Bloga

Zorionak, Ernesto! eta bejondeizula!

Aurreko azaroaren 25 eta 26an, Gasteizen EHUk duen Letra Fakultatean, unibertsitate arteko Arca Comunis sariak kongresu bat antolatu zuen, Gerra eta ekonomia ardatz hartuta. Aditu desberdinen eskutik, ekarpen interesgarriak izan ziren. Ekitaldiak, ordea, bazuen helburu sentiberago bat ere. Sare horren partaide izandako Ernesto Garcia Fernandez katedradunari omenaldia egitea, hain zuzen ere, bere erretiro akademikoa zela eta; hau da, gure tesi-zuzendari izandakoari.

Alde batetik, bere lagun eta ikerketa-kideen hitzak izan ziren, José Ramón Díaz de Duranarenak, kasu. Bestetik, eta ezusteko polit moduan, harekin tesia burutu genuenon ekimenari leku egin zitzaion, Imanol Vitoresek gidatuta eta Paula Martinezek eta Javier Goicoleak gauzatuta. Ernestok berak eman zigun bere omenaldiaren berri eta batek baino gehiagok, maltzurki, hara gerturatzea ia ezinezkoa izango zitzaigula erantzun genion. Ezkutuan, ordea, oso bestelako lana burutzen ari ginen. Nola, bestela! Ezin genion berari publikoki eskerrak emateko aukerari muzin egin. Asmoak hainbat astez giltzapean gordez, hilaren 25ean hitz eta oparitxo xume batzuk emateko aukera izan genuen; Ernestoren erreakzio hunkigarria ikusi genuenean, biziki poztu ginen. Berarekin tesia egindako guztiok hitz beretsuak ditugu berari dagokionez, baina hala eta guztiz ere, blog hau baliatu nahiko nuke berari beste modu batean eskerrak emateko.

Ernesto Garcia Fernandez (El Villar, Araba, 1957), 1984tik aritu da buru-belarri EHUn, Erdi Aroko katedra 2003an lortu zuelarik. Azken ia lau hamarkadetan benetako erreferente historiografikoa izan da guztiontzat. Karrerako azken urteetan geundela, 2001 aldera, bere lanak euskarri garrantzitsuak suertatu zitzaizkigun, berak eta beste ikertzaileek osatutako ekoizpen handiko taldeak Gipuzkoa izan baitzuten aztergai. Gerora, Salamancako doktoradutza kurtsoetan zein Gipuzkoako Artxibo Orokorraren bekaren bidez egindako lanaren harira, bere ikerkuntzekiko interesa areagotu zitzaigun,

Zehazki ez dugu oroitzen harekin izandako lehenengo kontaktua; bai, ordea, e-mailez izan zela. Hasieran ohiko kontsultak bihurtu zirenak, harreman sare bat josten joan ziren 2005 erdialderako. Nonbait, tesia burutzeko ideia zoroa otu zitzaigun, eta, gutuneria birtualaz bazen ere, Ernestok gurekiko izandako harreman abegikorra eta adeitsua aintzat hartuz, tesi-zuzendari izateko proposamena luzatu genion. Erantzuna harrigarria izan zen: EHU-rekin inolako loturarik ez zuen pertsona arrotz batek egindako gonbitaren aurrean ez zuen zalantzarik egin eta baiezkoa eman zion; bere magalean hartu gintuen.

Horren ondotik etorri zen gure lehen berriketaldi fisikoa, 2006ko martxoan, Gasteizko fakultateko liburutegian. Harrotasunez eraman genion bere “Gobernar la ciudad en la Edad Media: Oligarquías y elites urbanas en el País Vasco” lana. Katedra eskuratzeko aurkeztu zuen ikerketa mardul bezain oinarrizkoa zen guretzat, eta horregatik beragatik, berak eskainia eta sinatua izan zedila nahi genuen. Horrenbesterainokoa zen Ernestoren lanekiko genuen atxikimendua.

Modu honetan, 2006ko azarotik eta 2016ko urtarrila arte, gure tesi-zuzendari bilakatu zen. Egiari zor, unibertsitatearekin zuzeneko harremanik ez genuenez eta tesia gure kabuz, inolako bekarik gabe, burutzen ari ginenez, Ernestorekin izandako lotura ez da Imanol, Javier, Jose, Miriam edo Paula bezalako doktoregaiek garatu zutena bezalakoa, xumeagoa baizik. Akaso ere, beraiek baino zortedun izan gara!, Ernestoren zorroztasuna zein diplomaziaz eta abegikortasunez egindako kritika, iradokizun eta oharrak modu zeharkakoago batean bizi izan ditugulako.

Edonola ere, Ernestok beti hartu ditu aintzat bere ikasle eta doktoregaien egoera desberdinak. Bakoitzaren bide eta asmoekin biziki ulerkorra izan da, eta horren arabera neurtu ditu indarrak. Baina hori horrela izanik, bakoitzarekin fundamentuzko azterketak burutzeko helburuari ez dio sekula muzin egin. Hori izan da bere benetako iparrorratza, jendea ongi prestatzea; galdetu, bestela, Iosu eta Jorgeri.

Halaber, guztioi ikerkuntza proiektuetan parte hartzeko aukera emateko garaian ez du zalantzarik izan, baita tesia burutu ondoren ere. Ernestori esker, hamaika lekutako ikertzaile ezagutzeko parada izan dugu, baita beraiekin parez-pare lan egiteko ere. Bera bezalako pertsona langile, fin, umil, xume, abegikor, jator, pentsakor eta jakintsu batek mundu akademiko osoaren errespetua eta miresmena lortu du, eta hori, esan gabe doa, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula! Eta berarekin batera burututako bilera eta kongresuei esker, elkarrekiko harremana ere sendotu egin da, bidaietan emandako orduetan bizitza akademikoaz harago doazen kontuak partekatu baititugu.

            Gure aldetik, bereziki pozik gaude berarekin eta Javier Goicolearekin batera 2018an argitaratu genuen “Mercaderes y financieros vascos y riojanos en Castilla y Europa en el tránsito de la Edad Media a la Moderna” liburuaz. Bere azalean hiruon izena ikustea izan da, zalantzarik gabe, gehien harrotu eta harritu egiten gaituena. Izan ere, 15 urte luze lehenago, artean Historia ikasle soil ginela, benetako erreferentzia historiografikoak genituen bi ikertzailerekin lan bat partekatzea gauza handia da; orduan halakorik biziko genuela esan izan baligute, nekez sinestuko genukeen! Eta hori ere Ernestori zor diogu.

            Gehiago luzatu gabe, eskerrak ematea besterik ez zaigu falta. Ernesto, zuzendari eta maisu, lagun eta adiskide, MILA ESKER GUZTIAGATIK. Ohore bat izan da zurekin urte hauetan bizitza partekatzea. Goza ezazu bizitzaren garai berri honetan, beti bezain fin lan eginez.

Etorkizunean lanak eta proiektuak partekatuko ditugunaren esperantzaz,

                        Çoure guçya, et anyz stimáçen ssaytoubena,

                                                           Jacobus, doctor Ernesti.