Bloga

Villabonako liburutegi zaharra

Gaurkoan Villabonako Udal Liburutegiari buruz arituko gara. Bai, Artxiboan baditugu liburutegiari buruzko kontuak ere. Askok jakingo dute gaur egun ezagutzen dugun liburutegia 1980 inguruan planteatu eta 1981 urtean sortutakoa dela. Baina, lehenago ere izan zen herrian beste liburutegi bat. Ikus ditzagun honen nondik norakoak.

Udalak liburutegi bat sortzeko proposamena 1892 urtean aurkeztu zuen Udalbatzarrean. Aldizkari Ofizialak Herri Liburutegien inguruan idatzitako argitalpena irakurri ondoren gaia Tokiko Batzordean aztertzea erabakitzen da. Ondoren ez dugu berri gehiagorik Tokiko Batzordeak edo Udalbatzarrak honen inguruan eritzitakoari buruz, baina sortu zela badakigu.

Izan ere, 1929 urteko kontsulten erregistro liburu bat gordetzen da gure artxiboan. Bertan, honako datu hauek zehazten dira: liburua maileguan eman den data, irakurlearen izen abizenak, liburuaren izenburua eta ordaindutako dirua. Bai, liburutegitik liburu bat ateratzen zenean oraindu behar zen, 10 zentimo hain zuzen. 10 zentimo ziren liburua astebetez etxean izateagatik, bi asterako bazen 20. Agian honek azaltzen du zergatik 1929 eta 1934 bitarteko erregistro liburu honetan beti 12-14 pertsona berdinak errepikatzen diren irakurle bezala. 10 zentimo poltsikoan izatea zorte oneko izatea zen garai batean ezin irakurketan gastatu.

Gaien inguruan berriz ikusi dugu hauek oso mugatuak zirela: nobelak, Gipuzkoako historia eta erlijioa. Udalak 1930 urte inguruan 52 libru erosi zitueneko zerrenda ere badugu. Denak aipatutako gaien ingurukuoak eta denak gaztelania hutsez.

Udalak sortutako liburutegia bazen ere dohaitza ugarirekin elikatua izan zen. Adibidez Luis Portu eta Rogelio Galdósek liburutegirako liburu sorta bana eman zituzten. Lehenengoak Juan F. Muñoz y Pabón idazlearen 10 liburu bildu zituen. Bigarrenak, argentinarra izatez, 62 liburu bidali zituen, denak Hego Amerikaren inguruko hainbat gaiei buruzkoak.

Nabarmentzekoa da, hala ere, “Círculo Tradicionalista”k 1927 urtean egindako dohaintza. 40 liburu eman zituen proiektuan zegoen liburutegi berrirako. Liburu hauen artean 3 ziren euskaraz idatziak (Gipuzkoako Kondaira, Zarauz eta bere kondaira eta Mendiburu Otoitz Gayak). Gainera, ehuneko handi batean foruak, Gipuzkoako herrien historia, hainbat ezagunen hitzaldiak eta bizitza, erlijioa eta udal kudeaketa zuten aztergai.

Amagoia Piá