Elena Barrena Osoro: irakasle
Maisu/maistra ere izan zitekeen, hitzak bere muinean “onena”, “gorena” eta horrelakoak omen daramatza eta. Baina ikastea eragin digu Elenak; eta hori irakastea da, azken batean. Eta nahiago dugu horrela azaldu unibertsitatean hasitako harremana: irakasle izan dugu bera. Izan ere, unibertsitateko giro gris eta apal hartan, bost urte luzez, irakaskuntzan aritzen zirenen artean oso gutxi arduratu ziren irakasteaz. Maisuki irakatsi zigun hark, ordea. Hezkuntza arloan ez ezik, baita alor profesionalean eta maila pertsonalean ere.
Elena Barrena irakasleaz aritzea egokitu zait artikulu sorta honetan. Noski, kontakizun pertsonala izango da; pertsonalaren baitan, norberarena, profesionala eta politikoa elkarrekin batzen direla jakin badakigu eta. Guri dagokigunez, Elenaren eraginik gabe, haren gaitasunik gabe, nekez izango genukeen egun dugun ofizioa. Haren magisteritzarik jaso izan ez bagenu, Ereiten enpresak ez zukeen argirik ikusiko: Elenak berorren sorreran zuzeneko parte hartzerik izan ez zuen arren, gure formakuntzaren hazia ondo baino hobeto bermatu baitzuen. Haren eskolarik gabe, bestalde, are apalagoak izango ziratekeen Juan Carlos Morak eta biok Gipuzkoako historiari buruz han-hemenka idatzitakoak ere. Bere bultzadarik gabe, nik neuk ez nuke doktoradutza burutuko, ezingo nukeen. Eta, azkenik, bere irakaspenak formakuntza formalaren esparrutik hedatu izan ez balitu, ez genukeen sinetsiko historialari eta dokumentalistaren ofizioa lanerako aukera serios eta emankorra izan zitekeenik. Horri helduko diogu jarraian, eta kontatuko duguna oso pertsonala izango da, lagun eta irakasle bikain izan dudan Elenaren eskutik ikasitakoa azaldu nahi dut eta.
Horrenbestez, aspaldiko zorra kitatu nahi genuke testu honen bidez. Publikoki kitatu ere. Eta pertsonala izango da, baina memoria ariketa ere bada. Arestian aipatu legez, ez gara memoria pertsonalaz ari soilik. Pertsonala, profesionala; politikoa, beraz. Baina, politikoa, ez bere zentzurik zabalduenean, Etxetik Plazara doan bideak daukan zentzuan baizik; eta, hain zuzen, Plazara iristen lagundu digun hori kontakizunaren ardatz hartuta.
Kontu kitaketa horren beharra aspaldidanik izan dugu gogoan, baina 2020ko abenduan temati agertu zitzaigun begien aurrean. Euskal Herriko bideei buruzko sinposioa antolatu zuten Donostian; eta niri han izateko zoria fortunatu zitzaidan1. Elena Barrena, ordea, ez zegoen parte-hartzaileen artean. Harrigarria, Euskal Herriko bideen gaineko historiografia erabat berritu eta eguneratu baitzuen Gipuzkoako Komunikabideen Historia bildumak2,, bere zuzendaritzapean (Jose Antonio Rodriguez Ranzek jarraitu zion gerora). Berez dator metafora: bidea urratu zuen. Bildumaren bigarren alea dokumentatzea eskatu zidan Elenak. Hilabete haiek, garbi esanda, karrera osoak adina balio izan zuten. Paleografian trebatu behar, Gipuzkoako Historiari buruzko liburu eta artikuluak bilatu, irakurri, ulertu, eztabaidatu… eta Gipuzkoako Artxibo Orokorrean ikertu. 1994an izan zen, hau da, aurreko mendean eta bizimoduan… Aro profesional eta aro pertsonal berriaren hastapenean.
Horiek horrela, Elena Barrena irakasleaz aurkeztu nahi dudan lehen aldea dozentearena da, Unibertsitateko irakaslearena, hain zuzen ere. Irakaspenak bi mailatan jaso genituen. Lehena, molde klasikoan; gelan, alegia. Euskal Herriko Historia karrera osoko klaserik interesgarriena izan genuen, ez soilik edukiagatik, baita bi urtez izandako irakasleengatik ere3.
Elenaren klaseak direla eta, historiari buruz jakin uste genuena hankaz gora jarri zuen. Tabuak hautsi zituen. Horretarako, guztiz berriak ziren ideiak, kontzeptuak eta gertakizunak ulertzeko tresnak eman zizkigun. Esate baterako, ezin ahaztu Roger Collins-en Los Vascos liburuaren irakurketa kritikoa. Liburua gaztelaniara itzuli berria zen4. Autoreak maitekiro jorratzen zuen gaia, baina ez behar bezain zorrotz eta zehatz. Historia eta mitoa nahasturik, gertakizun historikoak, azalpen errazik ez zutenak behintzat, nolabaiteko magiaren ondorio balira bezala aurkezten zituen… Pentsamendu kritikoa, ofizioaren inguruko hausnarketa eta argudioak aurretik landu, eta metodologia sendoaren laguntzaz bermatuta, majo larrutu genuen Collinsen liburua. Gure lana kalitatez eta profesionaltasunez egin behar genuela konturatu ginen. Unibertsitatean ginen! Gertuko gizarteari ezer eskaini nahi izatekotan, beraz, karrera batean matrikulatzea ez zen aski. Trebatu, hobetu, saiatu… dialektika erabili behar zen eta horretarako ondo formatu behar.
Unibertsaltasuna bereiztasunean eta azaltzeko ezintasunean oinarritu beharrean, munduan egoteko eskubidea normaltasunean oinarritzen ikasi genuen. Historialariak leinuaren azti edo memoriaren zaindari izateak ez zuen esan nahi gure patua iraganaren edo halabeharrez beteko zen sineskeriaren esku utzi behar zenik. Memoria astintzeak, kasu honetan, beste helburu bat zeukan: gizarte edo jendarte jakin batek egindako bidea ilustratzea, munduan modu estandarizatuan izan zedin. Euskal herritarrak “aro bakoitzak eskatzen zuen bezalakoak” izan ginen, garaian garaikoak. Eta, ondorioz, baita oraingo aro honetan ere. Aroan egoteko edo garaian garaiko izateko modua gure komunitatean erabakitzen ahal genuen. Hori bai hori ideia ahaltsua: Geure buruaren jabe gara; sortzen ditugun harremanen baitakoak dira gure oraina eta geroa. XX. mendetik aurrera izan ahal izateko, bistan da zeren beharra dagoen: Estatua. Era berean, Estatua antolaketa mota historikoa da. Ez da beti izan. Hori gabeko Euskal Herria ere bazela ikasi genuen, egungo beharrek ez omen zuten eta, aspaldikoak izan behar. Baina horrek ez zuen esan nahi egoteko molde horietatik aldenduak ginenik, zirenik. Alderantziz.
Elenak gurekin partekatu zituen ezagutzak ez ziren makalak izan gela barruan. Adibide bat jartzearren, ohiko gaitegi hertsitik atera, eta begiak lurralde osora zabaltzeko grina piztu zigun, aurrerago Manex Goienetxek egingo zuen moduan; edota Irulegikoa hari historikoan ulertzeko balekoa den interpretazio ez lineal ez eta lurralde osorako aldiberekoa ere.
Historiaren eta gizarte-espazioaren arteko harremanak ulertzeko modu zehatz hori egokia iruditu izan zait beti. Euskal mitologia ondo ulertzeko eta kontakizun horien itzala errealitatearekin lotzeko baliagarri direlakoan nago; eta erromatar inperioaren gainbeheratik Erdi Aroko egitura politikoetaraino doan zubia osatzen dutelakoan: jentilak Baiona —Txingudi— eta Aiako harria batzen; Martin Txiki Goierriko populazionearen ibilbidea kontatzen; Polifemo Haizeoletako Ttartalo bihurtuta; Lamiak, hiriguneetatik ihes, txanponak ezkutatzen… Era berean, Oiartzun–Urruña espazioaren garapena erromatarren ostean, eta bi espazioen arteko lehia eta antzekotasunak; Akitaniaren nondik norakoak; ospe txarra edo batere ezagunak ez diren nafar errege-erreginak; Banukasi-Aritza gure Merlin-Arthur gisa ezaugarrituta… Gai hauek izan lezaketen interesa pertsonala baino ez da, agian. Jakina, kontu horiek behar bezala garatzeko gaitasunak, berriz, politiko bihurtuko lituzke, betiere, izaera historikoari eta historialariaren metodoari eutsita. Ez dut esan nahi horiek zirenik klaseetako gaiak; horiek oinarri hartuta, bestelako arazo, enigma, gako eta abar garatzeko edo argitzeko erabil daitezkeela baizik. Erran nahi baita: ikertzeko erronka edota jakintza-gaia bihur litezke. Beste gai batzuek, ostera, aplikazio praktikoagoa izan zuten gure bizitza profesionalean; han hemen, Gipuzkoako herrietako historia berritu nahian, berriz ere egitura politiko administratiboei (tokikoei zein probintzialei) heldu genien, garapen gisa ulertuta betiere, hots, une jakin batean sortu eta giza harremanen baitako indar erlazioaren ondorio zirela kontuan hartuta.
Historiaren inguruan piztutako debate hurbilak ere ezagutu genituen. Agian txikikeriak izango ziren, baina, nolanahi ere, ofizioari zegokion eta badagokion giroaren eta askotan kiratsaren erakusle ziren. Santioko bidea, tenplarioak edo Adarra mendiko zubi ustez erromatarra behin eta berriz azaleratzen dira oraindik ere, interes pertsonalak historialari senari gailentzen zaizkion egoeren aurrean.
Klase mamitsu, gogor eta interesgarri haien kontuak amaitzeko, ezinbestekoa zait 1989-90eko negua aipatzea (Elenaren beraren baimenaz). Lurraldetasunaz inoizko klaserik magistralena eman zigun. Hitzak soberan dauden arren, emandako klaseari gaur metaklasea deituko geniokeen, ordukoaz bikain jardun baitzen, oraingoari begirik galdu gabe; tinkontasun eta profesionaltasun osoz, alegia.
Formazio bikaina, berria eta eskuzabala eskaintzeaz batera, mugak birrindu zituen, “gela” ez baitzen irakasteko gune bakarra izan. Ofizioa, historialari izateko aukera, aurrez aurreko jakintzaren trasmisioa, ariketa praktikoak… Hori guztia jarri zuen Elenak gure eskura. Eskuzabaltasunez. Eta horixe da, hain zuzen, aipatu beharreko bigarren gakoa: irakasteko moldean eskola sortu zuen.
Artean karrera amaitu gabeak ginela, trebatze taldean parte hartzeko aukera eman zigun Elenak. Ezin jakin zein izen arranditsu jarriko lioketen gaur egun halako ekimenari. Orduan, besterik gabe, “ikerketa batean parte hartzeko aukera” deitu zitzaion. Horri esker, besterik gabe lizentziadunak izan beharrean, historialari bihurtzeko aukera eman zigun. Gipuzkoako baselizen datutegia osatzen laguntzea, eskuz, lan hutsala irudituko zaizuen arren, Gipuzkoako geografia, artea, antolaketa, eta, jakina, osaketa historikoa ulertzeko eta barneratzeko ariketa itzela izan zen. Itzela ez ezik, baita bikaina ere, lanean hasi berria denari laguntzen, zuzentzen eta animatzen ikasteko. Hasierako lan hura, beraz, eskola izan zen, zentzu guztietan.
Hau da: unibertsitarioak izan aurretik, Unibertsitate batean egiten ohi ziren “gauzak” egiten aritu ginen. Ikerlari talde bateko partaideak izan ginen! Hori guztia nola egiten den ikasi genuen! Errealitateak, ordea, besterik ere erakutsi zigun: ikerketarako prestakuntza edo teoriaren aplikazio praktikoa beste upel bateko sagardoa direla; Unibertsitatean ez zeuden propio gure zain. Baten batek probokatu edo eskaini ezean, jai zegoen. Baina Elenak halaxe egin zuen. XXI. mendean, lizentziatu berri diren gizon-emakume askoren curriculumak jasotzen ditugu guk, eta berehala antzematen dugu, behin eta berriz gainera, ikasketetan ez zutela guk adinako zorterik izan.
Gure formazioa modu integralean eskainita, Elena Barrena aitzindari bihurtu zen. Horretara dator arestian esandakoa: formazio hori gabe, nekez bihurtuko ginatekeen historialari.
Urteen perspektibaz argi eta garbi ikusi dugu Elena nolabaiteko eskola sortzen ari zela unibertsitatean, eta eskola hori egundaino iritsi dela. Josean Marín eta Josean Achón ere han ziren, besteak beste. Baita Luzia Alberro eta Eider Landaberea ere, geroago. Urtez urte luzatutako kontu horretan esanguratsua da, adibidez, nola eraldatu diren generoa eta hizkuntza. Aipatutako lagunek, Leyre Arrieta ere tarteko, Unibertsitatean segitzen dute klaseak ematen. Pentsa zer nolako katea osatu zuen.
Agian perspektiba behar da horretaz ohartzeko. Niri behintzat hala gertatu zitzaidan 2021eko abenduan. Uxuen ari ginen lanean, eta hango alkate Ruben Sanchezek La Blanca baselizaren jabetza komunitarioa epaitegian defendatzen laguntzeko eskatu zigun. Ataka estuan jarri gintuen, baina argudioak osatze aldera, lurraldearen okupazioaren nondik norakoak azaldu genituen, eta haren antolaketari eutsi genion, zeri bestela. Elena Barrena ez ezik, haren bide-erakusle Garcia de Cortazar ere aipatu genuen, eta gure burua tradizio historiografiko horretan kokatu genuen. Epaiketan entzun beharrreko horiek merezi izan zuten, Gerora Elenari kontatu nion, ia barkamena eskatuz, baina hark emandako erantzuna borobila izan zen: bai, Eskola horretakoak ginen; bai, ondo jokatuta; eta bai, hori harro esatea zilegi zen.
Denborak ez du kidetza hori desegin; leinuak deiadarra jo, eta gu dantzan. Nolabaiteko aitortza eta elkarlanerako grina zalantzagabea erakutsi diogu elkarri urte hauetan. Unibertsitatetik kanpo egon arren, Eskola horretan irabazitakoa hartu dute beti aintzat besteek, beraiekin batera klaseak ematea eskaintzeraino, aukera izan denean; bueltan, ekimen honetan hartuko dute parte haietako gehienek. Ziur naiz, gainera, leinu buruari zor zaion errespetuagatik eta inoiz formalizatu ez den Eskolakidetza direla horretarako arrazoirik behinenak.
Trebatze talde hartatik, esan bezala, profesional handiak atera ziren. Bitartean, guk geure bideari eman genion hasiera. Bide profesionala hori ere; lanaren balorea Elenak jarri zigun agerian. Zehaztapen bat: balorea diogunean, balio ekonomikoaz ari gara. Hain zuzen, horixe bera dugu azpimarratu beharreko hirugarren irakasgaia: lanaren balioa.
Ermitetatik Gipuzkoako bideetara pasatu ginen. Eta hori benetako lana zen, alegia, ordaindua. Hots, profesionalak ginen! Eta hori, esan gabe doa, ez zen batere normala. Zer esanik ez gaurko egunean, bekak eta praktikak ezkutuko lan bihurtu direnean. Esan nahi baita: hasierako planteamendua egin zuenean, guk ere kobratu egingo genuela erabaki zuen lanaren zuzendari Elenak. Ez ginen debaldeko bekario, beraz, hain zuzen, lana, edukiak eta informazioa sortzen ari ginelako, artean ikasleak izan arren. Formula bat aurkitu behar izan zuen, ordaina jaso genezan; eta horrekin beste irakasgai bat eskaini zigun bidenabar: gure lanari balioa ematearena. Guztiz koherentea eta normala zen, bestalde. Zer dela eta, harritu? Baina, beharbada bai… XXI. mendean gara, eta lana praktiken azpian ezkutatzen dela ikusi duenari harrigarria egingo zaio guztiz. Hori ere ikasgaia izan da, profesionala eta pertsonala gurutzatu eta politiko bihurtzen den ikasgaia, jokatzeko printzipio bihurtzeraino. Pentsatu nahi dugu Elenaren jokaera hori geure egin genuela; geure harreman laboralera ekarri dugula.
Irakaslearen ardura ez zen hortan gelditu, ez horixe. Ardura horren baitan, batetik lana bilatzeko laguntza, eta bestetik doktoradutza gorpuzteko laguntza ere bere egin zituen. Biak ala biak aurretik aipatu ikuskeran kokatzen ditugu. Hau da: klasean, gaiak komentatzea baino gehiago, irakasle izatea da langintza, Barrenaren ikuspuntutik behintzat. Egun era guztietako izendapenak asmatu ditugu horretarako: zaintza, tutoretza, mentoretza… Elenak ardura soziala jarri zuen mahai gainean, hala sentitu genuen guk. Hiru opari itzel egin zizkigun. Lehena, gazteegi izanagatik ere, Unibertsitatean klaseak emateko aukera: ausarta izan zen, bai gugan konfiantza jartzean, bai eta kontratua negoziatzen laguntzean ere, garai hartan. 1996. urtean, hain zuzen, espetxe zigorra betetzen ari bainintzen, intsumiso egin nintzelako. Bigarren oparia, dokumentalista moduan aritzeko aukera. Horrek erabat zabaldu zigun bide profesionala; eta gaurdaino ekarri gaitu. Hirugarrena, gure tesia. Gorago aipatu dugun lehen lan hartan, Gipuzkoako bideei buruzko lan hartan, tesi baterako ideiak hasi ziren agertzen. Historian zeharreko bazterketa sozialaren gaineko gure interesari bide ematen saiatu zen Elena: Gipuzkoa izaki politiko izatetik izaki administratibora bihurtzea ez ote zen bazterketa kolektiboa ere. Azkenean baina, bideetan agertzen ziren ustekabeko protagonistak nagusitu ziren tesian: euskal bandoleroak eta horiek jazartzeko modu berria, polizia: Bistan denez espazio politikoaren antolaketaren ideia ez zegoen ikerketa honetatik oso aparte. Halere, tesiari oso bestelako bultzada eman zion, ikerketa burutu ahal izateko laguntza ekonomikoa lortzen, Rodriguez Ranz irakaslearen bidez. Kontakizun pertsonal honetan ezin aipatu gabe utzi.
Bistan denez, gorago aipatutako hiru esparruak —pertsonala, politikoa eta profesionala— ez dira erraz bereiztekoak. Baina horren ardatzean ezinbestean ardura dagoela esango genuke. Irakasle senaren baitan gotortzen den arduraz ari naiz.
Alabaina, tartean kontakizun pertsonalik izango ez balitz edota zorra publikoki kitatu beharko ez balitz, Barrena doktore eta irakaslearen ekarpena neurtzeko gailurik ere izango genuke: hain zuzen ere, bere tesia bera, eta Gipuzkoako historiografia berritzen izandako eragina.
Subjektu politikoen garapen historikoari erreparatzea izugarrizko irakasgaia da. Eta garapen horretan eragiteko borrokatzen diren indarrak edo aldeak identifikatzea eta ulertzea irakaspen horren bigarren ondorioa dela esan liteke. Gure nahiak ez daude iraganean, garatutako bizi estrategietan eta horren ondorioz galtzen edo irabazten ditugun abaguneetan baizik.
E.P. Thompsonena ematen duen ideia hori, lurraldearen osagaiei aplikatzean, ongi baino hobeto identifikatuta agertzen ziren Gipuzkoa historikoak. Ez zen, jakina, hautu neutroa; bai ordea guztiz historikoa. Horretara dator gure izaera bikoitza. Batetik, historialariarena, eta bestetik, historiaren dialektikaren bidez mundua ulertu eta eraldatu nahi duenarena. Eta biak, bat eginda.
Erro oso bestelakoa izanik ere, balekoa izan da kontzeptualizazioa egungo mundua ulertzeko, Jason W. Mooren deskribapenarekin bat eginez; alegia, kapitalak bere mesederako eta kontrolik gabe bultzatu duen eraldaketa lurraldearen ordenazio soziala ere bada, oraingo honetan ordenazioak finantza kapitalaren alde jokatu eta lurraldearen barruko biosfera osoa hartu badu ere. Beraz, espazioa eta bizitza ordenatzea ez da soilik geografia edo geologia, mundu ikuskera nagusitzeko borroka ere bada.
Horiek horrela, 90eko hamarraldian hasi eta 20 bat urtez luzatu zen Gipuzkoako historiografiaren berritzea azalera ekartzea ondo ulertuko dela uste dut. Hau da, 35 urte asko badira ere –tesiak beste horrenbeste beteko ditu5–, ikerketa lan itzel horrek ondo eutsi dio bere ideia nagusiari.
Euskal erakundeen bilakaera historikoa aitortzea, hau da, testuinguru batean sortu zirela aintzat hartzea, ematen duena baino ideia ahaltsuagoa da. Besteak beste, politikan zein historian nagusi den “unidad de destino en lo universal” deritzon ardatza birrintzen duelako, modu praktikoan. Klasean iradokitako ideiak azkar batean laburbildu, Gran Atlas Histórico del Mundo Vasco bilduman sartu eta Euskal Herri osora zabaldu nahi izana eskertzekoa da. Oraindik ere gida gisa balio duten ideiak dira, eta gozamen hutsa da. Lurraldearen garapena politikoa izan zen, inondik ere. Kultura eta espazio komuna betetzen zuen giza taldearenaz ere ari gara.
Elenak bere tesia argitaratu ondoren, Gipuzkoako komunikabideen historia bilduma lurraldearen antolaketarekin lotu eta haren ondoriotzat jo zen, eta hala, marko teoriko orokorra berritu eta finkatu ostean, Gipuzkoa, Gipuzkoako herri, gizarte, barne gatazka eta gainerakoak beste era batean islatu ziren liburuetan. Ordura arte, Gipuzkoako herriak lantzen zituzten liburuak errepikakorrak ziren, eta gizonezkoek idatziak. Absolutuak izan nahi izaten zuten, eta datuen jatorriari dagokionez, gizonezko horien burutik atereak ziruditen. Betiere, erdaraz.
90eko hamarralditik aurrera, hipotesi txiki eta apal bat nabarmendu nahi genuke. Batetik, Achón eta Marínen tesiak —propioak zein zuzendutakoak—, eta Elenak eta Josetxo Urrutikoetxeak aro historiko batetik bestera eramandakoak. Bestetik, Aranzadiren beraren indusketa berriak. Eta, azkenik, herrien historia modu erakargarri baina zientifikoan lantzen zituzten liburuak ugaldu izana. Ez dugu hemen zerrenda egingo, baina baten bat saiatuko da hipotesia uxatzen edo berresten.
Artikuluaren hasieran garbi azaldu dugu gure asmoa: Elena Barrena Osoro irakasle gisa azaltzea, irakasle horren dohainak ahal bezala eta betiere kontakizun pertsonaletik osatzea eta harekiko zor kitaketa publikoa esker onez aitortzea. Esan bezala, memoria ariketa sinple bat baino ez da; hau da, gure jardunean ahal dugun moduan txertatzen eta luzatzen saiatzen garen memoria eredugarria. Unibertsitatean bertan beste lan batzuk egiteko aukera izan genuen. Ondo egin genituen arren, arduradunak argi eta garbi azaldu zigun ez genuela jarraituko, besteak beste Elena Barrenaren sokakoak ginelako. Nik ere nahiago dut lanik ez egin soka horretakoa izatea gaizki hartzen duen koitaduekin.
David Zapirain Karrika
1IURA VASCONIAE: Revista de Derecho Histórico y Autonómico de Vasconia = Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikorako Aldizkaria. 18 (2021). Donostia: Iura Vasconia, 2021. Bertan: Euskal Herriko bideak gure aroan: ikerketa berrirako ideiak. 217 – 243.
2 BARRENA OSORO, Elena (zuz.). Gipuzkoako Komunikabideen Historia. Donostia: Aldundia, 1994 – 2011.
3Josetxo Urrutikoetxea izan zen bestea. Bidenabar, Barrena irakasleak Historia Modernoa ere irakatsi zigun eta berau kontakizun pertsonala izanik, hor izan nuen karrera osoko ez aprobatu bakarra. Hau diot ikuspuntu pertsonalaren objektibotasuna goratzeko edo.
4Alianza, 1989.
5La formación histórica de Guipúzcoa: transformaciones en la organización social de un territorio cantábrico durante la época altomedieval. Donostia, Universidad de Deusto, 1989.