Bloga

Zubimusuk badu beste altxor bat

Villabona eta Zizurkil batzen dituen Zubimusu izeneko zubiak baditu 3 begi. Gaur egun bi bakarrik dira arku erdikoak, baina garai batean hiruak ziren horrelakoak. Harrizkoa, antzinakoa, oso garrantzitsua bi herrientzat, baita ingurukoentzat,… Tira, ongi xamar ezagutzen ditugu zubi horren ezaugarri eta berezitasunak. Bestalde, erantsi dezakegu askotxo izan direla jasan dituen kalte eta berrikuntzak.

Hauetatik bat bereiztu nahi dugu, 1847 urtean egin zitzaiona, bere egoera oso txarra eta arriskutsua omen zen herritarrentzako eta nahitaezkoa zen berrikuntza bat egitea. Honela ba, artxiboan dugun espedientea ikusitakoaren arabera (1092-10), eskuhartze potoloetako bat egitea erabaki zen.

Horretarako Pedro Nolasko Telleria arkitektua kontratatu zen. Honek proiektua eta aurrekontua prestatu zituen. 20860 Real gastatuko ziren arku nagusiko dobelak kendu eta berriak jarri, harri-hormarako betelanak egin eta kareletako harlanduzko materialak jartzen. Bi Udalek Gipuzkoako Foru Aldundiko laguntza eskatu zuten hain gastu haundiari aurre egiteko.

Proiektuaren plano bakarra gorde da gaur egun arte. Bertan ikusten da obra guztia egin ahal izateko erabiliko den zinbria izeneko estrukturaren kokapena, honen lana zen arkua osorik mantentzea obrak egin bitartean eta bere kabuz eusteko gai den arte. Plano hau benetan ederra da, txikia, folio baten neurrikoa, baina ederra. Eskuz egina dago, tinta beltza eta grisa erabiliaz. Eskala oinetan (pies) dago eta langileek erabiliko duten aldamioaren kokapena ere zehazten du.

Esan beharra dugu arkitektu honek (Pedro Nolasko) diseinatu zuela urte batzuk lehenago udaletxearen gorputz nagusia gaur egun ezagutzen dugun bezala. Baina hori beste egun batean erakutsiko dugu.

Amagoia PiĆ”