Submitted by iab on

Errota arinak, baso biziak, jauregi indartsuak, ur-jausi zaratatsuak… Herriko ondarea dira, natura, kultura, iragana, artearen eta ohituren eredu... Udalak babestu eta zaintzen ditu, bisitariak erakartzeko erabiltzen ditu.

Orain arte baina, ez dira talde horretan dokumentuak sartu. Udalak, bere eguneroko jardunean mendeetan zehar sortu dituen espediente eta dokumentuak. Gorde dira eta babestuak egon dira, baina lanerako tresna izaten jarraitzen dutenez ez zaie bestelako baliorik eman.

Urteak dira ordea, udal langileek egoera horretan hutsune bat somatzen dutela. Batetik praktikoa, edozeinek, izan ikerlari zein herritar, jakin beharko luke Baztango Udal Artxiboa hemen dagoela eta kontsultatu dezakeela.

Bestetik, erromantikoagoa, etorkizunera begira, zer utziko diegu herritar eta udal langileei? Eta hala da. Udalak sortu duen eta sortzen duen dokumentazioa legearen ikuspegitik ondarea da. Eta gainontzeko ondareari ematen zaion trataera bera eman behar zaio. Baztango artxiboan gordetzen diren azken bost mendeetako dokumentu guztiak herriko ondare dira, kultura, iragana, artearen eta ohituren eredu... Han gordetzen diren edukiek oraindik funtzio bat edo gehiago dute (informazioa, legezkoa, ikerketarako, administratiboa...).

Hausnarketa hau izan da hain zuzen azken urteotan udala egiten hasi den lanaren jatorria. Lan honi esker udalak sortutako espedienteak artxiboan gordeak dauzka, ordenatuak eta deskribatuak, aplikazio berri baten bidez aurkitzeko prest. Duela 500 urtetik honako dokumentuak 3000 kutxa baino gehiagotan bilduta. Aplikazio honetan daude deskribapen historikoak edonork kontsultatu ahal ditzan. Galdera bat egin eta emaitzak jasotzeko prest. Jatorrizko dokumentazioa noski Artxiboan bertan kontsultatu beharko du. Baina etxean zerrendatuko ditu ikusi nahi dituen espedienteak.

Ez hasi orain zuen izen abizenak, edo etxeen izenak bilatzen hasi. Deskribapen historikoak, 90garren hamarkadan egin ziren. Orduan azalekoak egin ohi ziren eta dokumentazioa motaren arabera bildu eta sailkatzen zen. Poliki poliki hauek sakondu eta osatuko ditugu. Gutxinaka, noski, aplikazio hau dokumentuen irudiekin ere elikatzen joan daiteke eta horien gaienko ikerketa errazagoa eta erosoagoa bihurtuko da.

Hemen duzue sarbidea.

Amagoia Piá

Baztan Artxiboak