztegi errotatik gora sortutakoan, hori
lortzeko zailtasunak agerian geratzen dira (A-1-7-1, 38 au.-39 at.;
A-1-8-1, 140 au.-141 au.). Adibiderik azpimarragarriena, ordea, Iturrola
ondoko mendietan gertatutakoari eta bertan kiskali ziren haritzei buruz
1705eko galdeketa dugu. Hori ikertzeko hartu ziren 25 lekukoetatik seik
bakarrik eman zuten nolabaiteko informazioa, laurdenak baino gutxiagok
alegia, baina hobendunari dagokionez, datuak askoz urriagoak izan ziren.

Errudunei
hainbat zigor mota ezarri zitzaizkien: axolagabekeria hutsez jokatzen
zutenei, Jose eta Juan Perez Isasa ikazkinei Txaradin gertatu bezala,
isun batez gain haritz-mintegi bat egiteko ardura ezarri zitzaien 1687an
(A-1-5-3, 56 au.-57 au.). Bederatzi urte beranduago, 1696an, egoerak
okerrerantz egin zuela ematen du. Orduko maiatzaren 19an hartutako
erabakien artean, adierazgarri baino adierazgarriago bat hartu zen:
uda-mendiei su emango zion pertsona orori heriotz-zigorra ezarriko
zitzaion, erreinuko legeetan adostutakoa jarraituz (A-1-9-1, 112
au.-114 at.).


“…ninguna persona sea osado de dar fuego a los
montes y jurisdiciones de este Valle, pena de que el que se probare, se
le dará la pena capital de muerte…”

Azkenik, garrantzitsua deritzogu
beste kontu bat aipatzea: erretako egurra edo sutearen ondoren kalterik
gabe geratzen zen zura aprobetxatzen zen. 1687an Txaradin erre ziren
ikatz-egur zamak, adibidez, enkantean atera ziren (A-1-6-1, 106 au.-107
au.; eta A-1-6-2, 111 au.-at.). Honek, ezbehar baten ondotik sortutakoek
ere nolabaiteko erabilera zutela erakusten du. Eta hori da, basoaren
kasuan, aurreko gizartearekiko desberdintzen gaituena. Salbuespenak
salbuespen, beraien bizitzan gertu eta eskura zituzten oihan, zuhaitz
eta bertako fruitu eta animaliek gurean baino protagonismo zuzenagoa
zuten.

Iago Irixoa

(1) Garaiko neurriei dagokienez, ikus CARRIÓN ARREGUI, I. M.ª: “Los antiguos pesos y medidas guipuzcoanos”. In: Vasconia, 24 (1996), 59-79 orr., bereziki 64 orr. eta 24 oin-oharra.