Artxiboak

Zer egiten du honek hemen?

Artxiboan lan egiteak beti ekartzen du sorpresaren bat. Gipuzkoako Artxibo Orokorrari buruz idatzi genuen beste berri zaharrago batean esan bezala, martxan dugun proiektu honetan Ogasuneko dokumentazioa da aztertzen ari garena. Batek pentsa dezake denbora guztian diru kontuak besterik ez ditugula ikusten. Hori hein handi batean horrela da, eta nahiz eta ez diodan garrantzirik kendu nahi dokumentazio mota horri informazio interesgarri asko ematen baitu, tarteka ekonomiarekin zerikusirik ez duen dokumentazioa ere topatzen dugu. Horrelakoetan, betiko galdera: “hara! Zer egiten du honek hemen?”

Oraingoan, zerga-bilketako espedienteak begiratzen ari ginela marrazketa koaderno bat topatu dugu. Zer egiten duen denak nahastuta ez dakigu eta jabeak Diputazioarekin zuen lotura ere ez, baino bitxikeria polita iruditu zaigu partekatzeko.

Koaderno honen lehen orrian agertzen zaizkigu dokumentuari buruz jaso ditzakegun datu gehienak: norena zen, noiz egindakoa, non erabili zen,… Bertan irakurri dezakegu “Dibujos de Javier Leivar. Escuela superior de Zaragoza. Curso 1913-1914”. Hau irakurri ondoren, ikerketa txiki bat jarri genuen martxan pertsona honi buruzko informazioa bilatzeko asmoz. Tamalez, Ogasuneko dokumentuen artean ez dugu ezer topatu eta ez dakigu Aldundiko langile bat izango ote zen edo kanpoko norbait. Edozein kasutan, zergatik zegoen koaderno pertsonal hau Aldundiko ekonomiako dokumentaziarekin batera jasota jakiteko, denboran atzera egin beharko genuke. Noski, irakurleren batek zerbait jakingo balu, eskertuko genuke jankinaraziko baligu gure jakin-mina asetzeko.

Aipatutako lehenengo orri horretan, Javierrek Aragoiko armarria marraztu zuen, gaur egungoarekin alderatuta, desberdintasun batzuk dituelarik. Alde batetik, gaur egungo armarriak goiko aldean koro bat du eta beste alde batetik, lehenengo kantoian gainean gurutze bat duen arte bat agertzen da. Gure koadernoko marrazkian ordea, ez dago ez kororik ez eta gurutzerik artearen gainean. Azkenik, hirugarren kantoian atzealde horian lau makil gorri agertzen dira gaurko armarrian, baino gurean badirudi bost daudela marraztuta. Aragoiko armarriaren bertsio pertsonalizatua marraztu zuen bere koadernoan Javier Leivarrek.

Barruan dauden marrazkiei dagokienez, 12 lamina daude, denak daude beragatik sinatuak eta denak dira marrazki geometrikoak. Gehienak marra zuzenak dira, laukiak, hirukiak, erronboak eta horrelakoak, baina konpasarekin ere praktikatu zuela ikusten da. Orri batzuen atzealdean badaude konpasarekin egindako proba batzuen markak. Lehenengo laminetan marrazki sinpleak daude, baino azkenekoak landuagoak direla ikusten da, ikasturte amaierakoak seguruenik. Bukatzeko, lamina hauetako batzuen atzealdean ikusi ditugu beste marrazkitxo estraofizial batzuk, baino hauetaz aurrerago hitz egindo dugu beste berri batean.

Amaia Mendizabal