Bloga

Zumaiako arrantzarako nasak

San
Telmo jaiak direla eta, apirileko artxiboari buruzko idatzia
itsasoarekin edo arrantzarekin lotutako gai baten ingurukoa egiten
saiatzen gara. Oraingo honetan ibai eta itsasadarretan burutu ohi zen
arrantza mota bati buruz idaztea erabaki dugu, nasen inguruan hain
zuzen. Zenbaitentzat agian ezezaguna izango da arrantza mota hau, baina
kostako eta ibai inguruetako hiribilduentzat benetan garrantzitsua izan
zen. Baina zer dira nasak?

Nasa
hitza aipatzen dugunean egungo otar-arrantza etortzen zaigu burura,
abakandoak eta otarrainak harrapatzeko erabiltzen den metodoa. Gaur
jorratuko ditugun nasak, ordea, bestelakoak dira. Ibaietan eta
itsasadarretan egur txikiz, zutabez edo hesolez eta sarez osatutako
egitura finkoak izaten ziren hauek. Hondoan tinkatutako egurrezko
hesolak ziren egitura honen hezurdura. Hesolen arteko tartea egur
txikiekin egindako sare-hesi moduko batekin ixten zen, inbutu formako
eremu itxi bat osatuz. Inbutu honen lepoan arrainak harrapatzeko poltsa
formako sare bat zabaltzen zen. Gehien bat izokiak harrapatzeko
erabiltzen ziren, baina baita beste arrain mota asko ere. Ibai eta
itsasadarretan eraikitzen ziren egurrezko egitura hauek diru-sarrera
garrantzitsuak eskaini zituzten.

Nasa
baten inguruko lehen datuak 1416an aurkitu ditugu Zumaian,
hiribilduaren eta Getariaren artean Urolako kanalaren erabileraren
inguruan adosten den hitzarmenean hain zuzen. Dokumentu honetan, Urolako
kanalean partikularren batek “cierta naza esttacada” eraiki zuela
aipatzen da. Hau dela eta, Getaria eta Zumaiak “ttrattaron e firmaron
que estta la dicha esttacada e naza faga derrivar el dicho concejo de
Zumaia a su propia costa e manera que la ottra esttacada no pueda para
perjuicio al uso de navegar”. Hitzarmen honetan gainera, ibaian
aurrerantzean nasak eraikitzea galarazi zen.

Ibai
eta itsasadarraren eta bertako baliabideen zaintza eta kontrol honek,
Zumaiako kontzejuari bertako ustiapena monopolizatzeko aukera zabaldu
zion. 1584an idatzitako udal-ordenantzetako 59. puntuak horrela dio:
“Que ningún vecino ni estraño, sea osado de hechar treinas, ni red
barredera, ni hacer cerradas en los ríos, ni costa de esta villa, sin
licencia del Alcalde y Regidor de ella”. Aipatutako monopolio honen
adibide, 1584rako hiribilduaren ondasunen artean nasak topatu ditugu.
Urte horretan, Zumaiak zituen ondasunak ikuskatu zituztenean,
Dornutegiko eta Mantzisidorko nasak aipatzen dira, biak Oikia inguruan.

Nasen
ustiapena errentan ematen zen enkante publiko bidez eta, askotan,
diru-sarrera nabarmena izaten zen. Hori zen, adibidez, Orio eta
Usurbilgo hiribilduen kasua XV. mendetik gutxienez. Arrantza mota honen
garrantziaren adibide garbia, XVI. mendeko lehen hamarkadetan, nasetan
burutzen zen arrantza Orioko kontzejuaren diru sarrera nagusia izan zela
dugu. Hau kontutan izanda eta Zumaiarentzat onuragarria izan zitekeela
jakinda, 1585ean Alkateak hiribilduko kanalean nasa berri bat
eraikitzeko proposamena luzatu zuen udalbatzarrean. Gainera, Zumaiak
zituen herriko mendietan bazen nasa berria eraikitzeko beharrezko
hesolak lortzeko nahikoa egur. Udalbatza alkatearekin bat etorri zen eta
Zumaiako nasa berria non eraiki erabakitzeko Orioko edo Usurbilgo maisu
nasagile baten laguntza bilatzea adostu zen.

Ia
hilabete beranduago, Mari Joan Arriola Orioko maisu nasagilearen
laguntzaz, nasa berria eraikitzeko gunerik egokiena Olazabal etxea baino
goragoko ingurua zela zehaztu zen. Momentuz ezin izan dugu ingurune
hori identifikatu, eta kontuan izan behar dugu ez dela XVII. mendekoa
den Olazabal idazkariaren jauregiarekin nahastu behar, baina ziurrenik
herri gunetik gertu egongo zen. Arriolak nasa uda baino lehen
eraikitzeko gomendioa luzatu zion udalbatzari eta hala erabaki zuten.
Nasaren eraikitzearen ikuskaritza Orioko maisu nasagileari eman zitzaion
eta beharrezko egurra herriaren ondasun zen artaditik ateratzeko
baimena, ahalik eta kalte gutxien egin zezan zehaztuz. Nasa berri
honekin Zumaiak beste nasa bat gehitu zuen bere ondasunetara.

Oihana Artetxe

*Irudia: “Ibai eta itsasadarretako arrantzarako nasa”. Iturria: Dideroten Entziklopedia (http://encyclopédie.eu/).