Bloga

Trena iraultzea lortu zuen haizete bortitza

1941eko otsailaren 15ean
eta 16an haizete handia egon zen Iberiar Penintsulan. Dirudienez,
Ozeano Atlantikoan sortutako borraska bat penintsulan sartu eta
ziklogenesi lehergarriaren bidez asko sakondu zen denbora gutxian.
Otsailaren 15ean behe presio gunea Galizia mendebaldean kokatu zen.
Honek, arratsaldean hasi zen haizete handia ekarri zuen Euskal Herriko
kostaldera. Datu metereologikoek adierazten dutenez, haize boladarik
indartsuena Igeldon neurtu zen eta 196,8 km/h izan zen (1).

Haizete
hau XX. mendeko bortitzenetakoa izan zen eta penintsula osoan kalte
ugari eragin zituen. Eguraldi zakar honek ere hondamendia ekarri zuen
Kantauri kostaldera. Gertaera esanguratsuena Santanderreko sutea izan
zen; ia hiriburu osoa birrindu zuen. Zumaia ere bortizki astindu zuen.
Artxiboan gordea dagoen dokumentu batek adierazten duenez, herriko
zenbait etxeetan kalte nabarmenak eragiteaz gain, Astilleros
Arrizabalaga y Olasagasti enpresa, Artadiko eskola eta San Pedro
parrokia kaltetuta suertatu ziren. Guztira 30.530 pezetako kalteak
eragin zituela estimatzen da (2).

Herrian
kalte materialak sortzeaz gain, zumaiarren memorian gordea dagoen
ezbehar baten erruduna ere izan zen “urakana”: otsailaren 15eko
arratsaldean Bilbotik Donostiara zihoan trenaren istripua.

Ezbeharra
trenbideko zubian gertatu zen. Trena normala zena baino polikiago
zihoala esaten da. Dirudienez, klimatologiaren ondorioz, argi indarraren
horniketa ez zen behar bezalakoa eta trenak behar adina abiadura ezin
zuen lortu. Egoera horretan, Zumaiako tren zubia zeharkatzen ari zenean,
haize ufada handiak hasi ziren. Trenaren bagoiak alde batetik bestera
kulunkan ibili ondoren, zubiaren gainean zeuden hiru kotxeak Urola
ibaira erori ziren. Lokomotora izan zen zubiaren gainean mantendu zen
bakarra, bere pisuari esker. Gainontzeko bagoiak portuko geltokiraino
zihoan trenbidera erori ziren.

Haizete
bortitzak, gainera, probintziako komunikazioa eten zuen eta larunbat
arratsaldean gertatu zen ezbeharraren berri ez zuten igande goizaldera
arte izan Donostian. Trenean bidaiatzen zuten pertsonen senitartekoak,
hauek helmugara iritsi ez zirela ikusirik, zenbait dei egiten hasi
ziren, baina goizeko seirak arte ez zen berri ofizialik jaso; Zumaiako
Udalak bidalitako mezularia Gobernu Zibilera iritsi zen arte.

Berria
jakin bezain laster Probintziako Osasun Ikuskatzailea, Gurutze Gorriko
mediku, erizain eta mojak, Cárdenas Kapitainaren talde kirurjikoa,
Probintziako anbulantziak, militarrak, Donostiako Udaltzaina eta
Gobernadore Zibilaren aginduz mugiarazitako omnibus eta autobusak
Zumaiarako bidea hartu zuten erreskate lanetan laguntzeko prest.

Urolara eroritako bagoietan erreskate lanak. (Kutxa Fototeka) (3)

Udal
artxiboan ez dugu gertakari honen inguruko daturik topatu. Garaiko
prentsa idatzian ordea, ugariak dira egun horretan piztu zen haizeteak
eragindako kalteei buruzko berriak. Otsailaren 18ko Diario Vascon,
besteak beste, “La violencia del vendaval hizo volcar el tren de Bilbao
desde el puente de Zumaia al río” titularra irakurri daiteke. Istripu
honetan 22 hildako eta 54 zauritu egon ziren (4).

Aurten 75 urte betetzen dira zorigaitzeko tren istripu larri hau gertatu zenetik.

Oihana Artetxe


Oharrak

(1) Egun hartako egoera metereologikoaz gehiago jakiteko: http://www.tiempo.com/ram/287/el-historico-temporal-de-febrero-de-1941/

(2) Zumaiako Udal Artxiboa: 379-32 signatura

(3) Kutxa Fototekatik ateratako argazkia, gertakariari buruzko bilduma ederra aurki daiteke bertan: http://www.kutxateka.com/index.php/Detail/Object/Show/object_id/178828/lang/es_ES

(4) Ondorengo helbidean istripuari buruz Donostiako prentsan atera zen kronika ederra jasotzen da: http://historiastren.blogspot.com.es/2012/02/el-accidente-de-zumaya.html