Arkitektura, noizko?
Ereiten Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbara aretoan zabaldu den Arkitektura, noizko? erakusketako publikoaren harreraren arduradun izango da.
Erakusketa honek Donostiako Nautiko eraikinaren sortzaile izan ziren Jose Manuel Aizpurua (Donostia, 1902-1936) eta Joaquin Labaien (Tolosa, 1900-1996) arkitektu arrazionalisten zenbait proiektu biltzen ditu. 1927-1936 urteetan burututako hainbat proiektu aurkezten dira bertan, hala nola dokumentu original, argazki, aldizkari, plano eta sekula eraiki ez ziren proiektuen maketak erakusgai jarri dira.
Aizpuruak 1930eko martxoaren 1ean La Gaceta literaria aldizkarian argitaratutako ¿Cuándo habrá arquitectura? artikuluak ematen dio izena erakusketa honi. Bertan ideia erradikalak aukezten ditu, arkitekturak arrazional eta funtzionalagoa izan behar duela baieztatuz, hau gizartearen zerbitzura egoteko beharra azpimarratuz.
Erakusketa Apirilaren 21 arte zabalik egongo da, asteartetik larunbatera, 16:00tatik 20:00tara.