Hondarribiko Liburutegia sormen iturri
Denok dakigu liburutegietan dagoen fondo mota adina erabiltzaile daudela. Erabiltzaileek zer topatzen duten liburutegietan ez da gehienetan erraza azaltzen edota ikusten. Baina Hondarribiko liburutegian saiatuko gara. Eta helburu horrekin Liburutegia sormen iturri programa aurkeztu nahi dizuegu.
Gehienoi gertatu zaigu noizbait zeozer ikusi, entzun, usaindu eta pelikula edota libururen batekin oroitzapen bat etortzea burura. Nori ez zaio gertatu tomate orlegi frijituak, katxiporreta, ziri magikoak… entzun, eta pelikula edota liburua burura etortzea. Hori erraz ikusten da, baina beste hainbatetan konturatu gabeko zenbat gauzek izan ote dute eragina gure egunerokoan!
Izandako eragin guztiak ezinezkoa da azaltzea, noski, baina liburutegian adibide batzuk eskuragarri jarri nahi izan ditugu. Gure erabiltzaileak diren hainbat sortzailerekin harremanetan jarri gara. Eskatu diegu beraien lanen bat liburutegian jartzeko, eta gure funtsean dauden materialetatik (aldizkariak, liburuak, cdak, dvdak…) aukeraketa bat egin behar izan dute beraien obran eragina izan dutena horiek elkarren ondoan jartzeko. Hori ondo ulertzeko bakoitzaren azalpena bideo laburretan jaso dugu, horiek QR bidez eskuragarri ere jarriz. Honako hau Urtzi Ibarguenena da.
Erakusketatxoan topatuko ditugun artistak:
- Judas Arrieta
- Telmo Basterretxea
- Maite Caballero
- Sandra Cuesta
- Rosa Gomez
- Urtzi Ibarguen
- Ainara Oskoz
- Menina tailerra
- Santamariamadalena tailerra
Programaren barruan honako ekitaldi hauek antolatu ditugu:
Maiatzaren 19an, 19:00tan, sortzaileen dokumental hauek eskainiko ditugu: Telmo Basterretxea-ren “La persona que más admiro” (Showing Film Adwards, 2016), Maite Caballero-ren “Cuéntame mas sobre tu trabajo” (Genis Rigol-ekin batera, Residencias Irudika, 2019), Sandra Cuesta-ren “Vecinos, bandurrias & güateques” (Larraitz Torres-ekin batera, 2009) eta Ane Muñoz-en “Basurdea” (2002)
Maiatzaren 21ean, 18:30etan, gazteei zuzendutako Rap tailerra eskainiko dugu Andoni Olaetxea-k (Pelax taldea) gidatuta.
Maiatzaren 28an, 18etan, Hondarribiko Alde zaharrean dauden artelan obrak ezagutzeko bisita gidatua.
* Izena ematea gomendagarria da