Udaletxea maiztertzan
Udaletxeari buruz hitz egin nahi dugu Adunako udalerriari buruzko lehenengo testu honetan. Izan ere, gela eta areto ugari dituen eraikuntza hau urteetan zehar balioanitzeko eraikina izan dela esan daiteke, hori bai, beti ere Udal administrazioarekin zerikusia duten jarduera desberdinak garatzeko: espetxe, alondegi, liburutegi eta bizileku moduan ere erabilia izan da gelaren bat edo beste. Baina has gaitezen hasieratik, edo hobe esanda, saia gaitezen hasieratik hasten.
Bistakoa da gaur egun ikusten dugun eraikina nahiko berria dela eta obra berriak jasan dituela duela gutxi. Honen adibide ikusgarriena kanpoaldetik fatxadaren kontra duen igogailua izango da, herritarrentzako irisgarritasun baldintzak hobetzeko asmoz eraikia izan dena. Barrualdeak ere aldaketak eduki ditu eta gaur egun ere badaude hainbat proiektu martxan. Azken finean, urteak pasa ahala, herri baten baldintzak eta beharrak aldatuz doaz eta eraikinek ere erritmo hori jarraitu behar dute ahal den neurrian, egoera berrietara egokituz. Egun ikusten dugun Udaletxea 1958 urtean eraiki zen, baina aurretik beste bi eraikuntza zeudela badakigu, gutxienez. Udaletxeari buruzko lehenengo erreferentzia dokumentala 1662 urtekoa da eta horri esker jakin dezakeguna ordurako eraikia zegoela da, ezin dugu jakin noiz izan zen eraikia. Horretaz gain, eduki zituen funtzio desberdinak ezagutzea ere ahalbideratzen gaitu testuak, izan ere, Udalaren ohiko funtzioak betetzeaz gain, bertan zeuden botika, errematean ipintzen zen ostatu bat eta herriko espetxea edo ziega. Normalena zen azken hau Udaletxean egotea. Tamalez, eraikin honek XVIII. mendearen lehenengo erdialdean sute desberdinak sufritu zituen eta berria eraiki behar izan zen 1748 urte inguruan. Bigarren eraikuntza honek 1958 urtera arte iraun zuen zutik, hau da, gaur egun ikus dezakeguna eraiki zen arte.
Dirudienez, bigarren eraikuntza honetan, beheko solairuan biltegi bat egoteaz gain, ukuilu bat ere bazegoen. Bestalde, ziega eta ostatua mantendu egin ziren, azken hau errematean jartzen zelarik.
Gauzak horrela jarraitu zuten eta 1911 urtean esku artean dugun dokumentua idatzi zen. Urte horretako abenduaren 30ean Adunako alkatea zen Donato Gorostidiren eta Jose Amenabarro y Arrizubietaren arteko maiztertza hitzarmen hau sinatu zen. Bertan maiztertzaren betebeharrak eta baldintzak zehazten dira. Maizterra oraingoan, Ikaztegietako 26 urteko bizilagun bat da, eta bukaeran aipatzen denaren arabera, ez du idazten jakingo, beste pertsona bati eman behar baitio baimena kontratua bere ordez sinatzeko. Udaletxearen maiztertza errematean jartzen dela aipatu dugu, kasu honetan, azaroaren 26an ospatu zen enkantea eta Josek urtero 200 pezeta ordaintzeko konpromisoa hartu zuen.
Esan beharrik ez dago ez zela udaletxe osoa alokairuaren helburu, baizik eta zati bat bakarrik, Udalak erabiliko ez zituen gelak esate baterako. Hauek kontratuko baldintzetan zehazten dira. 7 dira Josek bete beharko dituen baldintzak, lehenengoa 4 urteko maiztertza betetzea izango delarik. 4 urtero errematean jartzen da alokairua, nahiz eta pertsona berdinak irabaz dezakeen behin eta berriro. Badaude Artxiboan 1855 eta 1869 urteen artean Lucas Iturrik sinatutako kontratu desberdinak. Aztertzen ari garen kasua, 1912ko urtarrilaren 1ean hasi eta 1916ko urtarrilaren 1ean amaituko da. Bigarren baldintzak ondorengoa dio:“El rematante deberá mantener a
su cuenta los musicos juglares y tambor que asistan a las funciones que
celebra el Ayuntamiento por la Asuncion de Nuestra Señora en los dias
desde el 14 por la tarde hasta la noche del 16 de Agosto, con inclusion
de cama, por cada uno de los cuatro años”, hau da, Adunako herriko jaietan, Jasokundearen jaietan, maizterra musikariez arduratu beharko da, horiei ostatu emanez herriko jaiak irauten duten bitartean.
Hirugarren baldintza, baldintza baino, zehaztasun bat dela esan daiteke. Horren arabera, Udalaren lurretan frutarbolak landatu ditzake nahi izanez gero, baino zuhaitzetatik lortzen duenak ez du errematean eraginik edukiko. Laugarren puntuan udaletxeko gelak aipatzen dira, zeintzuk erabili ditzakeen eta zeintzuk ez. Honi esker badakigu Joseren aurretik beste pertsona bat egon zela maizter bezala gela horiek okupatzen eta libre utzi behar dituela aretoa, bigarren solairua (lehen, herriko irakaslearen gela zegoen bertan) eta etxabeko denda ere, alondegiaren funtzioa betetzen baitu. Bosgarren baldintzak, maizterrak Udalbatzarraren bilkuretarako aretoa prest eduki behar duela dio. Udalbatza gauez biltzen bada, argi bat piztu beharko du eta astero erratza pasa beharko du garbi mantentzeko. Seigarren puntuak errematea noiz ordaindu behar duen zehazten du eta azkenak, kontratuaren gastuak maizterrak ordaindu behar dituela eta kontratua amaitzean itzuliko zaion berme bat jarri behar duela agintzen du, 250 pezetako bermea konkretuki. Bukatzeko, kontratuan parte hartzen duten guztien sinadurak aurkitzen ditugu: alkatearena, idazkariarena eta Joseren partez, Jose Mª Mugicarena.
Ikusten dugu beraz, Udaletxeko solairu eta gela desberdinetatik mota guztietako pertsonak pasa direla helburu anitzekin: irakasleentzako, ostatu emateko, alondegirako, ziegarako,… erabili izan dira. Gaur egun ordea, gela guzti horiek Udal teknikari desberdinek betetzen dituzte, baita ere Adunako Udal Artxiboak, bi zatitan banatuta dagoelarik, bigarren solairuaren eta ganbararen artean.
Amaia Mendizabal