Submitted by ereiten on

Image removed.“Aita Mari”. Zumaiarrei ez zaie arrotza egingo izen hau. Kale eta auzo batek izen hori daramate, baita herriko futbol zelaiak, zinema aretoak eta arraun elkarteak ere. Eta nork ez du ezagutzen Alondegiko eraikinaren ertz batean jarrita dagoen eta izen bera daraman gizonaren eskultura? Izen ezaguna izan arren, gogoratzen al dira Zumaiarrak zergatik duen herri honetan hain presentzia handia?

Jose Mari Zubia, “Aita Mari” ezizenez ezaguna, Zumaian jaiotako itsasgizona izan zen. Arrantzale familia bateko semea, 1809ko martxoaren 15ean etorri zen mundura. Jaioterria utzi eta hiriburura alde egin zuen bertako txalupa bateko patroi lanetan aritzeko. Baxurako arrantzan ere ibili zen urte batzuetan, Ameriketarako itsasbidea egiten zuten merkantzia-ontzietan lanean hasi baino lehen. Azken lan honi esker sosa batzuk bildu, Donostira bueltatu eta bere txalupa erosteko aukera izan zuen, bertako portuan arrantzale patroi moduan egonkortuz.

Itsasoa zainetan zeraman gizona, egoera arriskutsuan aurkitu ziren zenbait arrantzale sorosteagatik egin zen ezaguna. 1861ko uztailaren 13an piztu zen galernak San Juan txalupako marinelak arriskuan jarri zituen Zurriola parean. Jose Mari Zubiak 9 pertsonako talde bat osatzea lortu zuen eta arrantzale horiek salbatzera joan ziren bi aldiz pentsatu gabe. Balentria honekin hiru pertsonen bizia salbatzea lortu zuten. Hau da “Aita Mari”ren lorpen ezagunena, baina ez bakarra. Beti zuen prest bere txalupa, ezbeharren bat gertatzen bazen laguntzera joateko. Sorospen hauengatik Euskal arrantzaleen sinbolo bihurtu zen.

1866ko urtarrilaren 9an, ekaitz bortitz batek jo zuen gipuzkoako kostaldea eta Donostiako badian sartu nahirik zebiltzan Getariako bi ontzi, Elkano 1 eta Elkano 2, olatu bortitzen artean hil ala biziko borrokan ikusi ziren. Beti itsasoari adi, “Aita Mari”k bere txalupa hartu eta hauek sorostera irten zen. Arazoak zituztenak salbatzera joan eta bera arazotan… egun hartan Jose Mari Zubia ez zen portura itzuli, itsasoaren besoetan galdu zuen bizia Getariko bi ontzien tripulazioarekin batera.

Jose Mari Zubiaren ekintzek gipuzkoako kostaldean eragin handia izan zuten, batez ere bere sorterri eta bizitoki izan ziren Zumaia eta Donostian. Hiriburuan egin zitzaion lehen omenaldia, baina jaioterriak ere ez zuen ahaztu bere semea eta honen ausardia. Alondegiko eraikinaren ertz batean kokatu zuten honen omenezko bustoa eta 1956an eskultura hori lagunduko zuen plaka egitea erabaki zen. Gaur egun ere hor dago, Amaiako plazatik Erribera kalerako sarrera zainduz itsasora begira.

Oihana Artetxe