3 minutu, bizitza bat. Xenpelar Tailerrak, 50 urte eta…

Ereiten Kultur Zerbitzuen mediazio taldeak 3 minutu, bizitza bat. Xenpelar Tailerrak, 50 urte eta gehiago erakusketa sortu eta martxan jarri du Errenteriako Kultura Sailarekin batera. Erakusketa Errenteriako Foru plazan eta Xenpelar etxean egongo da ikusgai hurrengo apirilak 26a arte.

Xenpelar Tailerren 50. urteurrenaren aitzakian, proiektu honen helburua tailerren inguruko oroitzapenak berreskuratu eta memoria komun bat eraikitzea izan da, horretarako Errenteriako Udalari David Hornback argazkilari estatubatuarrarekin kolaborazio bat egitea planteatu diogu, horretarako argazkilariak bere ‘3 minutes’ proiektua Xenpelar Tailerretara egokitu duelarik. Hornbackek 120 urteko argazki kamera batekin egiten ditu erretratuak eta garai bateko teknikak berreskuratu ditu argazkiak egiteko behar den denbora modu nabarmenean luzatuz; izan ere bere argazki baikotzak, kameraren behar teknikoak direla eta, 3 minutuko esposizioa eskatzen dute.

Horretarako, Xenpelar Tailerren 50 urteko ibilbidean, modu batera edo bestera, parte hartu duten pertsonekin harremanetan jarri zen giñen: irakasleak, ikasle ohi eta gaur egungoak. 23 pertsoneko taldea osatu eta Hornbackek gaur egungo tailerrak kokatzen diren Merkatuzar udal eraikinean egin zituen argazkiak pasa den 2024 maiatzean. Kamerak irudiak jasotzeko behar dituen 3 minutu horietan Xenpelar Tailerren inguruan hausnartzeko eskatu zitzaien erretratatutako pertsonei, euren oroitzapenetan murgitzeko. Behin argazkilariaren lana bukatuta, pentsamendu horiek grabazio batzuetan jasota utzi genituen.

Proiektuaren lehen zati hau Errenteriako Foru plazan kokatu diren “Totem” batzuen bitartez azaltzen da. Bertan, ikusleak, protagonista ezberdinei egindako argazkiak ikusteaz gain, bere oroitzapenak entzuteko aukera dauka, argazkien ondoan kokatu diren QR kode batzuen bitartez. Erakusketaren bigarren zatia berriz Xenpelar Etxean kokatzen da. Bertan, tailerrei lotutako hainbat elementu jarri dituzte ikusgai, oroitzapen horiek gogora ekartzeko baliabide gisa, nahi duenak bertan bere oroitzapen horiek grabailu bidez kontatu edo koaderno batean idatz ditzan.

Erakusketaren irekiera aurreko apirilak 4ean izan zen eta herritar asko hurbildu zen bertara. Foru plazan kokatutako partea egunero 24 orduz ikusi ahal izango da eta Xenpelar Etxekoa astelehenetik larunbatera, 17:00etatik 20:00etara.

David Hornback (Los Angeles, 1962) nazioartean ibilbide oparoa duen argazkilaria da eta San Jose Mercury Newseko taldearekin batera Pulitzer saria irabazi zuen San Frantziskoko Loma Prietako lurrikararen berri ematen egindako lanagatik (1989). National Geographic, GEO, Time, The New York Times eta Newsweekentzat lan egin du, besteak beste, eta kontinente ezberdinetako gertaera historikoak dokumentatu ditu. Bilbon bizi da, eta bere argazkilari lana beste diziplina batzuekin uztartzen du, hala nola performancearekin, arte eszenikoekin, zinemarekin edo irakaskuntzarekin.