Espacio Odisean ere komunitatea oinarri
Urteari hasiera ona eman diogu, ia amaitu genuen bezala, KOMUNITATEA hitza lehen lerrora ekarriz. Komunitatea kasu honetan, eta liburutegi baten ikusmoldetik begiratuta honakoa da:
ZAINTZA. ONDOKOA ENTZUN. ERABILTZAILEAK AKTIBATU.
TOKI ATSEGINAK ESKAINI
Medialabek eman digu aukera topaketa honetako protagonista eta hizlari nagusia Laura Peredo Cervantes ezagutzeko, “Espacio Odisea” liburutegiaren sortzaileetako bat. Berak oso modu argian eman digu Mexiko DFtik bi ordutara dagoen Valle de Bravo hiriko berri eta euren lanaren ikuspegi zabala 2 orduko solasaldi atseginean.
“Espacio Odisea” interes ekonomikorik ez duen elkarte batek sortutako “liburutegia” da, dagoeneko 8 urteko ibilbidea burutu duen ekimena. Baina aurkezpenean esan duten bezala, liburutegia ez “DA”, liburutegia “EGITEN” da.
Espacio Odisea liburutegi txikia da baina bihotz handikoa eta adar asko dauzkana. Hiri hau DFko ura hornitzen duen presa handi baten alboan kokatuta dago. Mendiz inguratuta, herri eta komunitate txikiz inguratuta. Mexiko eta Euskal Herriko gizartea oso desberdinak dira: gizartea, ohiturak, liburutegien sarea bera… Ez litzake zilegi hauen konparaketa egitea. Baina bai ezagutzea, gure begiekin hangoa erreparatzea eta ikustea nola muinean denok berdina aldarrikatzen dugun.
Laurak trasmititu diguna izan da hemen duela 40 edo 30 urte zegoen mugimendu, elkartruke, elkartegintza… inspiritu hura dela, gaur eta Mexikon, mugimendu gehien sortzen duen ekimena, gizartea aktibatzeko baliagarria dena eta funtzionatzen duena.
“Espacio Odisea”-ren oinarriak bi dira. Bi galdera, bi abiapuntu:
– Zer ikasi nahi duzu?
– Zer irakatsi dezakezu?
Hortik abiatu, entzun, erabiltzaileekin hitz egin eta antolatu, derrigortu gabe, baina bultzatuz, bai ikastera, bai erakustera… eta horrela sortu dute komunitatea. Ondorioa elkar-zaintza izan da. ZAINTZA erdigunera ekarriz. Erabiltzaileen beharrak asetu asmoz, erabiltzailea aktibatu eta komunitatearen parte sentiaraziz eta ikasis, elkar-ikasiz.
Burutzen dituzten ekimenen artean denetarik dago eta beraien sare sozialetan daude guztiak. Tartean aipatu diren batzuk dira liburuz betetako maletak inguruko elkarte, landa komunitateentzat mailegagarri; liburu erabili eta errepikatuen salerosketa; kafetegia eta ur edangarridun iturriak; asperdura ekiditeko aisialdi eremuak sortzea helburu dituzten jolasak.
Sarri erabili izan dute Hiri laborategien metodología ere, baina aldarrikatuz ez dela soilik metodologia hori funtzionatzen duena, metodología soil baino laborategi hauen filosofía goraipatu da. Hau da erabiltzaileek nahi dutelako sortzen bada zerbait, funtzionatzen badu ongi, eta bestela, alboratu eta beste ideia bati heldu behar zaiola.
“Zer egingo dugu elkarrekin (erabiltzaile eta liburuzain)”
“Proposatzen duenak, egiten du. Ez du balio soilik proposatzeak, hitz egiteak… eta gero ezer ez egiteak”