Espaliú abarrak
Aurrekoetan bezala, Ereiten Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbara aretoan inauguratu den ESPALIÚ-ABARRAK: akzioak eta ondarea Donostian (1992-1994) erakusketan publiko harreraren arduradun izango da.
Oraingoan abenduaren 17an hasi den erakusketan Pepe Espaliú (1955-1993) artista kordobarrari buruzko lana dugu. Bertan bere azken urteak gogora ekartzen dira, Donostian eman baitzituen. Gure hiriarekiko harremana 1989an hasi bazuen ere, 1992tik aurrera bere gorenaldia ezagutu zuen; Artelekun arte eta pentsamendu tailerreko zuzendaria izan zenetik aurrera, hain zuzen ere. Erakusketaren epe kronologikoa 1994an bukatzen da, hil baino lehenago Artelekuri dohaintzan eman zion liburutegi pertsonala hara iritsi zenean.
Bi data horiek ardatz hartuta, eta Artelekuko funtsetan gordetzen diren bere materialen bidez, Espaliú-ren irudia gogora ekarri nahi da. Ez da bere heriotzaren 20. urteurrenaren oroitzapen bat soilik, bere obrak dituen aukerak eta eragina plazaratzea baizik. Horregatik, 1992-1998 artean Espaliú-ren tailerrean The Carrying Society deritzon kolektiboak burutu zituen lanak hartuz, artista honen sakabanatutako memoria eta materialak berreskuratu nahi dira.
Erakusketa 2014ko urtarrilaren 25a arte zabalik egongo da, eta bere ordutegia honakoa da:
Asteartetik ostiralera: 16:00 – 20:00
Larunbatetan: 11:00 – 14:00 / 16:00 – 20:00