Udazkeneko lehen Harria Hitz bisita gidatua
HARRIA HITZ bisitaren udazkeneko egutegia prest dugu dagoeneko, eta urriaren 20an izango duzue ibilbidea egiteko lehen aukera. 60ko hamarkadara bidaia (eta gogoeta) proposatuko dizuegu eta, bide batez, goiz-pasa ederra egiteko aitzakia ere bai, 10:00etatik aurrera, HARRIA HITZ bisita gidatua eskainiko baitugu Usurbilen.
Euskal tradizioa eta modernitatea ederki uztartu dituen herria da Usurbil, baita euskal sorkuntzarekin konprometitutako herria ere. Inon baino hobeto islatzen da 60ko hamarkadan Euskal Herrian gertatu zen kultura-eztanda, eta baita eztanda horren ondorena ere. HARRIA HITZ ibilbideak, herrigunean ikus daitezkeen zenbait elementuren bitartez, Usurbilek euskal kultura garaikidearen susperraldian jokatutako papera ezagutaraztea du helburu.
TxTxTx Txokoaldeko Txalaparta Txokoa –Oreka TX taldeko txalapartariek Usurbilen entseatzeko eta erakustaldiak egiteko duten gunea– ezagutzeko aukera ere izango dugu.
Horrez gain, Zumeta Arte Estudioan –Jose Luis Zumeta margolariak eta bere alaba Usoak partekatutako espazioan– murgilduko gara.
Gehiago jakin nahi izatera, ibilbide honetan parte hartzera animatzen zaitugu.
EGUNA ETA ORDUA: Urriak 20, larunbata, 10:00
EGITARAUA:
10:00 Usurbilgo frontoian elkartu
10:05 HARRIA HITZ bisita gidatua herrigunean (Dema Plaza, Udarregiren omenezko eskultura, Zumetaren murala, Mikel Laboa Plaza, Tapiaren murala, Askatasuna Plaza, Sagardoaren Monumentua)
11:15 TXTXTX Txokoaldeko Txalaparta Txokora bisita
12:35 Zumeta Arte Estudiora bisita
13:45 amaiera
HIZKUNTZA: Azalpenak euskaraz emango dira
INFORMAZIOA ETA ERRESERBAK: 688 818 017 / info@kultour.pro
Bisita DOAKOA izango da. Aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da (25 lagun, gehienez).