Txokotoko zubian
Artxiboetan dokumentazioaren artean gutxitan azaltzen dira beste euskarrietako eduki bitxiak. Besteak beste, zigiluak, balantzak, kintoetako mutikoak neurtzeko egurrezko euskarria… Orain arte bitxiena duela urte batzuk Baztango artxiboan topatutako karta bat, jokoan aritzeko horietakoa.
Oraingoan ere, Baztanen izan da. Bertan dabil Ereiten Ogasuna saileko espediente itxi berrien transferentzia lanak egiten. Hau da, bulego-artxibo batetik Artxibo Orokorrera espedienteak eraman eta kudeatzen. Goiko apala beti izaten da interesgarriena, han biltzen baitira urteetan inork erabili ez dituen gauzak, hauts artean.
Kontua da, 1980-1981 urteen bitarteko neguan uholde izugarriak gertatu zirela Elizondon. Uholde hauen ondorioz, dagoeneko nahiko zaharkitua eta kaltetua zegoen Txokotoko zubiak konpondu ezinak ziren arazoak jasan zituen zutabe nagusietan (“…experimentando una de las pilas del mismo un asentamiento del orden de medio metro… por lo que presenta grave riesgo de ruina…”). Honen ondorioz, ia urtebete beranduago Txokotoko zubi zaharra bota eta guztiz berria eraikitzeko erabakia hartu zen.
Lanek bi urte luze jo zuten eta Udalak zubi berriaren irekiera, orduan hain ohikoa zen bezala, fundamentuz ospatu nahi izan zuen. Horretarako egun berezia antolatu zuen. Ekitaldien artean, noski, zinta moztea. Eta horixe da hain zuzen Ogasuneko bulego-artxiboan norbaitek gordetzea erabaki zuena: moztutako zinta. Beno, moztutako zintaren bi alde luzeenak, guztira ia hamar metro. Zinta hau ez da edonolakoa, oihalezkoa da, laukitxo xuri-beltzak dituen oihala. Bertan hari gorriz “Puente de Chocoto (…) enero de 1984” hizkiak josiak ditu eta alde banatara herriko armarria. Egun zehatza falta da, mozterakoan udaletxean gorde ez zen zatian egongo dena.
Ez da zaharra, ez da dokumentua, baina Artxiboan egon behar ote duen zalantzarik ere ez dugu.
Amagoia Piá