Artxiboak

Telefonista, emakumeen lanbidea

Apirilaz geroztik Gipuzkoako Artxibo Orokorrean ari gara lanean Diputazio Probintzialeko (1877-1977) ogasunari dagokion dokumentazioa antolatzen. Aldundiak zerga bilketan eta gastu eta diru sarreren kudeaketan sortutako dokumentazioa da antolatu eta deskribatzen ari garena. Halakoetan, instituzio publiko bateko dokumentazio historikoarekin lan egiten dugunean dokumentuetan soilik gizonezkoen izen-abizenak ikustera ohituta gaude, XX. mende amaiera aldera arte gizonezkoak baitziren dokumentuak sortu eta sinatzen zituzten agintari eta funtzionario guztiak, baita instituzioarentzat lan egiten zuten langile gehienak ere. Seguru asko horregatik, Gipuzkoako Telefono Sareari dagokion dokumentazioa ikusten hasi ginenean atentzioa eman zigun telefonistei ordaindutako soldaten zerrendetan emakumeen izenak besterik ez topatzeak.

1909an Gipuzkoako Telefono Sarea sortu zenetik emakumeena izan zen telefonisten lanbidea. 1909ko iraila eta azaroa bitartean eginiko lehen lan eskaintza deialdietan 69 plaza deitu ziren Donostia, Azpeitia, Bergara, Eibar, Zarautz, Ibarra, Ordizia, Tolosa, Hernani, Hondarribia, Irun eta Pasaiako zentraletarako eta 69 emakumek osatu zuten Gipuzkoako lehen telefonisten plantilla. Azterketa gainditzeko euskarazko eta gaztelerazko irakurketa eta idazketa ariketak burutu eta hainbat problema aritmetiko ebatzi behar ziren.

Horrez gain, 1911ko urrian onetsitako Gipuzkoako Telefono Sare Probintzialeko lehen araudiaren arabera, telefonista plaza eskuratzeko ezinbestekoa zen, ezkongabea edo alargundua izatea eta 3 urte baino gutxiagoko haurrik gabea. Ezkondu ostean, emakumeek telefonista lana utzi eta familiaren zaintzaz arduratu behar izaten zuten. Garaiko gizarte moldeak ezarritako mugak agerikoak diren arren, ordea, lanbide honek emakume askori lan merkatuan sartu eta independentzia ekonomikoa eskuratzeko aukera eman zien.  

Olatz Etxeberria

Gipuzkoako Telefono Sareko telefonistak. Iturria: Deia egunkaria, 2021.

                                 

BIBLIOGRAFIA

IBISATE ELÍCEGUI, Maria Luisa, La telefonía en Gipuzkoa: un modelo original, Kutxa Fundazioa, Donostia, 1999.

VILLANUEVA GARCÍA, Begoña, «Voces de mujer: las telefonistas de la Diputación Provincial de Gipuzkoa», Deia, 2021eko martxoaren 12a [Linean]. Hemen eskuragarri: https://www.deia.eus/historias-vascas/2021/03/12/voces-mujer-telefonistas-diputacion-provincial-1963026.html , 2022ko uztailaren 1ean kontsultatua.