Poesia italiarraren artista-liburu aurkezpena azaroaren 21ean

Artista-liburu bat sortu dute Damaris Pan artista eta EHUko pintura irakasleak eta Iñigo Astiz idazleak Sandro Penna poeta italiarraren testuak euskarara ekarriz eta haren unibertso poetikoa margolan bilakatuz. Besteak beste, Pier Paolo Pasolini eta Natalia Ginzburg idazleen autore kuttuna zen Penna, eta gardentasuna eta erotismoa dira bere poesiaren gako nagusiak, eta euskaraz eta arkatzez sortutako margolan zainduz hornituta disfrutatu ahalko da hemendik aurrera.

 

Artea eta literatura uztartzen dituen proiektua izanik, elkarlanean kaleratu dute 200 orritik gorako irudidun liburua Farmazia Beltza eta EFi argitaletxeek.

 

Proiektuaren nondik norakoak aurkeztuko dituzte sortzaileek eta argitaletxeetako arduradunek AZAROAREN 21ean, 11:00etan, Bilboko Aire galerian (San Mames zumarkalea, 11, El Zollo kalezuloa).

 

Horrez gainera, arratsaldez, Donostiako Tobacco Days liburudendan egongo dira, 19:00etan, liburuaren aurkezpen publikoa egiten, pianoa, bideoa, irudiak eta, noski, Pennaren poemak uztartzen dituen ikuskizun batekin.