Azken hamarkadatan berrerabiltzea eta birziklatzea gure ingurunearen leloetako bat bihurtu dira. Gure kulturan errotu dira eta oso gutxi dira inolako saiakerarik egiten ez dutenak. Edukiontziak gero eta kolore gehiagokoak dira eta herri guztiek dute garbigune bat mota guztietako hondakinak modu bereiztuan jasotzen dituenak.
Mendigorriak ere badu koloretako edukiontziez gain “birziklatzearen etxe” deitzen dieten horiek. Bertan ohiko edukiontzietan utzi ezin diren hondakin txikiak (margo- poteak, tresna elektriko eta elektroniko txikiak, telefono mugikorrak, DVD, pilak, aerosolak, etab.) birziklatzeko aukera dago.
Baina, jakin berri dugu hemen berrerabiltzea ez dela kontu hain berria. Udal artxiboko antolaketa lanei ekin diogunetik Mendigorria hobeto ezagutzeko aukera izan dugu. Bere agiriak irakurriaz, noski, baina baita bere kaleetan barrena murgilduta. Maldatan gora eta behera, eraikin zaharrak eta berriak nola uztartzen diren ikusi dugu. Eta eraikin zaharragoen paretatan harri “bitxiak” ikusi ditugu. Batzuek erliebean zizelkatutako gurutzeak dituzte, gehienak idatzirik gabe, batek data bat du: 1795. Beste bat, berriz, elizako atarian, eguzki erloju baten marra tipikoak dituena.
Artxiboan ere, agiri artean, ikusi ditugu berrerabiltze adibideak. Bereziki liburu zaharren tapak egiteko erabilitako pergaminoetan. Ikusi dugu liburu baten non tapa kalkuluak egiteko erabili duten. Biderketa batzuek daude bertan. Portzierto, hauetako bat gaizki egina dago. Baina eztakigu zertarako egin zen kalkulu hori eta beraz ezta ere akatsak eraginik izan ote zuen. Beste tapa bat berriz marrazketa koaderno bezala eta sinadurak praktikatzeko erabilia dago. Txoritxoak ditu margotuta.
Bai harriak eta baita tapa horietan jasotako edukiak ordea kontesturik gabe geratu dira. Jatorrizko funtziotik, kokapenetik edo helburutik urrunduta. Harriak pareta arrunt izatera behartuta. Zenbaki eta marrazkiak irudi kurioso bat besterik ez. Haiei buruzko hipotesiak bakarrik egin ditzakegu. Batzuek onak eta besteak kaskarragoak, baina inoiz ez dira ehuneko ehun zuzenak izango. Baieztatu dezakegun gauza bakarra da Mendigorriako herritarrek berrerabiltzen dutela. Aspaldi.
Amagoia Piá
Mendigorria Artxiboak