XX. mende hasierako nekazal mundua
Euzko
Nekazarien Bazkunak Getarian izandako presentziaren inguruko zenbait
datu eman ziren aurreko idatzian. Baina, hau izan ahal zen herrian egon
zen lehen nekazal elkartea? Artxiboko dokumentazioak argitzen digunaren
arabera, galdera honen erantzuna ezezkoa izango litzateke. Beste
sindikatu baten aipamena, zeharka bada ere, aurki daiteke, argi eta
garbi bere existentzia frogatzen duena, nahiz eta elkarte honen izaera
ez dagoen batere argi.
1910eko
urriaren 2ko udal akten arabera, Gipuzkoako Aldundiak zabaldutako
zirkular baten aipamena egiten da, non nekazal sindikatuek zituzten
abantailak herrian zehar zabaltzeko ardura Getariako udalari ematen
dion. Badirudi honek bere eragina izan zuela, 1918an sortu baitzen
Getariako nekazal sindikatua.
XIX.
mendean zehar nekazal munduan zailtasun ugari egon ziren arren, XX.
mendearen hasieran aurrerapen nabarmena eman zen produktibitate indizeek
adierazten dutenaren arabera, bai espainiar lurralde osoan eta baita
euskal lurraldean ere. Kontuan izan behar da euskal lurraren lanketaren
ehuneko handiena esplotazio minifundistek egiten zutela, laborantza
lurrez inguratutako etxe isolatuek. Aski ezagunak diren baserriak
alegia. Nekazaritzaren suspertzeak ez Estatuak eta ezta norbanako edo
baserritarrak aurre egiteko prest ez zeuden inbertsioaren hazkundea
exijitzeen zuen. Nola egin zitzaion aurre egoera honi? Nekazal
asoziazionismoa izan zen baliabide urriak zituzten baserritarren aukera
bat.
Egungo
Euskal Autonomi Erkidegoa osatzen duten probintzietan sindikalismo
katoliko modura ezagutzen denak pisu garrantzitsua izan zuela esan
daiteke, batez eta Arabaren kasuan. Gipuzkoan aldiz, oso presentzia
mugatua izan zuen. Sindikalismo katolikoak sindikatu modura ezagutzen
ziren nekazal kooperatibak zituen herri ezberdinetan. Probintzia
bakoitzean federazio bat edukitzen zuten, guztiak Confederación Nacional Católico Agraria izeneko Espainia mailako erakundeak gidatzen zituelarik.
Getariako
artxiboko dokumentazioak eta Espainiako Sustapen Ministerioak
eskaintzen diguten informazioaren arabera, Getariako sindikatua ez zen
aipaturiko konfederazioaren zati. Egia esan, harritzekoa ez dena, 1934ko
datuen arabera, Gipuzkoan zeuden 28 sindikatuetatik 8 bakarrik
baitziren katolikoak. Dagoen informazioarekin, bi ondorio atera
daitezke:
Getariako nekazal sindikatua 1918ak sortu zen, iturri ofizialen arabera.
Ez zegoen C.N.C.A. izeneko erakundearen barnean.
Zein izaera edo joera zuen Getariako nekazal sindikatuak?
Xabier Etxeberria Lasa
Irudia: San Blas baselizako pintura, aztergai daukagun garaian itsasoak eta baserriek zuten garrantziaren isla. Iturria: http://www.guregipuzkoa.eus