Artxiboak

Tren geltokia izan genuenekoa

Zuetako zenbatek pentsa ote duzue: gure herrian tren geltokia izango bagenu? Egun, ondoko bi herrietara begiratuz gero, hobe komunikatuta daudela esan daiteke inongo beldurrik gabe. Getaria, Zarautz eta Zumaiaren arteko alderaketa eginda, hiruek dauzkate antzeko aukerak itsas-garraioari dagokionez, baina lurreko garraioan kontua aldatu egiten da. Bai, autobusez komunikatuta daude hiruak, errepidez aukera hori baitago, baina trenbideak ematen dituen abantailetatik at geratzen da Getariako herria.

“Compañía del Ferrocarril de Elgoibar a San Sebastián” izan zen kostako trenbidea eraikitzeko erabakia hartu zuen enpresa, XIX. mende amaieran. Elgoibarretik Donostiarako linea honetan bai Zarautzetik eta baita Zumaiatik ere igarotzen zen trenbidea, Getaria alde batera utziz. Ezin da aipatu gabe utzi linea hau gaur egun Euskotrenek erabiltzen duenaren oso antzekoa dela. Esandakoaren ondorioz ez dauka gure herriak tren geltokirik, nahiz eta linea ireki zen momentuan, itxura egiteko izan bazen ere, geltoki batean Getariaren izena sartu zuen gorago aipatu dugun enpresak, “Guetaria-Oiquina”. Udal akten arabera, enpresaren erabakia ez zen gustagarria izan Getariako Udalarentzat eta geltokiari izena aldatzeko eskaera egin zuen.

1901eko ekainaren 30eko udal aktan argitzen da nola aipaturiko enpresak “Guetaria-Oiquina” izeneko geltoki bat jarri zuen, bilkuran zeudenek diotenaren arabera, geltokitik “sin ninguna clase de camino que pueda conducir al casco de esta villa ni a ningún caserío de ella, resulta que con tal estación se lleva a engaño a la personas de Bilbao, San Sebastián, . . .”. Hau dela eta, 1901eko urriaren 26ko udal aktak dio idatzi bat bidali zitzaiola tren konpainiaren lehendakariari egoera azalduz, eta 1901eko abenduaren 15eko udal aktan Getariako Udalaren agindua zein izan zen argitzen da: ken dezatela herriaren izena geltokiko errotulutik!

Hau ikusita, pentsa daiteke Getaria inkomunikatua geratu zela, baina arazo honen aurrean, Zarautzeko geltokira bideratuta kotxe-zerbitzua ezarri zela jakinarazten digu 1902ko urtarrilaren 4ko udal aktak.

Errealitate honen aurrean, denbora gutxiz izan bazen ere, Getariak tren geltokia izan zuela harro esan genezake, nahiz eta askorako ez balio.

Irudia: 1948ko Elgoibar eta Donostiaren arteko trenbidea. Bertan, “Oiquina” izenarekin agertzen da 50 urte lehenago “Guetaria-Oiquina” geltokia zena.

Iturria: http://ferropedia.es/wiki/Compa%C3%B1%C3%ADa_del_Ferrocarril_de_Elgoibar_a_San_Sebasti%C3%A1n.

Xabier Etxeberria