Mary Shelleyren urtebetetze festa
1816ko udan, Lord Byronek Percy Bysshe Shelley poeta eta bere emazte gaztea, Mary, gonbidatu zituen Suitzako bere etxera. Egun euritsuak izan ziren, eta etxeko jabeak mamu-istorio bana idazteko proposamena luzatu zien gonbidatuei. Horra nola sortu zen “Frankenstein edo Prometeo modernoa”, 1818an argitaratua eta zientzia-fikzioaren generoko lehen eleberritzat jo izan dena.
Mary Shelley britainiar idazleak 18 urte baino ez zituen “Frankenstein” eleberria idatzi zuenean. Abuztuaren 30 batez jaio zen Londresen, eta data seinalatu hori baliatuz, Hondarribiko Udal Liburutegira gonbidatzen zaitugu, Mary Shelleyren urtebetetze festa ospatzera eta, bide batez, baita udazkenean antolatuko dugun zikloari1 (“Mary Shelleyren Frankenstein, 200 urte zatiak josten” zikloaren berri urria aldera emango dugu) ateak irekitzen dizkion erakusketa ikustera ere. Abuztuaren 30ean, 18:00etatik aurrera, meriendatxoa eskainiko diegu Liburutegira hurbiltzen direnei. Haur eta gaztetxoengan pentsatuz, txokolate-irabiakia, franki-gailetak, tarta berezia… izango dira bertaratzen direnentzat. Erakusgai dugun materialaren artean, berriz, honakoak topatuko dituzue: “Frankenstein” filmaren kartelak (bertsio ezberdinak), liburuak, komikiak, DVDak… baita ‘pieza’ bereziak ere: Judas Arrietak diseinatutako figurak, Menina txotxongilo-tailerreko Jonan Basterretxea eta Idoia Seijok sortutako panpina eta Elena Odriozola ilustratzailearen paperezko figurak eta antzokitxoa “irudien bidezko narrazio aukera berriak zabaltzen dituen agertokia” nabarmenduko genituzke.
Zatoz Mary Shelleyren urtebetetze festara, eta murgildu “Frankenstein” eleberriaren unibertso liluragarrian.
Mary Shelleyren Frankenstein, 200 urte zatiak josten erakusketa (abenduaren 31 arte) eta Mary Shelleyren urtebetetze festa
Abuztuak 30, osteguna, 18:00
Hondarribiko Udal Liburutegian