Artxiboak

Uraren erabilera

Villabonako estanpatuen fabrikari buruzko berri sortarekin jarraituz, enpresa honek bere funtzionamendurako behar zuen baliabide natural garrantzitsuenetako baten kudeaketari buruz hitz egingo dugu oraingoan.

Industria aroan edo industrializazio garaian, fabrika haundi nagusienen ekoizpenerako ura ezinbestekoa zen. Villabonan, hala nola Gipuzkoako beste toki batzuetan ere, ikatza ez zen baliabide nagusi bat, izan ere, hemen zaila zen lortzea eta horregatik uraren indarraz baliatuko ziren industriak martxan jartzeko. Egoera hau ez da XIX. edo XX. mendeko berezitasun bat, baizik eta atzeragotik dator. Erdi Aroan dagoeneko, burdinolak eta errotak ibai ertzetan kokatzen ziren arrazoi horrexegatik. Villabonaren kasuan kokapen estrategikoa zuen ez bakarrik Oria ibaiaren ertzean egotegatik, baizik eta trenbide sarean barneratua egoteagatik ere, eta horrek erakargarri bihurtzen zuen herria industriaren garapenerako.

Estanpatuen enpresa hau, aurreko batean esan bezala, 1860 urtean eraiki zuten Silva anaiek eta Frois-ek, baina horren aurretik pertsonai hauek Villabonako beste industria batzuetan ere parte hartu zuten. Horrela adierazten dute Udaleko batzarretako akta desberdinek (sig. 0007-01 CF). 1858 urtean Rodolfo Silva Arroa errotaren jabeetako bat izango da. Errota hau gaur egun izen hori duen auzoan egongo zen eta akziodun desberdinak izango ziren jabe garai horretan. Urte horren hasieran baimena eskatuko diote Udalari errotatik irteten den ura bideratzeko kanal bat eraikitzeko Butron izeneko parajean. Bestalde, 1860 urteko akta baten arabera, Silva burdinola baten jabe dela aipatzen da, Olaederra burdinola izango ote da?

1860 urte horretan beraz, estanpatuen fabrika eraikitzen da barnean bi ur kanal edukiko dituelarik, eta bertan zeuden turbinak, oihalak lehortzeko berogailuak, tindaketarako eta zuriketarako behar ziren galdara eta kupelak uraren bitartez funtzionatuko zuten. Bistakoa da beraz, enpresa honek urarekiko zuen menpekotasuna.

Herrirako zerbitzuak ere eskaini zituen, nolabait esateko. Udalarekin harreman onak zituela nabarmen geratzen da Artxiboan ditugun agiri desberdinetan zehar. Enpresa eraiki zenean, bertako ura Oria ibaira ateratzeko ubidearen tamaina dela eta, zubi berri eta handiago bat eraiki behar izan zuten Silva anaiek eta Frois-ek Olalde inguruan. Zubi hori edonork erabili ahal izango zuen baina hori bai, naiz eta enpresak eraiki, ez dute mantentze lanez arduratu nahi eta udalbatzan esaten dute “que aunque por su conveniencia haya egecutado este puente, no por eso se le debia considerar obligado a que en lo sucesivo quedase a su cargo su composicion y mucho menos su renovacion por causas imprevistas y que pudiesen ocasionar las grandes avenidas de aguas”. Gauzak horrela, Udalak bere adostasuna adieraziko du eta momentu horretatik aurrera bere ardurapean geldituko da zubia.

Beranduago “Subijana y Cia.” izango den enpresa honek ez du Oria ibaiko ura bakarrik erabiliko, Villabonako beste errekasto eta errekak ere ustiatuko ditu eta. Baliabide hau ordea, ezin da nolanahi erabili, erregulatu eta kontrolatu beharreko gauza bat da eta horretarako baimena lortu behar da, bai Udalarena eta baita Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoarena ere. Artxiboan mota honetako baimen espediente desberdinak ditugu. 1962 urtean adibidez, Akulubi errekastotik segundoko 9 litro hartu nahi zituzten. Errekasto hori ordea, nekazal helburuetarako beste pertsona batzuek ere ustiatzen zuten eta ur emaria murriztu egingo zela alegatu zuten enpresa horrek baimena eskatu zuela jakin zutenean. Konferentzia eta Udala ordea, ez zeuden beraiekin ados eta baimena eman zioten. 3 urte beranduago, beste errekasto bateko ura erabiltzeko beharra zutela jakinarazi zion Subijanak Udalari. Oraingoan Sorredoreko ura behar zuten eta berriz ere, kexak egon ziren herritarren eskutik. Partikular batek Sorredore eta Etxeondo erreka gauza bera zirela esanez, Subijanak hortik ura hartzen bazuen bere lurretan eragina edukiko zuela salatu zuen. Hala ere, oraingoan ere fabrikak behar zuen baimena lortu zuen (sig. 625-32).

Beste erreka bat ere ustiatuko zuen, baina oraingoan tratu bat edukiko zuen Udalarekin. Otsabi erreka, errepidea azpitik zeharkatuz enpresa ondotik pasatzen zen Oriara isurtzeko bere urak, eta horregatik Subijana enpresak edukiko du ur horien gaineko eskubidea. 1897-09-05eko Udalbatzarrean (sig. 0008-02 CF), Udalak bertako ura herritarren erabilerarako eraiki duen harraska batera eramatearen trukean, fabrikari baimena emango dio sare orokorretik edateko ura doan hartzeko. Akordio hau oso baliotsua zen “Subijana y Cía.”-rentzat eta momentu horretatik aurrera Otsabi errekaren inguruko erabakiak hartzen dituzten bakoitzean Udalak akordioa berretsi beharko du. Horrela egin zuen 1897 urtean eta baita 1909 urtean ere. 1944 urteak emango dio amaiera akordio honi. Udalak hartzen du erabakia eta enpresak adostasuna ematen duenean, honek edateko urari dagokion zerga ordainduko du eta Otsabitik herriko estolda sarera ura eramaten zuen hodia itxi egingo da.